Berriak
Hegazkingintzaren jasangarritasun estrategiari buruzko hitzaldia
Hegazkingintzaren jasangarritasun estrategiari buruzko hitzaldia
ITP Aero enpresako Teknologien Garapenen arduradunak hitzaldi bat eskaini zieten Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleei
Maiatzaren amaieran, Mondragon Unibertsitateko Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek ITP Aero enpresako Jaime Fernandez hartu dute ikasgelan, ITPko Teknologia Garapenen arduraduna. Egoitza Bizkaian duen enpresa honek presentzia handia du nazioarteko merkatuan, izan ere, gaur egun martxan dabiltzen 5.000 hegazkinek ITPn egindako motorrak dituzte.
Hitzaldia enpresaren aurkezpenarekin hasi zen eta berehala sartu ziren gai nagusiarekin: ikasleei azaltzea zer aurrerapen egiten ari den aeronautikaren sektorea ingurumenean duen eragina murrizteko. Alde batetik, hegazkin-turbinen eraginkortasun termikoa hobetzeko berrikuntzak azaldu ziren. Bestetik, zero karbono helburua lortzeko garapenak aurkeztu ziren, propultsio hibridoa, elektrikoa, hidrogenoaren erabilera eta erregai sintetikoak bezalako irtenbideen bitartez.
Hitzaldia masterreko Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoa ikasgaian landutako eduki teknikoekin lerrokatuta dago eta ikasleei ikasgelan landutako eduki teorikoak enpresek praktikan nola jartzen dituzten erakusteko aukera eman du.
Ibilbide luzeko lankidetza
ITPk harreman estua du Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoarekin duela 15 urtetik, eta lankidetza mota desberdinetan gauzatzen da: ikerketa proiektuak materialen mekanizazioaren edo konformazioaren arloan, doktore tesiak, ingeniaritzako ikasleentzak programa dualerako aukerak…
Industria Ingeniaritzako Masterra
Industria-teknologiaren arloan prestakuntza aurreratua eta espezializatua emateko diseinatua. Estatuan gehien aitortutako lanbideetako bat da eta enplegagarritasun handia du.
Arrasate eta Galarretako campusetan (Orona Ideo) ematen da eta ibilbide duala eskaintzen du, non lehen ikasturtean ikasleek ikasketak praktika ordainduekin uztartu ditzaketen eta bigarren urtean, master amaierako proiektua enpresan ere egin dezaketen (ordaindua hau ere).