Mondragon Unibertsitateak Afrikan ekiteko abian jarri duen programa batean hartuko dute parte hainbat euskal ekintzailek

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak Afrikan ekiteko abian jarri duen programa batean hartuko dute parte hainbat euskal ekintzailek

Afrikan Ekintzailetasuna

Mondragon Unibertsitateak Afrikan ekiteko abian jarri duen programa batean hartuko dute parte hainbat euskal ekintzailek

Euskadi Afrikako iraultza ekonomiko eta berritzailean kokatu nahi du Mondragon Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak lagundurik

2018·10·02

$titulo.getData()


Teknologia digitala erabiliz Afrikan, Kenyan zehazki, gizarte-ekintzailetza sustatzeko aukerak aztertuko dituen programa bat jarri du abian Mondragon Unibertsitateak. Africa Basque Challenge izeneko programa berritzaile hori MONDRAGON TEAM ACADEMYren —Enpresagintza Fakultatearen nazioarteko ekintzailetza-unitatearen— bidez sustatzen du Unibertsitateak. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundia ere laguntzaile du, Nazioartekotze Departamentuaren bidez. Kenyako landa-komunitateen garapena sustatu eta desberdintasunak murriztuko dituzten ekimen sozioenpresarialak bultzatzea da asmoa. 

Programak, lehenik, premia hau du abiapuntu: Afrikan landa-eremuen eta hirien artean dauden desberdintasunak murriztea; eta, bigarrenik, aukera hau: Afrika lurralde oso erakargarria da ikuspegi enpresarial eta sozialetik; izan ere, ekiteko eta askotariko proiektu berriak abian jartzeko aukera handiak eskaintzen dituen kontinentea da eta garapen-behar ugari ditu arlo askotan. Premia eta aukera horiek uztartuta MONDRAGON TEAM ACADEMYk abian jarri duen programa soziala irauteko bokazioarekin sortu da, eta, lehen edizioan, «Mind the gap» izena izango du. Programa horren bidez herrialdearen hazkundea eta aberastasuna indartu nahi ditu Unibertsitateak, herrialdeari hazten lagunduko dioten ekimen sozialak aztertuz eta bultzatuz eta gizarte-oinarriko garapen ekonomikoa sendotuz.

Kenya eta Afrika, berrikuntza teknologiko, sozial eta ekonomikoaren iturri

Erronka sozioekonomiko eta politiko handiak ez ezik, sekulako aukerak ere eskaintzen ditu Afrikak. Munduko potentzia nagusiek —hala nola Txinak eta AEBk— ikaragarrizko kanpo-inbertsioa egiten dute bertan. Hala, 2017an % 106 handitu zen Txinak Afrikan egindako kanpo-inbertsio zuzena. Atzerriko enpresek azpiegituretan eta eraikuntzan egindako apustuaren ondoren, munduan berrikuntzako liderrak diren enpresa teknologikoena etorri da.

Munduko liderren presentzia ere ohikoa da bertan, eskualdearen aldeko apustu estrategikoaren erakusgarri. Han izan dira, adibidez, Jack Ma (ALIBABA enpresaren sortzailea eta lehendakaria eta Nazio Batuetako [UNCTA] aholkularia, ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta gazteriaren alorretan) eta Marck Zuchenberg (Facebooken sortzailea eta zuzendari nagusia). 

Bi enpresa horiek Kenya aukeratu dute Afrikako aukerak garatzeko eskualde estrategiko gisa. Izan ere, eskualdeak honako hauek eskaintzen ditu: 1) Berrikuntza disruptibo ekonomiko, teknologiko eta soziala; 2) Talentua erakartzeko aukera, batez ere afrikar gazte programatzaile eta garatzaileen potentziala; eta 3) oinarri teknologikodun startupen haztegia.

Kontinentearen errealitate hori ulertu eta beste modu batera begiratu behar da Afrikara, beraz, bertako garapen sozioekonomikoarekin konpromisoa hartuta eta, aldi berean, berrikuntza eta startupak sortzeko hango haztegia aprobetxatuta. 

Euskal-afrikar iraultza ekonomiko eta berritzaile horren erdigunean Euskadi kokatu nahi du Mondragon Unibertsitateak, MONDRAGON TEAM ACADEMY sarearen bidez eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagundurik.

«Mind the gap»

Programan parte hartzeko, euskal eta kenyar gazteen 10 talde misto sortuko dira, Kenyako 20 gazterekin eta Euskadiko beste 20 gazterekin. Taldeak elkarren artean lehiatuko dira, proposamenik onena zeinek diseinatzen duen. Irabazleari 15.000 euro emango zaizkio, eta taldeak diru hori inbertituko du proiektua gauzatzeko, MONDRAGON TEAM ACADEMYko coach batek lagunduta.

Programaren lehen zatia azaroan izango da, Kenyan, eta 10 egun iraungo du. Tarte horretan, parte-hartzaileek eskolak eta hitzaldiak jaso eta bisitak egingo dituzte arlo digitaleko eta nekazaritza-industriaren arloko enpresetara. Bigarren zatia Bilbon gauzatuko da, urtarrileko aste batean. Fase horretan, parte-hartzaileek finantzaketari eta negozio-planei buruzko prestakuntza jasoko dute, ekintzailetza-proposamena burutzeko xedez. Proposamena azken ekitaldi batean aurkeztuko dute taldeek, eta epai-mahaiak orduan aukeratuko du proiektu irabazlea. Parte-hartzaile guztiek onlineko ekintzailetzari buruzko ikastaroak jasoko dituzte urte batean.

Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da, eta informazio guztia webgune honetan aurki daiteke: www.africabasque.org. África Basque Challenge programaren lehen edizio honetan parte hartuko duten taldeak aldez aurretik aukeratzeko, interesatuek mezu elektroniko bat bidali behar dute proposals@africabasque.org helbide elektronikora. Bertan, gutun edo bideo bat erantsiko dute —taldeari buruz eta beraien motibazioari buruzko informazioa emateko— baita curriculumak (ingelesez idatzita) eta proposamena ere. 

Euskal-afrikar lankidetzarako programa hau abian jarrita, Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko ekintzailetza-sareak lehen urratsak emango ditu kontinentean, eta ateak irekita utziko ditu Afrikan lankidetza gehiago egiteko (Afrika eta Ozeania dira sareak presentziarik ez duen kontinente bakarrak).

MONDRAGON TEAM ACADEMY

MONDRAGON TEAM ACADEMY Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean sortutako ekintzailetza-sarea da. Ekintzailetzan trebatzea eta hori bultzatzea helburu duen nazioarteko ekintzailetza-sareak 3 kontinentetan du presentzia, eta mundu osoko 1.300 ekintzaile ditu kide, sortu zenetik 10 urte igaro ondoren. Mondragon Team Academy abian jarri zenetik, hainbat jatorritako gazteak prestatu ditu ekintzailetzaren arloan, graduko —LEINN— eta graduondoko —MINN, TEAMINN eta beste batzuk— prestakuntza-programen bidez, talde-lanean eta balio kooperatiboetan oinarritutako ekintzailetza bultzatzeko helburuz.
Denbora horretan, Europara, Asiara eta Amerikara hedatu da MONDRAGON TEAM ACADEMY. Izan ere, sareak laborategiak ditu gaur egun Irunen, Bilbon, Oñatin, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Querétaron (Mexikon), Seulen (Korean), Punen (Indian) eta Shanghain (Txinan).