Izen-ematea ireki da ‘Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak’ ikastaroaren hirugarren ediziorako

Atzealdea

Izen-ematea ireki da ‘Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak’ ikastaroaren hirugarren ediziorako

Kooperatibismoa

Izen-ematea ireki da ‘Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak’ ikastaroaren hirugarren ediziorako

Atzerriko interesatuei zuzendutako ‘Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak’ ikastaroak 75 orduko iraupena du, online eskainiko da, eta parte-hartzaileek aukera izango dute astebeteko egonaldia egiteko Euskal Herrian.

2025·10·01

$titulo.getData()


Ireki du izena emateko epea LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak zuzentzen duen Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak ikastaroak. Aurreko bi edizioak bezala, ikastaro hau bereziki nazioarteko hartzaileei zuzenduta dago. Online ematen da ikastaroa eta bi hizkuntzatan eskaintzen da, gaztelaniaz eta ingelesez. Online ikastaroa 2026ko otsailaren 3an hasiko da eta martxoaren 10ean bukatu; baina, aurrekoetan bezala, 75 orduko formazio horrez gain, parte-hartzaileek aukera izango dute Euskal Herrian egonaldia egiteko eta bertatik bertara ezagutzeko Mondragon Esperientzia Kooperatiboa. Hizkuntzaren arabera, 2026ko martxoaren 23tik 27ra arte, aldi bereko bi talde antolatzeko aukera dago, bata ingelesez eta bestea gaztelaniaz.

 

Ikastaro honen bitartez, parte-hartzaileek munduko kooperatiba-ekosistemarik puntakoenetako bat ezagutuko dute: Mondragon Esperientzia Kooperatiboa. Proiektu sozioenpresarial honek 70.000 pertsona baino gehiago biltzen ditu 81 kooperatibaren, unibertsitate baten eta I+Gko 12 guneren bueltan.

 

Ikastaroa Mondragon Esperientzia Kooperatiboan interesa duten nazioarteko ikasleei zuzenduta dago, hainbat arlotako irakasleei, ikertzaileei eta kooperatibistei. Oro har, programa hau kooperatibismoaren ikerketan interesa duten guztiei eta gizarte-ekonomiaren eremuko langileei zuzenduta dago; batez ere Euskal Herritik kanpoko ikasleei zuzenduta, eta horregatik eskaintzen da online, gaztelaniaz eta ingelesez.

 

Ikastaroak bi beka izango ditu, Mondragon Unibertsitatea partaide duen Ekonomia Sozial eta Solidarioaren UNESCO Katedraren esparruan finantzatuak.

 

Programa

Ikastaroak bi bloke ditu: 75 orduko online ikastaroa eta astebeteko egonaldia Arrasaten. Online ikastaroan Mondragoneko Esperientzia ulertzeko kontzeptu gakoak landuko dira, besteak beste, kooperatiba kontzeptua, Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren bilakaera historikoa edo interkooperazioa.

 

Bestetik, egonaldiaren helburua da Mondragon taldeko kooperatibak bertatik bertara ezagutzea eta proiektu sozioenpresarial honen ezagutzan sakontzea. Egonaldia aukerakoa izango da, eta parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa izango da aldez aurretik online ikastaroa eginda izatea.

 

Informazioa

Eunate Escandon

eescandon@mondragon.edu 

+34 615 745 341

 

 


Unibertsitatea baino gehiago gara