Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduko ikasleek parte hartu dute Green Manufacturing-i buruzko europako Teaching Factories lehiaketan

Atzealdea

Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduko ikasleek parte hartu dute Green Manufacturing-i buruzko europako Teaching Factories lehiaketan

LEHIAKETA

Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduko ikasleek parte hartu dute Green Manufacturing-i buruzko europako Teaching Factories lehiaketan

Lehiaketa EIT Manufacturing partzuergo europarrak sustatzen du. Lehen mailako industria, hezkuntza eta ikerketa erakundeen sarea da, eta berrikuntza industrial eta iraunkorra sustatzen du, lankidetzan.

2022·06·27

$titulo.getData()


Europako hainbat herrialdetako 14 talde parte hartzen ari dira EIT Manufacturing partzuergo europarrak sustatutako Teaching Factories lehiaketaren lehen edizioan. Bazkide industrialen, erakunde akademikoen eta lehen mailako ikerketa zentroen nazioarteko sare horrek jarri du abian lehiaketa berritzaile hau, manufakturen berrikuntzaren testuinguruan unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzaren onurak ikusarazteko, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleak ekimenean parte hartzen ari dira.

Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduko hirugarren mailako 10 ikasle dira lehiaketan parte hartzen ari direnak. Helburua da parte hartzen duten enpresek proposatu dituzten 6 erronketako bati 3 hilabetez heltzea eta horiei irtenbidea ematea. Lehen edizio honetan, erronkak green manufacturingarekin lotuta daude.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek lantzen dituzten erronkak:

  • AVIO AERO enpresak proposatutako erronka: aeronautika sektoreko enpresa horrek sistema aeronautikoak diseinatzeko, fabrikatzeko eta mantentzeko zerbitzuak eskaintzen ditu. Bere produktu industrialak fabrikatzeko prozesuak prozesu intentsiboak eskatzen ditu energian eta energia kontsumo handiko makinerian. Konpainiak fabrikazio ekologikoko plan bat egin du, eta ikasleek lagundu egin beharko diete adierazleak definitzen, etorkizunean erosten duten ekipoentzat zehaztapen ekologikoak ezartzen, etab.
  • Procter & Gamble enpresak proposatutako erronka: enpresa multinazional horrek kontsumo ondasunak egiten ditu, eta mundu osoan saltzen dituen 65 marken artean oso ezagunak diren batzuk daude: Ariel, Gillette, Oral-B... konpainiak 99.000 laguneko lantaldea du, eta hornidura katean duen ingurumen erantzukizuna handitzea proposatu dute. Ikasleei proposatutako erronka hornidura kateko baliabideen (ura, elektrizitatea, gasa, aire konprimitua eta abar) kontsumo eta erabilera datuak monitorizatzean oinarritzen da, analisi espezifiko bat egin eta kontsumoa murrizteko ekintza zuzentzaileak proposatu ahal izateko.

 

Industriarekin, fabrikazioarekin, berrikuntzarekin eta iraunkortasunarekin konprometitutako unibertsitate gradua

Industriak eragin handia du ingurumenean, eta enpresek konpromisoa hartu behar dute trantsizio ekologikoarekin. Horregatik, Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduak talentu gaztea prestatzen du fabrikazio teknologietan eta materialetan, ikuspegi iraunkorretik. Helburua da enpresa industrialetan sartzen diren teknikari berriek iraunkortasunaren ikuspegia integratuta izatea eta Europako jarraibideekin bat datozen metodo eta teknika berdeak aplikatzen jakitea.

Espero dugu Mondragon Unibertsitateko ikasleek beren prestakuntzaren kalitatea frogatzea eta finalistak izatea.

Zorte on!