Sarrera eta onarpena

Doktorego Programa

Berrikuntza eta esku-hartzea hezkuntzan Doktorego Programa

Iraupena

Jarduera osoan: 3 urte (urte bat luzatzeko aukera dago).

Jarduera partzialean: 5 urte (2 urtetan luzatzeko aukera dago).

Campusa

Eskoriatza

Plazak

14 plaza

Hizkuntzak

Gaztelera, Euskara, Ingelesa

Modalitatea

Zuzeneko hezkuntza

Doktoregorako izena ematea

1393/2007 Errege Dekretuko 19. artikuluaren eta 99/2011 Errege Dekretuko 6. artikuluaren arabera, doktoregorako izena eman ahal izango dute:

  1. Gradu-titulua edo baliokidea izanik, Unibertsitateko Masterraren agiri ofiziala dutenek.
  2. Ondoko egoeran daudenek:
    • Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala izatea, edota Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruko beste herrialderen batekoa, eta unibertsitate-titulu hori baliagarria izatea Masterrean izena emateko, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko 16. artikuluan jasotakoaren arabera. Horrez gain, ikasleak gaindituta izan beharko ditu, gutxienez, 300 ECTS kreditu unibertsitateko ikasketa ofizialetan, eta horietatik, 60k gutxienez Master mailakoak izan beharko dute.
    • Espainiako gradu-titulu ofiziala izatea, eta haren iraupena, gutxienez, 300 ECTS kreditukoa, Europar Batasuneko zuzenbideak ezartzen duenari jarraiki. Ikasleek ezinbestean egin beharko dituzte formaziorako ikastaro osagarriak, ez bada graduko ikasketetan jaso dutela ikerketa-metodologiekin lotutako prestakuntza, eta prestakuntza hori masterreko ikasketetan eskaintzen denaren baliokidea dela.
    • Atzerriko hezkuntza-sistemen araberako titulua izatea, homologaziorik behar ez den kasuetan. Halakoetan, unibertsitateak aurretik egiaztatu beharko du ikasketetan eskainitako prestakuntza eta unibertsitateko master espainiarra baliokideak direla, eta titulua eman duen herrialdean, titulu horrek aukera ematen duela doktoregoko ikasgaiak egiteko. Onarpen horrek ez du ekarriko, inondik ere, interesdunak aurretik duen titulua homologatzea, ezta hura balioestea, doktoregoko ikasketetarako salbu. Horrela eskuratutako doktore-tituluak balio osoa izango du Espainian.
    • Apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren araberako Ikasketa Aurreratuen Agiria duten lizentziadun, arkitekto edo ingeniariak, edota 185/1985 Errege Dekretuan araututako ikerketa-gaitasuna erakutsi duten lizentziadun, arkitekto edo ingeniariak.
    • Beste doktore-titulu espainiar bat izatea, aurretiazko unibertsitate-ordenamenduen arabera lortutakoa.

Hautagairen batek ez balitu beteko sartzeko baldintza orokorrak, dagokion unibertsitateko kudeaketa akademikorako sailak horrela jakinaraziko dio eta ez da abiaraziko onartze-prozesua.

Formaziorako osagarriak

Ikasleak ez balu aurretiko prestakuntzarik ikerketa-metodologietan (15 ECTS gutxienez), ondoko materiak eskainiko dira formaziorako osagarri gisa (bost kreditukoa bakoitza):

  • Ikerketa kualitatiboen metodologia.
  • Ikerketa kuantitatiboen metodologia.
  • Ikerketa-txosten eta proiektuen diseinua.
  • Informazio-konpetentziak.

Onarpena

Ikasleak ondoko dokumentuak aurkeztuko ditu idazkaritza akademikoan:

  • Aurretik egindako ikasketen espedientea, eta haiek egiaztatzen dituen dokumentazioa.
  • Curriculum vitaea.
  • Helburuen aitorpena. Bertan, ikasleak deskribatu egin beharko du zein den bere motibazioa eta zein helbururekin eskatzen duen doktorego-programan parte hartzea.
  • Ingelesaren edo hirugarren hizkuntza baten ezagutza.
  • Gomendio-gutun edo berme akademiko bat edo gehiago, halakorik izanez gero.

Eskaerak baloratzeko prozedura

Dokumentazio guztia jaso ondoren, Doktorego Programako Batzorde Akademikoak ebaluatu eta lehenetsi egingo ditu sarbide-eskaerak. Horretarako, aintzat hartuko ditu ondoren zehazten diren irizpideak, eta egoki baderitzo, aurrez aurreko elkarrizketa eska diezaioke eskatzaileari.

  • Kidetasun-maila, ikasketa-espedientea eta esperientzia profesionala.
  • Tesia doktorego programak eskaintzen dituen ikerlerroetako batean egiteko interesa.
  • Doktorego-aurreko laguntza izatea edo eskatu izana Mondragon Unibertsitatea edo UViceko konkurrentzia-deialdi publikoren batean.
  • Beste meritu batzuk: gomendatze edo berme akademikoak, hirugarren hizkuntzaren bat jakitea.
     

Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak

Unibertsitate biek dute zerbitzu bat elbarritasunen bat duten ikasleentzako aholkularitza-zerbitzua. Zerbitzu honek aholkularitza eskaintzen die elbarritasuna duten doktoregai guztiei eta arreta jartzen du gainontzeko ikasleen aukera berak izan ditzaten programa jarraitzeko. Ikasleei banakako arreta eskaintzen zaie, haien beharrak identifikatzeko eta banan-banakako plana eskaini ahal izateko. Plan horren bidez, erantzun egokia ematen zaie dauden baliabideak ezagutaraziz, inguruen egokitzapen pertsonalizatuak eginez, laguntza-produktuen mailegua kudeatuz, eta curriculumak egokituz, betiere doktorego-programako konpetentziak garatzea bermatuz eta arrazoizko egokitzapenen barruan.

Hezkuntza-behar bereziak dituzten doktoregaiek ezinbestean aurkeztu beharko dute txosten bat, aitortutako mediku-erakunde batek edo erakunde ofizial batek idatzita. Txosten horrek ikaslearen ezaugarriak deskribatu behako ditu. Elbarritasuna duten ikasleentzako aholkularitza-zerbitzuak aztertu egingo du doktoregaiaren egoera, eta emaitzaren arabera erabakiko du beharrezkoa den curriculuma, ibilbideak edo ordezko ikasketak egokitzea. Txosten hori Doktorego Programako Batzorde Akademikoari helaraziko zaio hark ebalua dezan.

Lanaldi murriztuan diharduten ikasleak

Berrikuntza eta esku-hartzea hezkuntzan izeneko doktorego-programak aukera eskaintzen die doktoregaiei lanaldi murriztuan jarduteko, baldin eta ondoren zehazten diren egoeraren batean daudela egiaztatzen badute:

  • Lanean aritzea eta frogatzea ikasturtean zehar lan-harremanen bat dutela. Lan-harremanaren egiaztagiri gisa hartuko dira lan-kontratua edo administrazio-izendapena.
  • Elbarritasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat izatea, ehuneko 33koa edo altuagoa.
  • Menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko ardura nagusia izatea; interesdunak horrela dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
  • 45 urte baino gehiago izatea.
  • Goi-mailako kirolaria eta errendimendu altukoa izatea; interesdunak horrela dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
  • Adin txikiko haurren ardura izatea; ; interesdunak horrela dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
  • Aukera hori jasotzen duten beste unibertsitate batzuekiko hitzarmenaren ezarpen-eremuan egotea.
  • Beste edozein egoera, ezinezko egiten duena doktoregaiak lanaldi osoz jardutea programan. Egoera horren frogak aurkeztu beharko dira eta Doktorego Programako Batzorde Akademikoak balioetsiko du.

Kasu guztietan, lanaldi murriztuan aritzea eskatzen duen doktoregaiak prestutasuna erakutsi beharko du tesi-proiektua egiteko denborari dagokionez, eta beste unibertsitate edo ikertegi batzuetan egonaldiak egiteari dagokionez.

Doktoregaiak modalitatea aldatu ahal izango du, baldin eta unibertsitate bietako baldintza akademikoak eta iraunkortasunari dagozkionak betetzen baditu.

Unibertsitatea baino gehiago gara