Gorka Ortiz de Zarate ikertzaileak Komunikazio Zientifiko-Tekniko Onenaren saria jaso du Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren 23. Kongresuan
Gorka Ortiz de Zarate ikertzaileak Komunikazio Zientifiko-Tekniko Onenaren saria jaso du Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren 23. Kongresuan
Gorka Ortiz de Zarate ikertzaileak Komunikazio Zientifiko-Tekniko Onenaren saria jaso du Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren 23. Kongresuan
Makina-erremintaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak antolatutako kongresuak 550 pertsona baino gehiago bildu zituen Donostian
Gorka Ortiz de Zarate ikertzailea Mondragon Unibertsitateko Eskola Politenikoko Errendimendu Handiko Mekanizazioko ikerketa taldeko kidea da, eta kongresuan Gemelo digital del proceso de brochado para la fabricación de componentes críticos de aeronáutica y automoción izeneko lana aurkeztu zuen.
Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren XXIII. Kongresuan aurkeztutako lan guztien artean, Ortiz de Zaratek egindakoak komunitate zientifiko-teknikoak aurkeztutako komunikazio onenaren saria jaso zuen.
Gorkak aurkeztutako emaitzak, Aitor Madariaga eta Pedro Jose Arrazola ikertzaileekin lankidetzan garatutakoak, Mondragon Unibertsitateko Errendimendu Handiko Mekanizazio taldeak ITP Aerorekin eta Ekinekin batera gauzatutako hainbat proiektuk emandakoak izan dira. Bi enpresek lankidetza estua eta iraunkorra dute unibertsitatearekin, batez ere fabrikazio aurreratuaren arloan, non urtero ikerketako edo transferentziako proiektuetan laguntzen duten.
Eusko Jaurlaritzak kongresuan aurkeztutako emaitzekin lotuta dauden proiektu horietako batzuk babestu ditu. Hauek dira:
- NG22 proiektua, Elkartek deialdia (KK-2022/00001)
- EKOPROP proiektua, Elkartek deialdia (KK-2022/00074)
- OPERA proiektua, Hazitek deialdia (ZL-2023/00550)
Gai estrategikoa
Lan honetan aplikazio informatiko bat garatu da ebaketa indarrak, erremintak noizean behin jasan behar dituen karga mekanikoak eta brotxatze prozesuak sortutako gainazal kalitatea aurreikusteko. Brotxatzea funtsezko mekanizazio prozesuetako bat da oso eskakizun zorrotzeko sektoreetako osagaien fabrikazioan, hala nola automobilgintzako osagaiena (direkzio kremailera, gurpil kuboak, trukagailuak, diferentzialak, etab.), aeronautikakoena (turbina diskoen Fir Tree, konpresorearen dovetaila, etab.) edo energia sektorekoena (erreaktore nuklearretako bero trukagailuak, etab.). Beraz, funtsezkoa da osagaiaren gainazaleko kalitatea aurreikustea ahalbidetuko duten biki digitalak garatzea, osagaiaren bizitza erabilgarria ziurtatzeko, eta horixe da Errendimendu Handiko Mekanizazioko ikerketa taldearen ildo estrategikoetako bat.