Kooperatibismoa eta Mondragon esperientzia bertatik bertara ezagutzeko interesa dutenentzat ikastaroa eskainiko du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak
Kooperatibismoa eta Mondragon esperientzia bertatik bertara ezagutzeko interesa dutenentzat ikastaroa eskainiko du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak
Kooperatibismoa eta Mondragon esperientzia bertatik bertara ezagutzeko interesa dutenentzat ikastaroa eskainiko du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak
‘Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak’ ikastaroak 75 ordu iraungo du, online eskainiko da, eta parte-hartzaileek aukera izango dute astebeteko egonaldia egiteko Euskal Herrian.
Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak zuzentzen duen Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren Gakoak ikastaroa online formatuan eskainiko da, eta gaztelania eta ingelesez izango da, nazioarteko ikasleei zuzenduta. Ikastaroa hasiko da otsailaren 19an eta martxoaren 22an bukatuko da.
Ikastaroan ezagutuko duzu munduko kooperatiba-ekosistemarik puntakoenetako bat: Mondragon Kooperatiba Esperientzia. 70.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen proiektu sozioenpresarialak biltzen ditu 81 kooperatiba inguru, unibertsitate bat eta I+Gko 12 gune.
LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak eskaintzen duen ikastaroa zuzenduta dago Mondragon Esperientzia Kooperatiboan interesa duten nazioarteko ikasleei, hainbat arlotako irakasleei, ikertzaileei eta kooperatibistei. Oro har, programa hau zuzenduta dago kooperatibismoaren ikerketan interesa duten guztiei eta gizarte-ekonomiaren eremuko langileei. Batez ere Euskal Herritik kanpoko ikasleei dago zuzenduta, eta horregatik eskaintzen da online, gaztelaniaz eta ingelesez.
Programa
Ikastaroak izango ditu bloke bi: 75 orduko online ikastaroa eta astebeteko egonaldia Arrasaten.
Lehenengo atalean gai hauek landuko dira: enpresa kooperatiboaren kontzeptuaren sarrera, Mondragon Korporazioaren esperientzia kooperatiboaren sustraiak, bilakaera historikoa eta gakoak, interkooperazioa, enpresa kooperatiboa gizartea eraldatzeko tresna gisa, eta eredu kooperatiboaren etorkizuneko erronkak.
Bigarren ataleko egonaldiaren helburua da Mondragon kooperatibak bertatik bertara ezagutzea eta proiektu sozioenpresarial honen ezagutzan sakontzea. Egonaldia aukerakoa izango da, eta parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa izango da aldez aurretik online ikastaroa eginda izatea.
Finantziazio iturriak
Ikastaro honek bost beka izango ditu, Mondragon Unibertsitatea partaide duen Ekonomia Sozial eta Solidarioaren UNESCO Katedraren esparruan finantzatuak. Bekak eskatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da UNESCO katedren sareko erakunderen bateko kide izatea.
Bekak finantzatuko du online ikastaroko matrikularen kostua, eta, hala badagokio, Mondragoneko egonaldiaren kostu akademikoa (bekak ez ditu barne hartzen joan-etorriak, ostatua eta mantenua).
Hautagaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
- Ikastaroa egiteko motibazio-gutuna.
- UNESCO katedraren bateko kide izatearen ebidentzia.
Bekak eskatu nahi dituztenek 2024ko otsailaren 7a baino lehen bidali beharko dute dokumentazioa helbide honetara: administrazioa.huhezi@mondragon.edu
Informazioa
Julene Gorrotxategi
600 02 27 20