Kooperatibismoa

Kooperatibismo arloa

Izaera kooperatiboa da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak duen oinarri-oinarrizko ezaugarrietako bat. Batetik, Eskoriatzako Irakasle Eskola (egungo fakultatearen jatorria) jaio eta lau urtera, 1980an bihurtu zelako hezkuntza erakunde kooperatiboa. Eta, bestetik, kooperatibismoaren gaineko hausnarketa eta beraren balioen hedapena delako fakultatearen lan ildo nagusietako bat. 

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak duen kooperatibismoarekin duen konpromisoa aspaldikoa da. Izan ere, 2001. urtean propio sortu genuen ikertegi bat eremu honetan jarduteko: LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia. Hiru helbururekin sortu zen: batetik, Arrasateko esperientzia kooperatiboa eta, oro har, mugimendu kooperatibista aztertzeko; bestetik, ekonomia sozial eta solidarioa sustatzeko; eta, hirugarrenik, gizarte-berrikuntza eta autoeraketa bultzatzeko. Zertarako? gizarte justu eta hobeagoa egiten laguntzeko. 

Kooperatibek enpresa logikak eta giza balioak uztartzen dituzte, alde horretatik, sinetsita gaude  kooperatibismoa ekonomian jarduteko eta gizartea antolatzeko tresna baliagarria dela. Horregatik, LANKI ikertegian ari gara, gaur egungo erronketatik abiatuta, kooperatibismoaren berezko ezaugarriak berritzen eta sendotzen XXI. mendeko kooperatibismoa eraikitze aldera. Hori guztia elkarlanean eta esperientziak partekatuz.

Bi betebehar nagusi ditugu LANKIn: lehena, unibertsitateko ezagutza eta kooperatiben praktika uztartzea; eta, bigarrena, bertako zein kanpoko errealitate kooperatiboan eragitea. Honako baliabideak ditugu horretarako: hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza, eta zabalkundea. Denak ala denak asmo nagusiago bat gauzatzeko: kooperatibismoa biziberritu eta urte hauetan guztietan kooperatibismoari buruz metatu dugun ezagutza eta esperientzia konpartitzea espazio ezberdinetan. 

Kooperatibismoaren gaineko prestakuntzan, inoizko eskarmentua dugu: 12.000 kooperatibista baino gehiagok hartu dute parte gure formazio, lan saio edo neurrira egindako ikastaroetan. Horrez gain, eskaintza unibertsitarioa ere badugu: masterrak, aditu tituluak eta profesionalei zuzendutako zenbait ikastaro.

Kooperatibismoaren ikerkuntza eta aholkularitzan du  LANKI ikertegiak bigarren indargunea. Erabat estua da gure harremana gizarte, enpresa, erakunde publiko eta mugimendu kooperatiboko eragileekin. Izan ere, ikertu eta era berean jakintza hori transferitzea da taldearen xedeetariko bat. Hala, urte hauetan guztietan LANKI ikertegitik dozenaka proiektu, ikerketa eta aholkularitza lan gidatu ditugu.

Baina horrez gain, kooperatibismoak behar du zabalkundea, hau da, jendartera iristea. Lan horretan ere gogor dihardugu: aldizkariak, liburuak, artikuluak, ikus-entzunezkoak… era askotako ekoizpenak kaleratzen ditugu paperean zein euskarri digitalean. Horiek guztiek helburua argia dute: jauzi bat egitea esparru akademikotik gizartera.

Egun, hamar irakasle-ikertzaile baino gehiago gabiltza lanean LANKI Ikertegian. 

ESKORIATZAKO  CAMPUSA

Informazio gehiago

DOKTOREGO PROGRAMA

Informazio gehiago

IKERKETA ETA TRANSFERENTZIA

Informazio gehiago

 

LANKI
KOOPERATIBISMOAREN IKERTEGIA

Informazio gehiago

MASTERRA  KOOPERATIBISMOAN

Informazio gehiago

PROFESIONALENTZAKO  PRESTAKUNTZA

Informazio gehiago