Mondragon Unibertsitateko Diseinu Industrialeko Ingenieritza graduko ikasleak podiumera igo dira bilgarri-diseinuaren arloko ikasleentzako munduko sarietan

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko Diseinu Industrialeko Ingenieritza graduko ikasleak podiumera igo dira bilgarri-diseinuaren arloko ikasleentzako munduko sarietan

SARIA

Mondragon Unibertsitateko Diseinu Industrialeko Ingenieritza graduko ikasleak podiumera igo dira bilgarri-diseinuaren arloko ikasleentzako munduko sarietan

Jone Pérez, Garazi Otxandorena eta Mario Marco ikasleek bigarren saria lortu dute WorldStar Student Awards sarietan, Apisol enpresarentzat eztia dosifikatzeko egindako bilgarriaren diseinu berritzaileagatik

2021·02·02

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko ikasleek landutako proiketuak Worldstar Student Awards sarietan podiumera igotzea lortu du, zehazki, zilarrezko domina eskuratu. Lehiaketa hau, ikasleei zuzendutako bilgarri-diseinuaren arloko mundu mailako sari ospetsuetakoa da. World Packaging Organization (WPO) erakundeak urtero antolatutako lehiaketa da, eta Mondragon Unibertsitateko Industria Ingeniaritza eta Produktu Garapena Graduko hiru ikaslek lortu dute bigarren saria: Jone Pérez Morenok, Garazi Otxandorena Ieregik eta Mario Marco Nafriak, «Honey Extruder» izeneko proiektuagatik. Eztia dosifikatzeko bilgarria da, guztiz berritzailea, funtzionala eta % 100 ekologikoa.

Proiektuak produktu sortzaile, berritzaile eta jasangarri batekin erantzun dio Apisol elikadura-enpresak proposatutako erronkari. Zehazki, ezti-dosifikatzaile berrerabilgarria oinarri duen proiektu hori erlauntzetan dago inspiratuta.

Bigarren saria eskuratu duen bilgarria oso moldakorra da, gainera, metatzeko, desmuntatzeko eta garbitzea zein mantentzea errazteko aukera ematen baitu. Diseinuak tanta-kontrako barne-sistema bat du, dosifikazio-ziklo bakoitzean aktibatzen dena. Era berean, ateratzen den ezti-kantitate zehatza kalkulatzea ahalbidetzen du, erruleta bat erabiliz. Erruleta horrek hots bat egiten du buelta osoa ematen duenean, hau da, ezti-koilarakada bat ateratzen denean.

Protagonistak

Hiru ikasleek joan den ikasturtean garatu zuten proiektua, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Industria Ingeniaritza eta Produktu Garapena Graduko 3. maila egiten ari zirenean. Jone Pérezek adierazi duenez, ikasgelan hasi ziren lanean, «baina berehala iritsi zen konfinamendua, eta proiektuaren zati handi bat etxean garatu behar izan genuen». Hala ere, argi izan zuten hasieratik Apisol enpresak egindako eskakizun guztiak bete nahi zituztela, eta «ez genuen ezer itxi nahi dosifikatzailearen funtzio guztiak adostu eta zehaztu arte», azaldu du ikasleak.

Behin proiektua amaituta, Valentziako Edukiontzien Berrikuntzako Klusterrak antolatutako Edukiontzien Diseinu Jasangarriko Nazioarteko Lehiaketan aurkeztu ziren, eta finalistak izan ziren. Horri esker, Liderpack sarietara aurkeztu ziren, eta horretan ere irabazle suertatu ziren. Pérezek azpimarratu duenez, «azken sari horri esker, WorldStar Student Awards munduko sarietarako sailkatu ginen, eta bigarrenak izan gara».

Garazi Otxandorenak honako hau gogoratu du: «Konfinamenduaren hasieran egin genuen lana, eta ez ziren lanerako baldintzarik onenak; horregatik, eman diguten sari bakoitza espero ez genuen sorpresa bat izan da guretzat». Eta Mario Marcok erantsi duenez, «lehen maila gainditzea besterik ez genuen espero, baina, oharkabean, munduko finalera iritsi gara».

Hirurak bat datoz, eta esan dute pandemiaren ondorioz bizitasun txikiagoz bizi izan dutela saria; izan ere, ezin izan dute gozatu dena presentziala izan balitz bezala, COVID-19aren aurreko agertoki batean bezala. Hala ere, «oso pozik eta harro gaude», dio Pérezek. Hiru ikasleek azpimarratu dutenez, «zorion-mezu asko jaso ditugu, baita irakasleengandik ere, haientzat guztiz pozgarria baita beren ikasleek horrelako sariak eskuratzea».

Jakin badakite sari honek bide profesionalen bat ireki diezaiekeela. Halere, «ezin gara erlaxatu, diseinuaren mundua etengabeko eboluzioan baitago. Lanean jarraitu behar dugu maila horri eusteko», ohartarazi dute.

Zorionak irabazleei eta baita beraien irakasleei ere!

Beste proiektu batzuk

Bilgarri-diseinuaren arloko munduko lehiaketarik garrantzitsuena da WorldStar Student Awards, eta urrezko saria Turkiako ikasle batek eskuratu du, «Ojo» azazkal-esmaltearen flaskoagatik. Hirugarren saria ere turkiar ikasle batek irabazi du, koloretako arkatz-estutxe berritzaile batengatik.

Estatuko beste bost proiektuk «Worldstar Ikasleen Aintzatespen Ziurtagiria» eskuratu dute, aurkeztutako proiektuek lortutako puntuazio onagatik. Honako hauek dira proiektuok: «Apipack», Alcoiko (Alacant) Arte eta Diseinuko Goi Eskolako Helena Maestrerena; «Bettabox», Madrilgo Diseinuko Goi Eskolako Marina del Pino eta Salomé Quesadarena; «Eco-Hybrid Box», Zaragozako Unibertsitateko Irene Deler, Ana Bitrián, Daniel Martínez eta Javier Redondorena; «Layer_bx», Madrilgo Diseinuko Goi Eskolako Eva Milánena; eta, azkenik, «Muna», Zaragozako Unibertsitateko Mónica Castillo, Pilar Artigas, Ignacio Blas eta Rocío Cusórena.

Epaimahaiak «meritu-ziurtagiria» eman die Turkiako, Alemaniako, Txinako, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako beste 10 bilgarriri.

WorldStar Student Awards sariei buruz

WorldStar Student Awards lehiaketan parte hartu ahal izateko, World Packaging Organisation (WPO) erakundeak onartutako lehiaketa nazionalak irabazi behar dituzte ikasleen proiektuek. Espainiaren kasuan, Graphispack elkarteak antolatutako Lidepack Sariak (Gazte Diseinuaren kategoria) eta Bartzelonako Firako Hispack dira. 2019az geroztik, Lidepack sarietan ikasleei zuzendutako atalean parte hartzeko bide bakarra Bilgarri eta Enbalajearen Berrikuntza Klusterrak antolatutako Bilgarri eta Enbalajearen Diseinu eta Jasangarritasun Sari Nazionalak dira.

Klusterreko zuzendari Jesús Pérezen hitzetan, mundu-mailako aintzatespen horrek «errepikatu egiten du aurreko edizioan espainiar diseinuak lortutako arrakasta, eta berretsi egiten du herrialdeko eta sektoreko packaging-diseinuaren posizio garrantzitsua, munduko onenetako bat». Ildo horretan, gehitu duenez, «Espainian urtero-urtero antolatzen ditugun sarietara unibertsitateek eta zentroek aurkeztutako maila handiaren emaitza da hori: gazteek gehiago izateko espiritua dute, eta espiritu hori guztiz beharrezkoa da, batez ere koronabirusaren pandemia nagusi den garai honetan».

Ildo beretik, Graphispack elkarteko idazkari nagusiak, Ignasi Cusík, hauxe azpimarratu du: «egungo inguruabarrak gorabehera, ikasleen partaidetza bikaina eta aurkeztutako proposamen guztien maila handia azpimarratu nahi ditut».

COVID-19aren ondorioz bidaietan dauden murrizketak direla eta, WorldStar Student Awards sariak banatzeko ekitaldia modu birtualean egingo da 2021ean.