Aurea Iñurritegui Marroquin ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen

Atzealdea

Aurea Iñurritegui Marroquin ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen

TESIA

Aurea Iñurritegui Marroquin ikasleak BIKAIN CUM LAUDE kalifikazioa lortu zuen

2023·02·21

$titulo.getData()


Tesiaren izenburua: "Crowned spherical gear couplings working at high misalignment applications: Geometry generation, loaded tooth contact analysis and experimental validation"

Epaimahaia:

  • Presidentzia: José Ignacio Pedrero Moya (UNED)
  • Bokala: Francesca Maria Cura (Politecnico di Torino)
  • Bokala: Víctor Roda Casanova (Universitat Jaume I)
  • Bokala: Marcos Louredo Casado (JAURE – Regal Beloit Spain S.A.)
  • Idazkaria: Miren Larrañaga Serna (Mondragon Unibertsitatea)

Laburpena:

Abonbamendu handiko horzdun akoplamenduak desalineazio angeluar handiko ardatz birakorren artean potentzia transmititzeko erabiltzen diren elementu mekanikoak dira. Beraien ezaugarri geometriko nagusia abonbamendua mekanizatzerakoan hortzen oinean agertzen den interferentzia da. Hau gertatzeko aukera handitu egiten da hortz kopuru txikiko akoplamenduak zuzenean ardatzean mekanizatzen direnean. Bibliografian dauden modelo gehienak oineko interferentziak sortzea saihesten dute. Gainera, modelo aurreratuenen artean desadostasunak daude, sortutako hortzaren geometria desberdina baita erabilitako eredu analitikoaren arabera. Izan ere, desberdintasun horiek eragina dute hortzen arteko karga banaketan edota kontaktu baldintzetan.

Bestalde, desalineazio angeluar handiek kontaktuan dauden hortz kopurua nabarmen murrizten dute, oineko tentsioak handituz eta ondorioz hortz oinaren haustura eraginez. Literatura 1° azpiko desalineazio angeluarretan zentratzen da gehienbat, ondorioz, beste mota bateko akatsak ikertzen ditu, hala nola, gainazal nekea. Alabaina, ez dago desalineazio angelu handiagoetara dimentsionatzeko metodorik. Beraz, baldintza horietan lan egiten duten egungo elementuak gaindimentsionatuta egon daitezke, edo are kritikoagoa dena, noizbehinka azpidimentsionatuta.

Tesi honetan, aurrez aipatutako baldintzetan lan egiteko behar diren hortzen geometria generatzeko modelo analitiko bat garatu da. Eredu honek, fresa amaren gainazal helikoidal osoa eta beronen ibilbidea hartzen ditu kontuan. Horrez gain, modeloa gai da akoplamenduan ager daitezkeen hortzen oineko interferentziak zehaztasunez sortzeko.

Horrez gain, abonbamendu handiko horzdun akoplamenduek era egokian lan egin dezaten gehieneko desalineazio angeluar onargarria eztabaidatzen da, parametro geometrikoek eta fabrikazio prozesuak duten eragina aztertuz. Honek aurretiko diseinu fasean, ikuspegi orokorra eskaintzen du. Bide batez, diseinatzailearentzat erreminta baliagarria da akoplamenduarentzat parametro egokiak hautatzen laguntzen diolako arazo geometrikoak saihesteko.

Azkenik, kargapeko kontaktuaren analisia egin da elementu finituen modelo bat garatuz. Honek, aplikatutako momentuaren eta desalineazio angeluarraren arabera karga banaketa eta hortzaren oineko tentsioak nola aldatzen diren ezagutzea ahalbidetzen du. Gainera, emaitzak esperimentalki egiaztatu dira desalineazio angeluar handietan lan egiten duen abonbamendu handiko horzdun akoplamendu batekin.

Geometria sortzeko modeloaren emaitzek, literaturako ereduekin sortutako hortzen gainazal abonbatuen arteko desbiderapenak esanguratsuak direla erakusten dute. Gainera, desbiderapen hauek oineko interferentziaren hasieran eta kontaktu baldintzetan eragina dutela frogatu da. Era berean, generatutako geometria neurtutakoarekin bat datorrela egiaztatu da eta agerian geratzen da bibliografian dauden desalineazio angeluar maximoa kalkulatzeko modeloak ez direla aplikagarriak abonbamendu handiko akoplamenduentzat.

Bestalde, kargapeko kontaktuaren analisitik abiatuta, desalineazio angelu baxuetan eta altuetan portaera mekaniko desberdinak ikusi dira; izan ere, pibotatze-posizioan dauden hortzek kontaktua galtzen dute desalineazio angelua handitzean. Honek hortzaren oineko tentsioen ziklo mota aldatzea dakar, ziklo sinusoidal batetik ziklo pultsatzaile batera igaroz, eta nekearekiko portaera aldatuz.

Laburbilduz, tesi honek sakon ikertzen ditu gaur egun indarrean dauden araudiak desalineazio angeluar handietan (3°tik gora) lan egiten duten abonbamendu handiko horzdun akoplamenduetan erabiltzean agertzen diren desberdintasunak; bai geometrian baita portaera mekanikoan ere, horretarako garatutako modelo analitiko eta numerikoen bitartez.