Nor garen

Historia

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak 1943an ekin zion irakaskuntzari. Jarduera horren sustatzailea On Jose Mª Arizmendiarrieta izan zen, Mondragon kooperatiba-esperientziaren sortzailea. Ordutik, Eskola etengabe hazi da, eta makina bat enpresa-esperientzia berritzaile sortzen lagundu du.

Eskolaren historiako une garrantzitsu bat ULGOR Kooperatiba Elkartearen sorrera dugu, kooperatiba-mugimenduko lehen industria-kooperatiba izan baitzen. ULGOR, gaur egungo FAGOR, 1956an sortu zuten bost ingeniari teknikok.

Ildo horretan, ALECOP industria-kooperatibaren sorrera ere nabarmendu behar da. 1966an hasi zen ekinean, ikasleei ikasketak eta lana bateratzeko aukera eskaintzeko nahiak eraginda. FAGOReko bazkide da, hain zuzen.

Beste alderdi batzuei dagokienez, 1972an bultzada handia eman zitzaion nazioartean zabaltzeko asmoari, Eskolak lehen harremanak finkatu baitzituen atzerriko unibertsitateekin. Horretaz gain, 1986tik, partaidetza aktiboa izan du nazioarteko Heziketa eta Ikerketa eta Garapen Proiektu ugaritan.

1974an, IKERLAN Ikerketa Zentroa sortu zuten. Gaur egun, 200 ikertzaile inguru ditu, eta Espainiako puntako teknologia-zentroetako bat da.

1983an, Gizabidea Irakaskuntza Pribatuko Fundazioa eratu zen. On Jose Mª Arizmendiarrietaren proiektua bera hil ondoren gauzatu zen, azkenik. Eskolaren eraikinak Fundazio berriari atxikita geratu ziren.

Eskolaren partaidetza aktiboari esker, gizarte- eta enpresa-ekimenak erruz abiarazi dira azken hiru hamarkadetan: besteak beste, DIARA enpresa, industria-diseinuaren arloko aitzindaria (1985ean) eta hainbat ikastetxe.

1995ean, Goi Eskola Politeknikoari ER353/ 1/95 ISO kalitate-agiria eman zioten. Agiri hori lortu zuen Espainiako lehen unibertsitatea, eta Europako lehenengoetakoa, izan zen.

1996an, CEI-SAIOLAN enpresa eratu zen, sektore aurreratuetan enpresa berriak irekitzen laguntzeko. Dena den, 1984tik horretan zebiltzan jadanik, eta emaitza onak ari ziren lortzen.

Azkenik, 1997an, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Mondragon Unibertsitatea eratu zuen, Debagoieneko beste bi unibertsitaterekin batera: Oñatiko ETEO Koop. E.rekin eta Eskoriatzako Irakasle Eskola Koop. E.rekin batera, hain zuzen. Gaur egun, aipatutako bi unibertsitateak ENPRESAGINTZA eta HUHEZI dira, hurrenez hurren.

2003-2004 ikasturtean, zilarrezko Q saria eman zioten, EUSKALITen kanpo-ebaluazioan 400 puntu baino gehiago lortzeagatik.

2008an, ingeniaritza-ikasketak Europako Goi Mailako Hezkuntza eremura egokitu zituen EAEko lehen unibertsitatea izan zen.

2010eko ekainean, MGEPk ebaluazio positiboa jaso zuen unibertsitate-prestakuntzaren Barne Kalitatea Bermatzeko Sistemen garapenerako eta diseinurako AUDIT programaren eskutik.

2010eko irailean, MGEPk Elektronikan eta Txertatutako Sistemetan Ikerkuntza eta Berrikuntza Teknologikoko Zentroa inauguratu zuen, Garaia Berrikuntza Gunean. Zentroak elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen arloko ikerkuntza eta prestakuntza barne hartzen ditu.

GOI ESKOLA POLITEKNIKOAREN OSAERA

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren (GEP-MU) titular juridikoa Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MGEP) da. MGEP kooperatiba mistoa da, eta hiru motako bazkideak ditu (guztien kopuruak berberak dira):

• Lan-bazkideak.

• Bazkide erabiltzaileak (ikasleak).

• Bazkide kolaboratzaileak (enpresak eta Administrazioa).

Batzar Nagusian (erabakiak hartzen dituen organo gorenean) eta Kontseilu Errektorean (jardueraildoak finkatzen dituen organoan), hiru bazkide multzoek ordezkaritza bera dute. Egitura horri esker, ikasleek eta enpresek zentroaren kudeaketan zuzenean har dezakete parte.

GEP-MUren eginkizun nagusia industria-ingurunearen araberako lanbide-profilak prestatzea dela kontuan hartuta, izaera juridikoa (kooperatiba mistoa) funtsezkoa izan da, etengabe eraldatzeko eta kanpo-eskarietara egokitzeko. Izan ere, kooperatiba mistoa denez, enpresa-mundua eta, gure kasuan, kooperatibena uztartzen ditu.

Horri guztiari beste balio erantsi bat gehitzen zaio: ALECOPen ereduaren bidez, lana eta ikasketak bateratzeko aukera erreala dute gure ikasleek. Horrela, adibidez, karrera-amaierako proiektuak enpresetan zuzenean egin edo ikerketa-proiektuak GEP-MUn gauza ditzakete.

Era berean, GEP-MUko irakasleen maila soziolaborala industria-kooperatibetako profesionalen parekoa dela azpimarratu behar da. Hau da, lan-egutegia, ordutegia, ordainsariak eta sustapen pertsonala industria-kooperatibetakoekin bat datoz.

Bestalde, GEP-MUren estiloa eta konpromisoa bere zentroetan islatzen dira, horiek ere hezkuntzaberrikuntzaren eragileak ditugu eta. Aipa ditzagun batzuk:

Ingeniaritza

GEP-MUko ingeniarien trebakuntzaren eta arrakasta profesionalaren oinarriak honako hauek dira: ikasketen zorroztasuna eta maila, enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzen duen bitariko sistema, karrera-amaierako proiektua, internazionalizazioa, eta talde-lana ezaugarri duen kooperatiba-izaera.

Institutu Politeknikoa

Behar besteko oinarri teorikoa dutela, ikasleak bertako tailerretan trebatzen dira, ikasketa praktikoak eginez. Makinaria eta tresna modernoak erabiltzen dituzte, industria-inguruneko puntako enpresetakoen parekoak. Horrela, lan-munduan zuzenean sartzeko aukera izaten dute.

I+TG

GEP-MUko ikerketa-jarduna enpresekin sinatutako kontratuen bidez gauzatu da funtsean. Dena den, azken urteotan, ikerkuntza generikoa izugarri garatu da, eta etorkizunean ere indartzen jarraituko du.

Gure ikerkuntza-ereduak zientzia-bikaintasun maila du helburu, baina betiere gure enpresen epe ertain eta luzerako beharrekin bat eginaz. Enpresekin batera elkarlanerako eredua lantzen dugu, eta konfiantzaren eta helburu bateratuen bidez baliabideen eraginkortasuna areagotzen dugu.

Ildo horretan, teknologiaren transferentzia eta berrikuntza Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren ezaugarri bereizgarriak dira gaur egun ere.

Etengabeko prestakuntza

GEP-MUk ia hasieratik heldu zion alderdi horri, eta, gaur egun, graduondoko programetan, batik bat, berebiziko garrantzia du.

Internazionalizazioa

Mondragon Unibertsitatearen iritziz, nazioarteko loturak ikasketen eta ikerketaren kalitatea handitzeaz gain, ikasleen aukerak gehitzen eta aberasten ditu.

MUk Europako honako programa hauetan parte hartzen du: batetik, mugikortasun-programetan (Socrates/Erasmus, Lengua, Comenius); bestetik, atzerriko unibertsitateetan ikasketak egitea onartzen duten programetan (European Credit Transfer System, ECTS); eta, azkenik, enpresetan praktikak egiteko programetan (Leonardo) eta Ekialdeko (Tempos) eta Latinoamerikako (Alfa) herrialdeekiko lankidetza-programetan. Era berean, Europako Batasunak abian jarritako ikerketa-programetan parte hartzen du.