Mekatronika Industrialeko lehen promozioaren graduazioa, Amazonekin lankidetzan
Mekatronika Industrialeko lehen promozioaren graduazioa, Amazonekin lankidetzan
Mekatronika Industrialeko lehen promozioaren graduazioa, Amazonekin lankidetzan
Gaur egun programak estatu osoko 130 ikasle inguru ditu matrikulatuta Arrasaten ematen den heziketa-zikloan

Amazonen «Aprendizak» programaren barruan langileak prestatzeko helburua duen bi urteko prestakuntza trinkoaren ondoren, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEPk) eta Amazonek elkarlanean gauzatutako eta Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako prestakuntza-programaren lehen edizioko 20 ikasleek diplomak jaso dituzte, gaur, Arrasateko heziketa-zentroan. Lehen edizioko promozioa 25 eta 50 urte bitarteko pertsonek osatzen dute, argi utziz ekimen inklusibo eta plurala dela.
Amazonen eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren arteko lankidetza, 2023an hasitakoa, Mekatronika Industrialeko goi-mailako heziketa-zikloaren bidez gauzatzen da, eredu dualari jarraituta. Mondragoneko prestakuntza-aldi teoriko trinkoak eta Amazonek Espainiako hainbat probintziatan (Madrilen, Sevillan, Gironan, Murtzian eta Toledon, besteak beste) dituen zentro logistikoetako praktika profesionalak uztartzen ditu programak. Mekatronika Industrialean goi-mailako kualifikazioa duen talentu teknikoa prestatzea da helburua, logistika-sektorean asko eskatzen baita profil hori.
Logistika-sektorearen beharrak
Amazonentzat bereziki sortutako formatu batean ematen da programa, eta enpresak langileen prestakuntzan dituen behar zehatzei erantzuten die. Proposamena Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan eraman da aurrera, hiru aldeek baitute prestakuntza sektorearen benetako beharretara egokitzeko konpromisoa. Testuinguru horretan, enpresen beharretara egokitzeko gaitasuna duela erakutsi du, beste behin, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak; hain zuzen, Mekatronika Industrialeko goi-mailako heziketa-zikloaren formatua doitu egin du, Amazonen eskakizun espezifikoei erantzuteko eta konpainiak bere eragiketa-zentroetan behar duen talentu teknikoa prestatzeko.
Programaren eduki akademikoari uko egin gabe, irakasteko modalitatea aldatu da, ikasleek aukera izan dezaten prestakuntza teorikoa Arrasaten (Euskadin) egiteko eta alderdi praktikoa Amazonek Espainiako hainbat probintziatan dituen zentro logistikoetan osatzeko.
MGEPko irakasleen eta Amazonen zentro logistikoetan tutoretzaz arduratzen diren pertsonen lanari eta konpromisoari esker egin ahal izan da berrantolaketa hori; pertsona horien lana funtsezkoa izan da laguntza, koordinazioa eta ikaskuntza praktikoaren kalitatea bermatzeko.
Hazten ari den programa
Gaur egun, MGEPren eta Amazonen arteko lankidetza hazten ari da, eta 132 pertsona matrikulatu dira programan, guztira.
Programaren bilakaeraren eta etengabeko hobekuntzaren barruan, beste ekimen batzuk jarri dira martxan, ikasleen nazioarteko proiekzioa indartzeko. Besteak beste, Alemaniako Merkataritza Ganberaren homologazio-azterketa egiteko berariazko prestakuntza emango da, beren garapen profesionala Espainiatik kanpo —Europan, bereziki Alemanian— jarraitu nahi dutenentzat.
