Laborategia hurbiletik

Atzealdea

Laborategia hurbiletik

BISITA

Laborategia hurbiletik

Industria elektronikako graduko 2. Mailako ikasleek Arrasateko campuseko 10 eraikinean dauden hiru laborategi bisitatu zituzten

2021·03·17

$titulo.getData()


Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren laborategietan egiten den ikerketa eta transferentzia jarduera inguruko enpresek dituzten erronka teknologikoen erakusleiho bat da. Horregatik, Arrasateko 10 eraikineko instalazioak bisitatuz ezagutu daitezke Industria Elektronikako Gradua egiten ari diren ikasleek etorkizunean izan ditzaketen irteera profesionalak. Bigarren mailako ikasleek egun bat hartu eta beren espezialitatearekin lotura zuzena duten hiru laborategi bisitatu zituzten: konformazioko laborategia, tentsio ertainekoa eta elektromugikortasunekoa.

  • Konformazioko laborategian, ikasleek Lay2Form (konpositeak) prozesurako lerroa ikusi ahal izan zuten. Bi kuka robotek, serbo kontrola duen Bechoff transfer batek eta Fagor Arrasateren serbo prentsa mekaniko batek osatzen dute lerroa. Gainera, unibertsitateko ikasleak praktikak egin bitartean injektore batean egiten ari diren retrofitinga azaldu zen. Laborategira egindako bisitan, halaber, makinaren armairu eta muntaketa elektrikoak erakutsi ziren. Ikasgelan, Automatizazio Industriala irakasgaiaren barruan jada ikusitako kontzeptuek duten aplikazioaren adibide praktiko bat izan zen.
  • Tentsio ertaineko laborategian, unibertsitateko ikertzaileak Siemens Gamesa enpresarekin (sorkuntza eolikoaren sektoreko enpresa liderra) elkarlanean aritzen dira, etorkizunean parke eolikoetan instalatuko diren ekipoen saiakuntzak eta egiaztapen probak egiten. Energia berriztagarriak industria elektronikako tituludunen irteera naturala dira; beraz, ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute zein diren errotetan muntatzen diren ekipoak, bai eta sektore eolikoak aurrean dituen erronka teknologikoak ere.
  • Azkenik, elektromugikortasuneko laborategiko ikertzaileek egun lantzen ari diren ikerketa proiektuak azaldu zituzten, eta bereziki aipatu zuten euskal enpresa batekin garatzen ari diren ikerketa proiektua, zeinarekin minimizatu nahi diren motor elektrikoetako bibrazioak ibilgailu elektrikoen erosotasuna hobetzeko. Bigarren mailako ikasleek makina elektrikoen ikasgaia landu zuten ikasturteko lehen seihilekoan, eta, beraz, enpresaren benetako proiektu hori ezagutzeak arlo horretan espezializatzeko beharraren ebidentzia gisa balio izan du.

Etorkizunari begirako bisita

Unibertsitateko laborategietan egiten den ikerketa jarduerak industriaren beharrak ikusarazten digu, Elektronikako Graduko ikasleei ondoren lan munduan sartzea egokitzen zaien uneari begira. Gaur egun, bai automatizazio adimenduna, bai energia berriztagarriak eta mugikortasun elektrikoa sektore estrategikoak dira, eta espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategiaren barruan identifikatuta daude. Estrategia hori euskal erakundeek, enpresa klusterrek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako euskal sareak sustatzen dute.

Gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko, Goi Eskola Politeknikoko laborategiek azken belaunaldiko ekipamendu teknologikoa dute, eta, beraz, oso ohikoa da punta-puntako enpresak bertara joatea ikerketa proiektuak edo testak egitera edo aplikazio berriak abian jartzera. Gainera, nabarmendu behar da Goi Eskola Politeknikoko irakasle gehienek enpresentzako ikerketa edo transferentzia proiektuetan parte hartzen dutela, eta horrek aukera ematen duela beren ezagutzak etengabe eguneratzeko eta ikasleei merkatuan sartzen diren soluziorik berritzaileenak transferitzeko.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa enpresa mundutik gertu dagoen erakunde gisa finkatzen da, talentu berriaren prestakuntzara bideratuta, enpresen beharrak kontuan hartuta, epe laburrean bertan hasiko baitira lanean.