Kooperatiben arteko lankidetza pandemia garaian

Atzealdea

Kooperatiben arteko lankidetza pandemia garaian

JARDUNALDIA

Kooperatiben arteko lankidetza pandemia garaian

Goi Eskola Politeknikoak Masterreko ikasleei zuzendutako jardunaldi bat antolatu zuen non hainbat kooperatibek pandemia-garaian izandako arrakasta-kasuak azaldu zituzten.

2021·02·19

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak egoitza anitzeko jardunaldi bat antolatu zuen otsailaren 18an. Jardunaldi horretan, MONDRAGON Korporazioko hainbat kooperatibatako kideek beren jarduna eta erronka estrategikoak azaldu zituzten COVID-19ren pandemiak baldintzatutako merkatu batean. Jardunaldia unibertsitate masterretako ikasleentzat izan zen, eta, segurtasun-neurriak zirela-eta, egoitza anitzeko formatuan antolatu zen Iturripe, Garaia eta Orona-Ideo instalazioetan, gainera, guztiak ere modu telematikoan konektatu ziren elkarren artean. Enpresako hizlari bakoitza ikasgela batean egon zen fisikoki, master bateko ikasle eta irakasle taldearekin batera.

  • Tomas Martin, Orbea ordezkatuz, Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasgelan egon zen.
  • Bexen Cardio-ko Oxel Etxeberria Teknologia Biomedikoko Masterreko ikasleeikin.
  • MONDRAGON Korporazio-ko lehendakaria den Iñigo Ucín eta Laboral Kutxako Nuria Agirre Robotika eta Energia masterretako ikasleekin egon ziren.
  • Mondragon Assembly-ko Zuriñe Arakistain eta Eroskiko Javier Amezaga Datuen Analisia eta Zibersegurtasuna Masterreko ikasleekin izan ziren.
  • Bexen Medical-eko Susana Otegi Berrikuntzako Masterreko ikasleekin bildu zen Hernaniko Orona-Ideo campusean.

Ikasgela guztiak elkarren artean telematikoki konektatuta egon ziren eta jardunaldia Nekane Errastik bideratu zuen, Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile akademikoak hain zuzen.

Indarrak batuz

Iñigo Ucinek, MONDRAGON Korporazioko presidenteak, krisia gori-goria izan denean agenteen artean sinergiak bilatzeko gai izatearen garrantzia azpimarratu zuen. Horretarako, lehenik eta behin pertsonak defendatzeko apustu irmoa hartu zuen Korporazioak, eta hau bermatu ondoren, kooperatibek gizarteari balioa emateko duten gaitasuna azpimarratu zuen. Horretarako, ezinbestekoa izan da kooperatibek eta kooperatibistek berrasmatzeko eta errealitate berrira egokitzeko erakutsi duten gaitasuna.

Ildo horretan, Nuria Agirrek, Laboral Kutxako Kudeaketa Sozialeko zuzendariak, bezeroaren jarrera-aldaketak eta horretara egokitzeko egindako lana azpimarratu zituen: "Jendeak ez zuen dirurik ateratzen kutxazainetatik, ez zituen establezimenduetako datafonoak ukitu nahi, contactless gailuen erabilera handitu egin zen, bezero digitalaren parametroak betetzen zituen bezeroaren ehunekoa biderkatu egin zen,% 50eraino iritsiz". Agirreren esanetan, digitalizazioarekin lotutako erronka horietako asko erakundeko plan estrategikoan ezarrita zituzten eta pandemiak bizkortu egin ditu.

Aktibitatea handitzea

Oxel Etxeberria Bexen Cardioko zuzendari kudeatzaileak Mondragoneko kooperatibek osatzen duten enpresa-sarearen garrantzia aldarrikatu zuen. Izan ere, haren arabera, unibertsitatearen eta beste enpresa batzuen hurbiltasuna eta laguntzeko prestotasuna izateak 2020ko ekitaldian jardutea erraztu zuen. Horri esker, eta Euskadiko elektromedikuntzako fabrikatzaile bakarra izanik, Bexen Cardiok bere jarduera handitu ahal izan zuen behar sozialei erantzuteko.

Ildo beretik jo zuen Tomas Martin Orbean garapen ingeniariak. Martinen arabera, pandemia garaian Orbearen jarduera ekonomikoa asko handitu da, bai negozio volumen aldetik baita langileen kontratazio ikuspuntutik ere. Hala ere, kooperatiba zuhurtziaz jokatzen ari da, "Pandemian bizikleta hobby edo garraiobide gisa hartu zuten pertsona guztiek etorkizunean ere hala egiten jarraitzea espero dugu. Hazkunde jasangarriaren alde apustu egiten jarraituko dugu.”

Erantzukizun soziala

Merkataritza ekintzaz haratago, MONDRAGON kooperatibako zenbait enpresa gizarteko eragile garrantzitsu bihurtu ziren pandemiaren garairik gordinenean. Hori da Eroskiren kasua. Javier Amezaga markaren zuzendari kudeatzailearen arabera, pandemia garaian Eroskik izan zuen arrakastaren funtsa pertsonetan oinarritutako begirada izatean oinarritu zen "Langileen konpromisoa ikusgarria izan da, beldurrarri aurre eginez joaten ziren egunero-egunero lanera gizarteari funtsezko zerbitzua ematera". Gainera, tokiko ekoizleekin elkarlanean aritzeko irtenbide eta alternatiba berriak bilatzen jarraitu dute, izan ere, goizetik gauera bertako ekoizleek ez zuten produktu freskoak saltzeko modurik eta Eroski laguntzeko prest agertu zen.

Gizartearekiko konpromisoarekin bat eginez, Mondragon Assemblyk ere izugarrizko abiaduran maskarak ekoizteko 18 makina fabrikatu zituen, 12 asteetan guztiak martxan zeuden. Zuriñe Arakistainek, Mondragon Assemblyko Nazioarteko Harremanetarako arduradunak, kooperatibako langileek unean uneko presioari aurre egiteko duten gaitasuna azpimarratu zuen, eta berak dioenez, erronka handia bazen ere, une oro koziente ziren erronka horri aurre egiteko irtenbidea lortzea beharrezkoa zutela eta konprometituta zeudela irtenbidea lortzearekin.

Azkenik, Susana Otegik, Bexen Medicaleko Marketin arduradunak, kooperatibak osasun-materialaren fabrikazioan egin duen 42 urteko ibilbide luzea azpimarratu nahi izan zuen. Pandemia garaian Bexen Medicalek maskarak egiteko erabili behar izan zuen ezagutza ibilbide luze horren emaitza izan baita. Era berean, duela urte batzuk eraikitako instalazio batzuetako txertoak biltegiratzeko egokitasuna zela eta, txertoak kudeatzeko hautagai egoki ere bihurtu dira eta hortan jarraitzen dute gizartearen onurarako zerbitzuan laguntzan. Pandemiak aukera bat eman zien, eta Bexen Medicalek erabakiak azkar eta ondo hartu behar izan zituen, gero ikusi denez, egokiak izan diren erabakiak hain zuzen ere.

Azken batean, Goi Eskola Politeknikoko masterreko ikasleek aukera izan zuten pandemia-garaian enpresen erronkei irtenbidea bilatzeko hainbat modu eta modelo, baino beti ere, kooperazioan eta konpromezuan oinarritutakoak, horiek baitira MONDRAGONeko kooperatiben ardatz nagusia. Eta lorpenen balorazioa eginez, esan liteke euren posizioa eutsi eta indartu egin dutela.