Industria antolakuntzako graduko ikasleei enpresen benetako kasuak aurkeztea

Atzealdea

Industria antolakuntzako graduko ikasleei enpresen benetako kasuak aurkeztea

HITZALDIA

Industria antolakuntzako graduko ikasleei enpresen benetako kasuak aurkeztea

Versia aholkularitza enpresa Arrasateko instalazioetara joan da, graduko ikasleei enpresen antolaketari eta digitalizazioari buruzko hainbat erronka azaltzeko.

2021·05·18

$titulo.getData()


Pasa den astean, Industria Antolakuntzako Graduko hirugarren mailako ikasleek hitzaldi bat jaso zuten Versia enpresaren ordezkari batzuen eskutik. 30 urte baino gehiagoko historiarekin, Versia osatzen duten 9 enpresek IKTan, digitalizazioan eta berrikuntzan dihardute. Egoitza Euskadin duen erakunde honek bere bezeroei negozioa digitalizatzen laguntzen die Datuak eta Softwarea ardatz harturik. Diziplina anitzeko taldeen talentuari esker, Versiak zerbitzu eta irtenbide global eta modularrak eskaintzen ditu merkatuan.

Enpresaren ordezkariek hainbat sektoretako enpresentzat garatu dituzten benetako proiektuen eta kasu praktikoen adibideak eman zizkieten ikasleei. Kasuetako bat zen harrobi bateko prozesuak analizatzea eta prozesu horiek hobetzeko proposamena egitea. Cementos Lemona enpresak kudeatzen duen harrobiaren kasua zen, zehazki. Bigarren kasua Katalunian egoitza duen enpresa logistiko batena zen. Proiektuaren helburua zen garraio kostuak murrizteko zentro logistikoak eduki beharko lukeen kokapen eta banaketa egokia zehaztea eta biltegien Lay Out egoki definitzea.

Industria enpresetako antolaketa ereduen berrikuntza

Prozesuen eraginkortasuna handitzea, proiektuak kudeatzeko metodologia berriak ezartzea eta lantaldeak koordinatzea dira Industria Antolakuntzako Graduko ikasleek lantzen dituzten funtsezko konpetentziak. Graduko ikasleek ikuspegi teoriko eta praktiko batetik lantzen dituzte arlo horrekin lotura duten irakasgaiak (Project Based Learning metodologiaren bidez), eta, gainera, horrelako hitzaldi eta jardunaldiekin osatzen dute irakasgai horietan landutakoa, ekintza horietan enpresek beren errealitatea azaltzen baitiete zuzenean ikasleei.