Sare sozialak eta gazteak: arriskua ala aukera?

Atzealdea

Sare sozialak eta gazteak: arriskua ala aukera?

Sare sozialak eta gazteak: arriskua ala aukera?

Eneko Bidegain

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikertzaile eta Irakaslea


2021·10·13

$titulo.getData()


El Correo egunkarian argitaratutako iritzi artikuluaren euskarazko bertsioa


Nahiko barneratua daukagu “sare sozialak” eta “gazteak” hitzen batura koktel arriskutsua dela. Hots, sare sozialak gazteentzat arrisku leku direla edo gazteek sare sozialen erabilera okerra egiten dutela, de facto. 2019an, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategia ikerketa taldean hasi ginen gazteen eta sare sozialen arteko harremana ikertzen. Eta aurreiritzi ilun horren oihartzuna bazebilen gure belarri inguruetan. Baina gazteen ahotik entzun nahi genuen nola bizi zituzten sare sozialak.

Hainbat galderaren artetik, bi galdera hauek egin genizkien: noizbait sentitu zara harro edo pozik sare sozialengatik? Noizbait sentitu zara deseroso sare sozialetan? Eta bietan galdetu genien zergatia. Gipuzkoan eta Lapurdin egin genuen ikerketa, 15-16 urteko 1.200 gazterekin. Gazte horien heren batek aitortu zuen noizbait sentitu izan dela deseroso. Hamarretik seik, aldiz, erantzun zuten noizbait sentitu izan direla harro. Laburbilduz, gazteek arrisku baino onura gehiago ikusten diete sare sozialei.

Deseroso sentitu izanaren arrazoien artean gehien errepikatu dena da pertsona ezezagun bat haiekin harremanetan sartu izana edo lagun eskaera igorri izana. Beste arrazoi bat, gutxik aipatu dutena baina hor dagoena, jazarpena da. Maiz, gainera, jazarpenezko mezuen igorleak pertsona ezezagun edo anonimo horiek dira. Hirugarren arrazoi errepikatua irainei eta iruzkin txarrei lotutakoa da.Zer egiten dute horrelako jarreren aurrean? Mezu anonimoen aurrean? Ia sistematikoki erantzun digute halako pertsonak blokeatzen dituztela. 15-16 urteko gazteek eraikita dauzkate beren defentsa mekanismoak halako portaeren aurrean. Argazkiak sare sozialetan argitaratzen dituztenean ere, gehienetan, badituzte beren filtroak. Jarraitzaile asko daukate, baina ez dituzte argazki guztiak jarraitzaile guztien esku uzten, lagun hoberenen esku baizik.

Onurei dagokienez, gehien agertu dena da lagunekiko harremanak eta komunikazioa, baina baita lagun berriak egiteko aukera ere. Hortik harago, edukiak eta dibertitzeko aukera azpimarratu dituzte. Sakelako telefonotik entzuten dute musika edota ikusten dituzte bideoak (gazteen hiru laurdenek jotzen dute tutorialetara). Telefonoa da gazteen konpainia, esnatzen direnetik lotara joaten diren arte, bakarrik daudenean gosaltzeko edo bazkaltzeko, norbaiten edo autobusaren zain daudenean…

Gazteak entzun ahala eta ikerketa bukatu ondoren galdera bat hazi zait nire baitan: gazteek sare sozialekin bizi dutenak zenbateko desberdinatasuna du beste belaunaldiek egiten dutenarekin? Alegia, gazteak ote dira bakarrak esnatu orduko telefonoa hartzen dutenak mezu berririk daukaten ikusteko? Gazteak ote dira bakarrak autobusaren zain daudenean telefonoari begira egoten direnak? Nola egoten da jendea terrazetan? Zer egiten dugu etxean? Helduagook ere ez ote dugu une deserosorik igarotzen Twitterren edo Facebooken eztabaidatu dugulako troll batekin?

Bistan da, ez ditugu eduki berak kontsumitzen, sare berak erabiltzen edo irudi berak zabaltzen. Nerabeentzat, Twitter eta Facebook “zaharren kontuak” dira. Eta TikTok “umeena”. Duela hamar urteko nerabe batentzat Facebook ezinbesteko atea zen; oraingoak Instagram belaunaldia dira, baina laster dator TikTok eta Twitch belaunaldia… Belaunaldi bakoitzak bere gunea nahi du, gurasoekin konpartitzen ez duten gune hori, gune fisikoa bezala (lehen eta orain), gune digitala (orain eta gero). Eta ez ote ditu horrek sortzen gurasoen kezkak eta mamuak? Zertan ari ote zaizkie seme-alabak pantaila beltz horrek ezkutatzen duen mundu ilun horretan?

Lehengo beldurrak izan zitezkeen seme-alabak tabakoaren, alkoholaren edota drogaren besoetan erortzea. Baina beren espazio propioan egoten ziren gazteen gehiengoa ote zen drogatzen zena? Gurasoek ikusten ez zuten guztia ote zen txarra, aitortzeko ona ez zena? Nerabeek beren eremu intimoa eraikitzen dute, gurasoengandik independentizatu ahala; eta guraso gehienek kezka izaten dute (eta izaten zuten) beren begi aurrean ez dagoen horretan gertatzen denari buruz.

Ikerketaren emaitzak aurkeztu dizkiegu irakasleei, ikasleei eta gurasoei. Guraso batek aitortu zuen duda izaten zuela seme edo alabaren telefonoa begiratzeari buruz. Tentazioa bazeukan. Galdera horri erantzutea nire eskumenetik at zegoen. Baina galdera hau egin nion: gustatuko zitzaizukeen zure gurasoak zure logelan sartzea eta zure ohe-mahaian zenituen koadernoak irakurtzea? Berdin du koaderno hartan izatea ezkutuan egindako olerkiak, marrazkiak, ametsak… Berdin du gauza onak ala txarrak izan. Norberaren intimitatea errespetatzea da kontua.

Sare sozialei eta gazteei buruz, gauza bera. Gazteek beren eremuak dituzte eta behar dituzte. Gazteak adinarekin aldatzen diren bezala, sareekiko duten begirada eta sareetan duten portarea aldatzen da. Digitalaren aroan gaude, eta mundu digitalak baditu bere arriskuak, analogikoak bezala. Onurak gehiago dira, dena den. Eta gazte bati sakelako telefonoa kentzea litzateke bere mundutik baztertzea. Garai analogikoan, lagunak parkean zeuden bitartean, etxean preso egotea bezala.