Sirats Santa Cruz: “Ebaluazio sistemak diseinatu, inplementatu eta analizatzeko marko bat eraiki dugu ikerketa honekin”
Sirats Santa Cruz: “Ebaluazio sistemak diseinatu, inplementatu eta analizatzeko marko bat eraiki dugu ikerketa honekin”
Sirats Santa Cruz: “Ebaluazio sistemak diseinatu, inplementatu eta analizatzeko marko bat eraiki dugu ikerketa honekin”
Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du Sirats Santa Cruzek martxoan Eskoriatzako campusean aurkeztutako "A programme level assessment system in the Faculty of Humanities and Education of Mondragon Unibertsitatea: A qualitative study of perceptions of student teachers, teacher educators, mentors, and coordinators" tesiak, nazioarteko aipamenarekin. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari buruz.
Pasa den martxoaren 3an, A programme level assessment system in the Faculty of Humanities and Education of Mondragon Unibertsitatea: A qualitative study of perceptions of student teachers, teacher educators, mentors, and coordinators tesia aurkeztu zuen Sirats Santa Cruz (Oñati, 1992) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Eskoriatzako campusean. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Sirats Santa Cruzi.
Zein da doktorego tesiaren gai nagusia?
Tesian konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak eskatzen duen ebaluazio sistemaz jardun dugu, goi-mailako hezkuntzan kokatutako ebaluazio sistemaz hain justu. Horretarako, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko hezkuntza graduetako ebaluazio sistema analizatu da, ebaluazio sistema horretan parte hartzen duten eragilen nagusienen pertzepzioak esploratuz. Ikerketa lan honek ahalbidetu digu, batetik, irakasleen hasierako prestakuntzako titulazio edo programa mailako ebaluazio sistemak diseinatu, inplementatu eta analizatzeko marko bat eraikitzea; eta bestetik, etorkizunean kontuan hartzeko hainbat proposamen egitea.
Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak eskatzen duen ebaluazio sistema hartu duzu hizpide zure ikerketan. Zergatik erabaki zenuen gaia ikertzea? Zein izan da abiapuntua?
Ebaluazio sistemen diseinua eta inplementazioa gai korapilatsua izan da goi-mailako hezkuntzan azken hamarkadetan. Ebaluazio batutzailearen (edo sumatiboaren), ebaluazio hezitzailearen, ebaluazio hezigarriaren... kontzeptualizazioa, diseinua eta inplementazioa eztabaidagai izan da literatura zientifikoan. Baina ez literaturan bakarrik, baita praktikan ere. Izan ere, hainbat ikerketek erakutsi dute konpetentzietan oinarritutako ebaluazio sistema Espainiako Bologna prozesuaren gauzapenean defizit handiena izan duen elementua izan dela. Eta, hein batean, nik neuk ere bizi izan dut hori. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza graduetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntza irakasle gisa aritzeko gaitzen duen masterreko irakasle gisa, zailtasunak nituen nire ikasleen konpetentzien garapena ebaluatzeko. Horrek guztiak eraman ninduen gai honetan ikertzera.
23 talde eztabaida eta 16 elkarrizketa egin dituzu tesirako, 45 ikaslerekin, 35 irakaslerekin, 6 tutorerekin eta 2 koordinatzailerekin. Nolakoa izan da haien inplikazioa?
Bikaina. Argi genuen ebaluazio sisteman parte hartzen duten eragile nagusienen pertzepzioak jaso nahi genituela, guztienak. Beraz, ikerketan parte hartzeko gonbidapena bidali genien eragile guztiei eta %85eko parte-hartzea baino handiagoa lortu genuen. Baina ez hori bakarrik, talde eztabaidetan eta elkarrizketetan parte hartu duten guztiek haien esperientzia, bizipen eta sentsazioak oso modu irekian eta eskuzabalean partekatu dituzte gurekin. Horiei guztiei esker egin dugu ikerketa lan hau eta, beraz, aprobetxatu nahiko nuke beste behin ere eskertzeko haien guztien parte-hartzea.
Ebaluazio sisteman parte hartzen duten eragile nagusienen pertzepzioak esploratu dituzu, eta pertzepzio horien arteko adostasun eta desadostasun eremu nagusiak identifikatu. Zer diote eragileek? Zein alde dago ikasleen, irakasleen, tutoreen eta koordinatzaileen arteko pertzepzioan?
Ez da erraza partaideek diotena hemen laburbiltzea, doktore tesiko dokumentuan 350 orrialdetik gora behar izan baititugu horiek xehetasunez aurkezteko. Azpimarratuko nukeena da eragile guztien pertzepzioek adostasuna erakutsi dutela ebaluazio sistema diseinatzearekin eta inplementatzearekin lotutako honako atributuetan: 1) suposizioak, 2) lerrokatzea, 3) antolaketa, 4) ulermen partekatua, 5) ebaluazio prozesua, 6) parte hartzea, 7) eragin faktoreak, 8) etorkizuneko proposamenak eta 9) sentsazioak. Hau da, ikasleen, irakasleen, tutoreen eta koordinatzaileen pertzepzioak bat etorri dira 9 atributu horiek direla kontuan hartzeko atributu gakoak ebaluazio sistema diseinatzeko eta inplementatzeko unean. Horrenbestez, emaitza horiek iradokitzen dute irakasleen hasierako prestakuntzako titulazio edo programa mailako ebaluazio sistemak atributu gako horiek aintzat hartuta diseinatu eta inplementatu behar direla.
Eragileen pertzepzioek desadostasunak erakutsi dituzte atributu horien baitan sakonago arakatuz gero. Adibide bat jartzeagatik, koordinatzaileek eta ikasle, irakasle eta tutore batzuk ebaluazio sistemaren zertarakoaren ulermena badutela pertzibitu dute, aldiz, beste ikasle, irakasle eta tutore batzuk ulermenik ez dutela. Harago, ulermena badutela pertzibitu dutenen artean, ulermen hori ez dela guztiz partekatua erakutsi dute emaitzek. Izan ere, ikasle, irakasle eta tutoreak bat datoz ebaluazio sistemak helburu batutzailea, hezitzailea eta aurreko biak dituela adierazterakoan, baina ikasleek eta koordinatzaileek ebaluatzen ikasteko helburua baduela ere pertzibitu dute (ez aldiz irakasle eta tutoreek).
Zeintzuk dira zure lanaren ondorio nagusiak? Zein esango zenuke dela ikerketa lan honek egiten duen ekarpena?
Ekarpen nagusiak hiru direla esango nuke. Batetik, irakasleen hasierako prestakuntzako titulazio edo programa mailako ebaluazio sistemak diseinatu, inplementatu eta analizatzeko marko bat eraiki eta eskaini da. Bestetik, egun goi-mailako hezkuntzan dagoen ebaluazioaren gaineko eztabaidari ekarpena egiten dio lan honek, sakontasun handiz kontzeptualizatu baita marko teorikoaren atal bakoitza. Azkenik, ekarpen berezia egiten dio ikerketa objektua izan den Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza graduetako ebaluazio sistemari, etorkizunean kontuan hartzeko hainbat proposamen egin baitira. Tartean, graduen curriculum mapa osatzea eta hori etengabe errebisatzea proposatu da, baita ebaluazio sistemaren ulermen partekatua eraikitzea eragile nagusienen artean ere (emaitzetatik ondorioztatu baita ulermen partekatu hori ez dela egun guztiz pertzibitzen). Gainera, irakasleen hasierako prestakuntzako graduen testuinguruan kokatuta, ikasleen agentzian eta ebaluazioaren alfabetatzean arreta berezia jartzea proposatu da, ikasle horiek izango baitira etorkizuneko irakasle eta ebaluatzaile.
Nolako esperientzia izan da tesia egitearen prozesua?
Hitz gutxitan, ikaskuntza handia izan dela esango nuke; ikaste prozesuek izan ditzaketen gora-beherekin. Ikasi dut ikerlari gisa, ikasi dut hezkuntzako profesional gisa eta ikasi dut pertsona gisa. Prozesua luzea izan da eta krisi momenturen bat bizitzea ere tokatu zait, doktore tesiarekin aurrera jarraitu edo bertan behera utzi erabaki behar izateko horietakoa. Ez naiz inondik ere damutzen aurrera jarraitzeko hartutako erabaki hartaz. Bidean ikasitako guztiarekin geratzen naiz, zalantzarik gabe.