Market Berri programak bere 4. edizioa abiarazi du, gazteek bultzatutako berrikuntzaren bidez euskal merkataritza eraldatzeko

Atzealdea

Market Berri programak bere 4. edizioa abiarazi du, gazteek bultzatutako berrikuntzaren bidez euskal merkataritza eraldatzeko

LEINN

Market Berri programak bere 4. edizioa abiarazi du, gazteek bultzatutako berrikuntzaren bidez euskal merkataritza eraldatzeko

Oñatiko campusean azaroaren 5ean egin zen proiektuen aurkezpen eta hautaketa ekitaldia. Bertan, LEINN Graduko ikasleek sektorearen erronka estrategikoei erantzuteko garatutako 18 ideia berritzaile aurkeztu zituzten

2026·11·09

$titulo.getData()


Euskadiko merkataritza, hezkuntza eta ekintzailetza ekosistema Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean bildu da berriro, Market Berri programaren 4. edizioari hasiera emateko. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzarekin elkarlanean sustatutako programa honek gazteen talentua tokiko merkataritzaren benetako beharretara hurbiltzea du helburu.

Parte-hartze prozesu dinamikoa eta maila handikoa

Urriaren 7an erronka estrategikoak abian jarri zirenetik egindako lan biziaren ondoren, Bilboko, Irungo eta Oñatiko LEINN laborategietako taldeek hainbat proiektu-ideia aurkeztu zituzten. Azken hautaketa bozketa ireki baten bidez egin zen, sektoreko eragileek ikasleen bideopitchak baloratzeko aukera izan zutelarik.

Inspirazioa eta sektorearekiko konexioa

Ekitaldiari hasiera instituzionala eman zioten Izaskun Gómez Cermeño, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak, eta Siv Bermeosolo Salterain, MTAko koordinatzaileak (Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko ekintzailetza unitatea). Jardunaldian, "Sektoreari buruz hitz egingo dugu?" mahai-ingurua egin zen. Bertan, Gasteizko Érase1vez enpresaren sortzaileetako Sarai Sánchez Lucas-ek eta Irungo La Visionaria Gazta Denda-ren sortzaile Nèstor Gomez eta Patricia Ardanuy-k beren bizipenak partekatu zituzten ikasleekin.

Mahai-inguruaren ondoren, Olaia Garcia, Jare Landa eta Irati Telleria-k (Oñati Lab-eko Leinnerrak) KÜME proiektua aurkeztu zuten, menopausiaren etapan emakumeek bizi dituzten aldaketa fisiko eta emozionaletan laguntzeko diseinatutako produktua.

Jardunaldiko unerik esperoenetako bat edizio honetako 7 ideia irabazleen eta aurreko edizioko 2 proiektuen (LabCoop eta The Coffee Experience) iragarpena izan zen. Proiektu horiek Market Berriren laguntza jasotzeko aukera izango dute, beren proposamenak garatzen eta lantzen jarraitzeko. Taldeek beren ideiak zuzenean aurkeztu zituzten bi minutuko pitch-en bidez, laburtzeko gaitasuna, sormena eta tokiko merkataritza eraldatzeko grina erakutsiz.

Networking-a eta komunitatea

Jardunaldiari amaiera emateko, Oñatiko MTA Laborategia Virginia de la Casa eta Asier Crespo-ren zuzeneko musikarekin girotu zen. Bertaratutakoek networking-a egiteko aukera izan zuten, lunch-az gozatzen zuten bitartean. LEINN Oñati Lab-eko Noma taldeak bertaratutako bakoitzari birziklatutako bakeroekin egindako eta programaren logotipoarekin pertsonalizatutako orri-markatzaile bat oparitu zion.

Etorkizunera begira: bost erronka nagusi

Hautatutako proiektuek aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak definitutako bost erronkei erantzuteko irtenbideak landuko dituzte:

  1. Merkataritza lokal hutsak
  2. Merkataritza inklusiboa
  3. Belaunaldi erreleboa
  4. Balio erantsiko zerbitzuak
  5. Landa udalerriak (txikiak eta zahartuak)

Jardunaldi honekin, Market Berri proiektu traktore gisa sendotzen da, Mondragon Unibertsitateak gure hiri eta herrien biziberritzearen alde ekintzailetzaren bidez duen konpromisoa berretsiz.