Rankinak

U-MULTIRANK RANKINGA

Europar Batasunak egindako U-Multirank deritzona mundu-mailako unibertsitate-ranking handiena eta xehatuena da gaur egun (www.umultirank.org). Unibertsitate-errendimendua nazioartean alderatzeko aparteko tresna da.

Azken edizioan, 2018koan, 95 herrialdetako goi-mailako hezkuntzako 1.600 erakunde baino gehiago aztertu ditu.

Rankingak ikuspegi osoa eskaintzen du unibertsitateen emaitzei buruz, bost atal aintzat hartuta: irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerkuntza, ezagutzaren eskualdaketa, nazioarteko orientazioa eta eskualdeko ingurunearekiko lotura.

Ezagutzaren eskualdaketari dagokionez, Mondragon Unibertsitateak lehen postuari eutsi dio Estatu mailan eta 4 postu aurreratu ditu Europa mailan, lehen edizioan zuen 37. postutik 33.era. Rankingak bikaintzat jo du MU zenbait alderditan, batez ere industria-bazkideekin dituen egilekidetzen arloan. Era berean, nabarmentzekoak dira ikerkuntzarako iturri pribatuetatik jasotzen dituen diru-sarrerak, industriarekin elkarlanean egindako patenteak, sortutako spin-offak eta profesionalentzako etengabeko prestakuntzarako diru-sarrerak.

Eskualde-garapenarekiko konpromisoari eta ekarpenari dagokionez, Estatuko 2. postuan eta Europako 12.ean dago Unibertsitatea. Alde horretatik, bikaintzat hartzen dira eskualde-mailako finantzaketa-iturrietatik datozen diru-sarrerak eta eskualdean lan egiten duten graduko ikasleen kopurua. Gainera, Euskadin langabezia-tasarik txikiena duen unibertsitatea da.

Ikerkuntzan ere nabarmentzen da Unibertsitatea, eta kalifikazio bikaina lortu du, ikerkuntzarako kanpo-finantzaketari dagokionez.

Irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren atalean, berriz, Unibertsitateak kalifikazio oso ona lortu du ia arlo guztietan, eta haren graduazio-tasa azpimarratzen da, bai graduko bai masterreko ikasketetan.

Azkenik, nazioarteko orientazioaren atalean, bikaintzat hartu da ikasleen mugikortasuna.

CYD RANKINGA

Conocimiento y Desarrollo Fundazioaren CyD rankinga Espainiako unibertsitateen sailkapen nagusia da. 2019ko edizioan, 73 unibertsitateren (Espainiako 81 unibertsitateen % 90en) 23 ezagutza-arlo eta 2.235 titulazio argitaratu ditu.

Dimentsio anitzeko rankinga da, 36 adierazle neurtzen baititu honako 5 atal hauek aintzat hartuta: irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerkuntza, ezagutzaren eskualdaketa, nazioarteko orientazioa eta eskualde-garapenerako ekarpena.

Bada, 2019ko edizioan, Mondragon Unibertsitatea Estatuko errendimendurik handieneko 6 unibertsitateen artean kokatu da, batez ere ezagutzaren eskualdaketaren eta eskualde-garapenerako ekarpenaren ataletan.

Horrez gain, 3. eta 5. postuak lortu ditu industria-ingeniaritzaren eta ingeniaritza mekanikoaren arloetan, hurrenez hurren.

U-RANKINGA

BBVAk eta Valentziako Ikerketa Ekonomikoen Institutuak (IVIEk) elkarlanean garatutako U-Rankingak (Espainiako Unibertsitate Sistemako Adierazle Sintetikoak) unibertsitateak aztertzen eta alderatzen ditu, irakaskuntzari, ikerkuntzari eta berrikuntza eta garapen teknologikoari lotutako jarduerak kontuan hartuta. Ondoren, erakundeen sailkapena eskaintzen du arlo bakoitzari zein unibertsitate-jarduera orokorrari begira.

Bada, 2019ko edizioan, U-Rankingak 62 unibertsitate eta 3.000 gradu ofizial aztertu ditu.

Zazpigarren edizioan, Mondragon Unibertsitateak 8. postua lortu du sailkapen orokorrean, eta azpimarratzekoa da irakaskuntza-errendimenduaren arloan 2. postua lortu izana. Berrikuntza eta garapen teknologikoaren arloan, berriz, 11. postuan geratu da, eta ikerkuntzan 15.ean.