Imanol Pradales lehendakariak parte hartu du Fakultatearen 50. urteurrenaren ekitaldi instituzionalean

Atzealdea

Imanol Pradales lehendakariak parte hartu du Fakultatearen 50. urteurrenaren ekitaldi instituzionalean

Urteurrena

Imanol Pradales lehendakariak parte hartu du Fakultatearen 50. urteurrenaren ekitaldi instituzionalean

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 50. urteurreneko ekitaldi instituzionala Eskoriatzako campusean egin da.

2026·03·18

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateak 50. urteurreneko ekitaldi instituzionala egin du Eskoriatzako campusean. Imanol Pradales Gil lehendakariak  eman dio bukaera ekitaldiari eta bere hitzartzean humanismoa eta gizabidea lehen lerrora ekartzeko beharra aipatu, eta unibertsitateak zeregin horretan duen ardura azpimarratu du.

 

Mende erdian 10.000 ikasle baino gehiago izan ditu Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateak eta horiei egin diete erreferentzia Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Nagore Ipiña fakultateko dekanoak. Atxaren ustez, “milaka profesional prestatu dira hemen, eta askok Euskal Herriko hezkuntza-sisteman, komunikazioan, kulturan eta gizartean eragin zuzena izan dutela”. 

 

Horrez gain, azpimarratu du fakultateak komunitateari egindako ekarpena eta ildo beretik aritu da Ipiña, eta adierazi du hemen hezkuntza ez dela “soilik ezagutza transmititzea; hezkuntza pertsonak eta komunitateak eraikitzeko prozesu bat da. Eta urte hauetan zehar ikus daiteke nola proiektu honek bere sustraiak mantendu dituen, baina aldi berean adar berriak sortu dituen”.

 

Ekitaldiak ordezkaritza zabala izan du. Amaia Agirre fakultateko presidentea egon da, eta Jaurlaritzatik Juan Ignacio Perez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua egon dira. Horietaz gain, ekitaldian egon dira Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Xabier Egibar Mondragon Unibertsitateko presidentea eta LABORAL Kutxarko zuzendari nagusia, Pello Rodríguez MONDRAGONeko presidentea eta Debagoienako alkateak.

 

Mende erdiko ibilbidea

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateak 1976an Eskoriatzan sortu zen Irakasle Eskolan du jatorria. 1979an irakasleen lehen promozioak bere ikasketak bukatu zituen, eta urtebete beranduago eskolak kooperatiba izaera hartu zuen.

 

Urteek aurrera egin ahala eskaintza akademikoa zabaldu zen Humanitate eta Enpresa edota komunikazioarekin lotutako ikasketekin. Fakultatearen historian ere beste zenbait mugarri egon dira, hala nola, 25 urte bete berri dituen LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren sorrera edota komunikazio arloan berrikuntza sustatzea helburua duen Aretxabaletako campusean kokatzen den IdeiEnea espazioa. 

 

Fakultatea gaur egun

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hiru campusetan banatzen du bere eskaintza akademikoa. Eskoriatzan Hezkuntza eta Kooperatibagintza, Aretxabaletan Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kultur eta Sormen Industriekin lotutakoak eta Bilbao AS Fabriken Humanitate eta Hezkuntzarekin zerikusia daukatenak.

 

Guztira, graduetan 1482 ikasle, masterretan 242, 32 doktoregai, 70 ikasketa propioetan eta 102 ikastaro laburretan. Horretaz gain, kooperatibagintza arloan 2060 pertsonek hartu dute parte eta 2130 hezkuntzarekin lotutako proiektuetan.

 


50. urteurreneko ekitaldi instituzionala

Unibertsitatea baino gehiago gara