Roberto Arias-Hermoso: “Hizkuntzen artean paralelotasun handiak badaude, zergatik ez da lantzen espezifikoki gaitasun eleaniztuna?”

Atzealdea

Roberto Arias-Hermoso: “Hizkuntzen artean paralelotasun handiak badaude, zergatik ez da lantzen espezifikoki gaitasun eleaniztuna?”

Elkarrizketa

Roberto Arias-Hermoso: “Hizkuntzen artean paralelotasun handiak badaude, zergatik ez da lantzen espezifikoki gaitasun eleaniztuna?”

Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du Roberto Arias-Hermosok uztailean Bilbao AS Fabrik campusean aurkeztutako "Basque students’ multilingual writing of cognitive discourse functions: analysing developmental patterns of disciplinary literacies" tesiak, nazioarteko aipamenarekin. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari buruz.

2025·09·18

$titulo.getData()


Pasa den uztailaren 2an, Basque students’ multilingual writing of cognitive discourse functions: analysing developmental patterns of disciplinary literacies tesia aurkeztu zuen Roberto Arias-Hermoso (Bilbo, 1997) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileak Bilbao AS Fabrik campusean. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Roberto Arias-Hermosori.

 

Zein da doktorego tesiaren gai nagusia?

Tesiaren gai nagusia arloetako alfabetatzearen garapen patroiak aztertzea da, zehazki, bigarren hezkuntzako testuinguru eleaniztunetan ikasleen hiru eskolatze hizkuntzetan (euskaraz, gazteleraz eta ingelesez) nola gertatzen diren ikertu dugu. Arloetako alfabetatzeak eduki ikasgaietan (zientzietan, adibidez) beharrezkoak diren hizkuntza baliabideak jasotzen dituzte. Horien adibide dira funtzio kognitibo diskurtsiboak: eragiketa kognitiboak hizkuntzaren bidez adierazten dituzten patroiak (azaltzea, kontatzea, argudiatzea...). Ikasleek horiek ekoitzi behar dituzte (ahoz edota idatziz) ikasi dutena adierazteko, eta haien hizkuntza guztietan hori egiteko gaitasuna garatu beharko lukete.

 

Bigarren hezkuntzako testuinguru eleaniztun batean arloetako alfabetatzearen garapen-patroiak aztertu dituzu tesian. Zergatik erabaki zenuen gaia ikertzea? Zein izan da abiapuntua?

Nazioarteko kezka da arloko alfabetatzearen garapena, eta hori ikertzearen garrantzia azpimarratu dute azken ikerketek. Alde batetik, jakin badakigu adina faktore garrantzitsuenetariko bat dela hizkuntza akademikoaren garapenean, baina zein beste faktorek dute eragina? Adibidez, lehen hizkuntzak, eremu soziolinguistikoak edo hizkuntza-esposizioak eragina al dute? Horrez gain, garapen patroiak aztertzen dituzten ikerketa askok hizkuntza bakarra ikertu dute (normalean, ingelesa), eta ikasleek haien errepertorio linguistiko osoa nola erabiltzen duten hobeto ulertzea gako da. Gure ikasleek hizkuntza batean egiten dakitena beste hizkuntzetan ere egiteko gai al dira? Galdera horiei erantzuna topatzeko asmoa izan du tesiak.

 

Ikerketa nagusian, bost eskolatako 500 ikasle baino gehiagok osatutako lagina aztertu duzu. Nolakoa izan da haien inplikazioa? Zein izan da haien egitekoa?

Ikerlanean guztira DBH osoko 547 ikaslek hartu zuten parte, Euskal Autonomia Erkidegoko eremu soziolinguistiko ezberdinetako bost tokitakoak. Horien artean, % 57,8k zuen lehen hizkuntza gaztelania, % 28,2k euskara eta % 14,1ek biak. Ikasleek idazketa proba bat egin behar izan zuten hizkuntza bakoitzean gai zientifiko bati buruz. Bi elikagai (oilaskoa eta txokolatea) konparatzeko eskatu zitzaien, osasuntsuena zein zen argudiatzeko. Iturri-testu lagungarri bat eman zitzaien, eta hori irakurri eta oharrak jaso ostean, haien iritzia idazteko eskatu zitzaien. Testua hiru aldiz egin zuten ikasleek: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Testuez gain, hizkuntza-ohiturei buruzko galdetegi bat bete zuten.

 

Jasoketa hori eginda, zeri erreparatu diozu?

Behin datuak jasota, 1.600 testu baino gehiago aztertu dira, idazlanen kalitatea neurtzeko asmoz. Horretarako, tresna bat sortu eta balidatu genuen 13 ikerlari adituren feedbackak erabiliz. Tresna hori errubrika bat da, eta ikasleen testuen kalitatea neurtzen du hiru dimentsiotan: argudiatzea, konparatzea eta iturrien erabilera. Dimentsio bakoitzak 3-4 item neurtzen zituen. Adibidez, argudiatzea dimentsioa lau adierazlek osatzen zuten: 1) iritzia argi adieraztea, 2) iritzi hori datuekin justifikatzea, 3) kontrako iritziak ezeztatzea eta 4) argudiatzeko baliabide linguistikoak zuzen erabiltzea. Testu guztiak kodetuta izan ostean, analisi estatistikoak egin genituen horiek frogatzeko. Alde batetik, ikusi nahi genuen ea garapenik zegoen DBHko ikasturteen artean, bai eta lehen hizkuntzen arabera alderik zegoen ere. Bestetik, ikusi nahi genuen zein punturaino ziren  garapen patroi horiek paraleloak ikasleen hiru hizkuntzetan, eta lehen hizkuntzaren arabera. Hau da, adibidez, garapen paraleloa al dute ikasleek ingelesez eta euskaraz? Eta paraleloa al da euskara lehen hizkuntza eta gaztelania lehen hizkuntza duten ikasleen garapena?

 

Zeintzuk dira zure lanaren ondorio nagusiak? Zein esango zenuke dela ikerketa lan honek egiten duen ekarpena?

Hainbat ondorio atera ditugu, baina hiru dira garrantzitsuenak. Batetik, aztertutako neurri guztiek DBH hasieratik amaierarako hobekuntza erakutsi zuten hiru hizkuntzetan. Garapen patroiak, hala ere, batzuetan irregularrak ziren: garapena normalean bi ikasturte konparatzean ageri zen (DBH 1 eta DBH3, adibidez). Horrek esan nahi du garapena graduala izan ohi dela, baina batzuetan patroi ez-linealak ere topatu genituen. Bigarrenik, patroi horiek hein handi batean eleaniztunak direla esan daiteke: hiru hizkuntzetan maldak antzekoak ziren. Hirugarrenik, ikasleen etxeko hizkuntzaren araberako alde batzuk bazeuden, etxeko hizkuntza gaztelania zuten ikasleen kasuan, adibidez, ez zegoen hobekuntzarik DBH3tik DBH4ra.

 

Eta bide horretan, zertan sakondu behar litzateke hemendik aurrera?

Proiektuaren emaitzek hainbat ondorio pedagogiko garrantzitsu azpimarratzen dituzte. Batetik, eskolak hizkuntza akademikoaren lanketan sakondu behar du: hizkuntza akademikoa eta arloko alfabetatzeak ez dira inoren etxeko hizkuntza. Beharrezkoa da, beraz, arlo espezifikoetan ikasleek dituzten behar linguistikoak aztertzea, eta horiei erantzuna emateko esku-hartze eta testuinguruak diseinatzea. Horrez gain, ikasleen baliabide linguistikoak aprobetxatzen dituzten testuinguruen beharra azpimarratzen du ikerlanak: hizkuntzen artean paralelotasun handiak badaude, zergatik ez da lantzen espezifikoki gaitasun eleaniztuna? Ekarpen garrantzitsuak badaude ere, oraindik badaude hainbat galdera etorkizunerako: eman diren patroiak berdin emango lirateke beste arlo batean (historian)? Nola emango lirateke patroi horiek testuinguru elebakarretan? Eta nola garatzen dute ikasle heldu berriek arloko alfabetatzea? Horiek eta beste hainbat galdera geratzen dira erantzuteke.

 

Nolako esperientzia izan da tesia egitearen prozesua?

Tesia egitea oso aberasgarria izan dela esango nuke, asko ikasi dut zuzendariekin eta zuzendariengandik. Ikerlari gisa asko ikasteko tesi batek hainbat aukera (eta erronka) jartzen dizkizu aurrean, eta horiei erantzunak topatzeko asko ikasi behar da. Ikerketa metodoez, artikulugintzaz, proiektugintzaz... asko ikasteko aukera izan dut. Horrez gain, tesia Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ALPHA ikertaldearen lan-ildoekin oso lerrokatuta egon da, eta gaian aritzen diren beste ikerlariekin lan egiteak erronka horiek ikaskuntza bihurtzeko gakoak ematen ditu. Gainera, prozesu antzekoan dauden beste doktoregaiekin elkarzaintzarako eta partekatzeko momentuak bilatzea oso garrantzitsua izan da niretzat.


Unibertsitatea baino gehiago gara