Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Ikerlanek trakzio talde bat sortu dute beren lankidetza estrategikoa indartzeko

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Ikerlanek trakzio talde bat sortu dute beren lankidetza estrategikoa indartzeko

LANKIDETZA

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Ikerlanek trakzio talde bat sortu dute beren lankidetza estrategikoa indartzeko

Erakunde biek indarrak batzearen alde egiten dute, etorkizuneko hainbat erronkatan elkarrekin lan egiteko, hala nola talentua erakartzeko eta garatzeko erronkan edo bikaintasuneko ikerketakoan.

2021·02·01

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak (MGEP-MU) eta IKERLAN zentro teknologikoak aurrerapauso bat eman dute beren lankidetza-ibilbide luzean trakzio-talde bat osatuz. Talde horri esker, bi erakundeek lantalde mistoak sortu ahal izango dituzte teknologia-sektorearen erronka garrantzitsuenei aurre egiteko. Adibidez, talentua erakartzea eta garatzea, edo garapen teknologikoa arlo disruptiboetan, hala nola digitalizazioan, adimen artifizialean edo hidrogenoaren aplikazioan.

Unibertsitate eta zentro teknologikoen arteko binomio mota hau, beren jarduera indartzeko erabiltzen den ohiko formula bat da Europan, prestakuntzaren zein I + G aplikatuaren ikuspegitik, bien artean dauden osagarritasunak eta sinergiak direla eta. 2019an nazioarteko hainbat esperientziaren prospekzioa egin zen, Euskadin aplikatzeko interesgarriak izan zitezkeen praktikak identifikatzeko.

“Flandriako, Holandako, Norvegiako, Finlandiako eta Alemaniako hainbat zentro eta unibertsitate bisitatu ziren. Horietan guztietan identifikatu genuen martxan jarri dugun Trakzio Taldea bezalako koordinazio egiturak zeudela", adierazi du Marcelino Caballerok, IKERLANeko zuzendari nagusiak, eta esan du, halaber, "aztertutako eredu guztien artean, interesgarriena SINTEF eta NTNUren arteko eredu norvegiarra iruditu zitzaigula eta hori erabiltzen ari garela erreferentzia gisa. Gurearen antzeko jatorri batetik abiatuta, denbora bat daramate beren lankidetza estrategikoa indartzeko hainbat ekimenen bidez, erronka komunen aurrean indarrak batzeko".

MGEP-MUk eta Ikerlanek 45 urte baino gehiago daramatzate elkarlanean. Izan ere MGEP-MUk, Laboral Kutxak eta egungo Mondragon Korporazioko zenbait industria kooperatibak bultzatuta, sortu zuen IKERLAN 1974an. Ordutik, lankidetza estuan aritu dira talentua lortzeko eta garatzeko, bai eta enpresen ikerketan eta transferentzia teknologikoan ere.

Trakzio Talde berri hau IKERLANeko Zuzendaritzako eta MGEP-MUko Koordinazio Taldeko kideek osatzen dute, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxarekin berarekin batera, eta bere asmoa da bi entitateen arteko lankidetza indartzea ahalbidetzen duten ekimen eta ekintzak aztertzea eta identifikatzea, lankidetzako arlo zehatzetako lan talde mistoen bidez.

Baterako bikaintasuneko ikerketa taldeak dira erreferentziako zentro guztietan identifikatutako beste koordinazio elementu garrantzitsuenetako bat, non bi erakundeetako ikertzaileek bat egiten duten interes komuneko esparru estrategikoetan elkarrekin ikertzeko. MGEP-MU eta IKERLANen kasuan, talde horiek IBAT (Ikerketa eta Berrikuntzan Adituen Taldea) dute izena, eta lehenengoak 2018an jarri ziren martxan. "Gaur egun lau IBAT ditugu: zibersegurtasunean, energia biltegiratzean, plataforma digitaletan eta makina elektrikoetan / potentzia elektronikan. Indarrak batu eta talde horietan elkarrekin ikertzen dugu, enpresek etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharko dituzten ezagutzak eta teknologiak garatzeko, eta konfiantzako loturak sortzen dira, bi erakundeetako ikertzaileen artean funtsezkoak direnak ", adierazi du Carlos Garciak, MGEP-MUko koordinatzaile nagusiak.

2020an, bi erakundeek beren Plan Estrategikoak definitu dituzte, eta horietan lankidetza hori indartzeko apustu garbia egin dute. "MGEP-MUren eta IKERLANen arteko lankidetza bakoitzaren esparruan erreferente diren bi erakunderen arteko osagarritasunak esploratzeko, indartzeko eta bultzatzeko moduaren adibide da", adierazi du Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Mondragon Korporazioaren Ezagutza proiektuaren arduradunak, eta hau gaineratu du: "MONDRAGONen Ezagutza Arlotik lankidetza hori babestu eta aktiboki lagundu nahi dugu, Trakzio Talde honetan parte hartuz"

Trakzio Taldea 2021erako kudeaketa plan bat definitzen ari da. Plan horrek prestakuntzaren, ikerketaren, komunikazioaren eta estrategiaren alorretako jarduerak jasotzen ditu.