Zibersegurtasuneko ikerketa eta talentua bultzatzen ditugu Orbik Cybersecurity-rekin batera

Atzealdea

Zibersegurtasuneko ikerketa eta talentua bultzatzen ditugu Orbik Cybersecurity-rekin batera

Akordioa

Zibersegurtasuneko ikerketa eta talentua bultzatzen ditugu Orbik Cybersecurity-rekin batera

Lau urteko lankidetza estrategikoari esker, I+G proiektuak garatuko ditugu, ezagutza transferituko dugu eta industriaren erronkei erantzuteko profesional espezializatuak prestatuko ditugu.

2026·06·12

$titulo.getData()


Mondragon Goi Eskola Politeknikoan lankidetza hitzarmena sinatu dugu Orbik Cybersecurityrekin, zibersegurtasunaren arloan ikerketa, berrikuntza eta prestakuntza aurreratua sustatzeko. Gaur egun, zibersegurtasuna industriarentzat estrategikoena den esparru teknologikoetako bat da.

Lau urteko iraupena izango duen aliantza honi esker, I+G proiektuak garatuko ditugu, ezagutza berria sortuko dugu eta enpresek eta erakundeek aurre egin behar dieten segurtasun digitaleko erronkei erantzuteko gai izango diren profesional espezializatuak prestatuko ditugu.

Horretarako, Orbik Cybersecurityko profesionalek, gure unibertsitateko ikertzaile eta irakasleek, eta graduko, masterreko zein doktoregoko ikasleek osatutako lan-talde mistoak eratuko ditugu. Elkarlan honek unibertsitatearen eta enpresaren arteko lotura indartuko du, transferentzia teknologikoa bizkortuz eta ikasleak berrikuntza-ingurune errealetara hurbilduz.

Akordioan jasotako lan-ildo nagusien artean daude industria zibersegurtasuna, softwarearen segurtasuna, sareak eta sistemak, zibersegurtasunari aplikatutako adimen artifiziala eta softwarearen testaketa. Arlo horiek izango dira industria-ikerketako proiektuak, erakusle teknologikoak, zaintza teknologikoko jarduerak eta talentua sustatzeko prestakuntza-ekimen berriak garatzeko oinarria.

Gainera, lau urteko ibilbide orri teknologiko bateratua landuko dugu, industria eta enpresa ekosisteman eragin handiena izan dezaketen ikerketa-esparruak identifikatu eta lehenesteko.

Lankidetzak, halaber, praktika akademikoak, gradu eta master amaierako lanak, doktorego tesiak eta gure ikasleen laneratzea erraztuko duten beste hainbat ekimen sustatuko ditu.

Akordio honen bidez, zibersegurtasunaren arloko gaitasun aurreratuak garatzeko dugun konpromisoa indartzen dugu; izan ere, diziplina hori funtsezkoa da industriaren eta gizartearen lehiakortasunerako, erresilientziarako eta eraldaketa digitalerako.