Bigarren Euskal Pizkundeari buruzko hitzaldi irekia IdeiEnean azaroaren 19an
Bigarren Euskal Pizkundeari buruzko hitzaldi irekia IdeiEnean azaroaren 19an
Bigarren Euskal Pizkundeari buruzko hitzaldi irekia IdeiEnean azaroaren 19an
Bigarren Euskal Pizkundeari buruzko hitzaldia eskainiko du Antxoka Agirre Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak azaroaren 19an, 18:00etatik aurrera. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campusean izango da hitzaldia, IdeiEnean. Hitzaldia Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterrak antolatu du.

Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterrak antolatuta, ‘Bigarren Pizkundea; glaziazio garaiko su berritua’ hitzaldia eskainiko du Antxoka Agirrek Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campusean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Bigarren Euskal Pizkundea gure kulturgintzak Beranduko Modernitateak ezarritako erronkei emandako erantzuna izan zen. Frankismoak ekarritako glaziazio kulturalean neguko kanpamenduetatik ateratzeko ausardia eta Lehen Pizkundeak ezarritako iruditeria nahiz diskurtso antimodernoek ezarritako korapiloak askatzeko gaitasuna erakutsi behar izan zituen horretarako kulturgileen belaunaldi berri batek. Bere azkenetan zen kulturgintzari Gizarte Mugimendu Berrien taupada ekarri zioten”. Hitzaldian, “erronkak nahiz erantzunak xehatuko” dira, egungo errealitatera ekarri gaituen bidearen ezagutza sakonago bat lortu nahian.
‘Bertsolaritzaren Historia: Hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat’ tesia idatzi zuen Antxoka Agirre Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Bertsolaritzak prentsa historikoan, irratian, zineman, telebistan nahiz Interneten izandako presentziaren bilketa eta azterketatik abiatu, eta hori bertsolaritzaren eragiletzaren ekarpenarekin lotu zuen. Testuinguru historikoaren azterketa zabala ere egin zuen Agirrek, hori Europan kultura popularrak izandako bilakaeraren testuinguruan kokatuta. Hitzaldian, 1960ko hamarkadan hasitako Bigarren Euskal Pizkundean sakonduko du.
Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterra
Hitzaldia Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterrak antolatu du. Azken urteotan nabarmen hazi da euskal kulturaren dimentsioa hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren prozesu eta jardueren erdigunean kokatzeko beharra; prozesu horietan funtsezkoa da oinarri kulturala. Profesionalak prestatzea da horregatik masterraren helburua, hezkuntza arautuan edota hezkuntza araututik kanpo, tokian tokiko kultura eragiletzan edota udal eta erakunde publikoetan lan egin dezaten. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2007an abiatu zuen Euskal kulturgintzaren transmisioan Aditu Diploma, eta Aditu Diplomak irekitako bidea sakontzeko sortu zen ostean Euskal Kulturaren Eragiletzan Masterra.
