Hidrogenoaren Teknologien Unibertsitate arteko Masterreko I. promozioko 57 ikasle graduatu dira

Atzealdea

Hidrogenoaren Teknologien Unibertsitate arteko Masterreko I. promozioko 57 ikasle graduatu dira

DIPLOMA BANAKETA

Hidrogenoaren Teknologien Unibertsitate arteko Masterreko I. promozioko 57 ikasle graduatu dira

Masterraren amaierako proiektuan, enpresa baten benetako erronka bati erantzutea aukeratu dute ikaslerik gehienek. Besteak beste, proiektu hauek aurkeztu dira: kamioietan erabiltzeko erregai-pila baten diseinua, e-fueleko instalazio berri baten diseinua, hidrogenoa soilik behar duten errekuntza-motorrak, etxean erabiltzeko H2-a biltegiratu eta garraiatzeko sistema bat eta erreaktore nuklearra erabiliz hidrogenoa sortzeko proiektu bat

2023·07·17

$titulo.getData()


Iaz Hidrogenoaren Teknologien Unibertsitate arteko Masterraren I. promozioan ikasi zuten 57 lagunek diploma jaso dute. Entregatze-ekitaldia aldi berean egin da programa eskaintzen den egoitzetan (Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan). Bilbon, hain zuzen, 32 ikaslek jaso dute diploma Bilbao AS Fabrik campusean Mondragon Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkarien eskutik. Iaz, 75 lagunek egin zuten masterra eta horietako 57k amaitu dute oraingoz; gainerakoek geroago bukatuko dute.

Master hau egin duten profesionalek ezagutza berritzaileak eta abangoardistak eskuratu dituzte hidrogenoaren eta berorri lotutako teknologien arloan. Arreta berezia jarri da sorkuntzan, garraioan, biltegiratzean eta eraldaketan, baita energiaren merkatuan ere. Gai-sorta zabal horrek hainbat espezialitatetako ingeniariak erakarri ditu programara (kimikoak, energiaren arlokoak, materialenak, ingurumen-arlokoak, zibilak, industrialak, mekanikoak, telekomunikaziokoak, elektronikoak…), eta hidrogenoaren esparruan aukera profesional berriak lortzeko aukera eman die; hau da, beharrezkoa den energia-trantsizioan estrategikoa den esparru berrian.

Ikasle bakoitzak enpresa batek planteatutako erronka bati erantzunez gauzatu du master-amaierako proiektua. Proiektu horietan jorratu diren gaien ugaritasunak agerian jartzen du berrikuntza eta ikerketa beharrezkoak direla energiaren arloan funtsezkoa den esparru hori egia bihurtzeko. Diplomadunek aurkeztutako proiektuen artean, honako hauek dira, adibidez, nabarmentzekoak: kamioietan erabiltzeko erregai-pila baten diseinua, pirolisi bidez H2-a sortzeko proiektua, e-fueleko instalazio berri baten diseinua, hidrogenoa soilik behar duten errekuntza-motorrak, etxean erabiltzeko H2-a biltegiratu eta garraiatzeko sistema, erreaktore nuklearra erabiliz hidrogenoa sortzeko proiektua, industrian H2-a biltegiratzeko sistema, ibilgailu elektrikoentzako kargagune-sare bat diseinatzeko proiektua, portuak H2-aren balio-katerako eraldatzeko proiektua eta hidrogeno fotoelektrokatalitikoa sortzeko lana.

III. edizioa, urrian

Masterraren hirugarren edizioa urriaren 20an hasiko da, eta onlineko informazio-saio bat antolatu da irailaren 6rako, 18:30etik 19:30era. Informazio-saioa.

Hidrogenoaren Teknologien Unibertsitate arteko Masterra lau lekutan emango da berriro: Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan. 75 plaza eskainiko ditu, honela banatuta: 30 Bilbon, 15 Bartzelonan, 15 Tarragonan eta 15 Zaragozan.

Honako hauei zuzenduta dago programa: hidrogenoaren eta haren aplikazioetan trebatu nahi duten profesionalei, hain zuzen ere beren produktu edo zerbitzuetan hidrogenoaren teknologiak ezartzen ari diren edo ezartzeko asmoa duten enpresetako proiektu-arduradun eta teknikariei; industriaren edo teknologiaren sektoreko profesionalei, bektore berri honen potentziala garatzeko interesatuta daudenei; eta, azkenik, energia-sektoreko enpresa hornitzaileei, beren teknikariak etorkizuneko jasangarritasunaren erronka berrietarako prestatu nahi dituztenei.

Estatuko 5 unibertsitate dira masterra sustatzearen eta koordinatzearen arduradunak: Mondragon Unibertsitatea, masterra zuzentzen duen unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Universitat Politècnica de Catalunya; Universitat Rovira i Virgili, eta Zaragozako Unibertsitatea. Horrez gain, 6 prestakuntza- eta ikerkuntza-zentro hauek aritu dira elkarlanean: Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratua, Tarragonako Institut Comte de Rius, Bartzelonako Institut Escola del Treball, Piramide Lanbide Heziketako Zentro Publiko Integratua, Industria Antolamenduko Eskola eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa. Gainera, Repsol-Petronor enpresaren laguntza ere izan du masterrak.

Aurrekaririk gabeko lankidetza da, industriako, unibertsitateko eta lanbide-heziketako erreferentziako erakundeen artekoa, eta helburu hau du: unibertsitatean trebatutako ingeniaritza-profilak eta lanbide-heziketatik datozenak orekatzea, hidrogenoaren teknologiek industriaren arloan garapen azkarra izan dezaten.

Helburua

Prestakuntza-programa honek beharrezko trebetasunak eskainiko dizkie ikasleei, hidrogenoaren teknologiak eta horiek industrian duten aplikazioak garatu, kudeatu eta bideratzeko gai izan daitezen. Izan ere, espezialitate hori bat dator deskarbonizazioa helburu duten europar estrategiekin. Horretarako, industriako jarduneko profesional bikainez eta 12 erakunde sustatzaileetako unibertsitateko eta teknologia- eta ikerketa-zentroetako adituez osatutako irakasle-taldea izango du, berriz ere, programak.

Alderdi praktikoa da prestakuntza honen ardatz nagusietakoa: ikasleek praktikak egingo dituzte, lantzean behin, simulazio-paketeen bidez; bisita teknikoak egingo dituzte enpresetara, eta aurrez aurreko nahitaezko praktikak egingo dituzte laborategian, aztertutako kontzeptu eta tresnekin esperimentuak egiteko. Trebakuntza bukatzeko, ikasleek master-amaierako lan bat egin beharko dute, benetako erronka bat oinarri hartuta. Enpresen inguruneetan hidrogenoaren teknologien arloan aurrera egiten laguntzea izango da lanaren helburua.

Masterrari buruzko informazio-saioa: informazio-saioa.

 

Ikusi argazki bilduma