Euskal merkataritza berrikuntzaren bidez eraldatzeko Market Berri programaren 3. edizioa abian da
Euskal merkataritza berrikuntzaren bidez eraldatzeko Market Berri programaren 3. edizioa abian da
Euskal merkataritza berrikuntzaren bidez eraldatzeko Market Berri programaren 3. edizioa abian da
Oñatiko campusak joan den azaroaren 12an hartu zuen programaren aurkezpen eta proiektuen hautaketa ekitaldia. Bertan, LEINN graduko ikasleek garatutako 29 ideia berritzaile aurkeztu ziren, sektorearen erronka estrategikoei erantzuna emateko asmoz

Oñati, 2025eko azaroa. Euskadiko merkataritza, hezkuntza eta ekintzailetza ekosistemak hitzordua izan du Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Market Berri programaren 3. edizioari hasiera emateko. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzarekin lankidetzan bultzatutako ekimen honek gazteen talentuaren eta tokiko merkataritzaren premia errealen arteko lotura sustatzea du helburu.
Parte-hartze handiko prozesua
Urriaren 1ean erronka estrategikoak aurkeztu ondoren , Bilbo, Irun eta Oñatiko laborategietako LEINN taldeek guztira 29 proiektu-ideia landu dituzte. Azken hautaketa Poll Unit plataformaren bidez egindako bozketa ireki baten emaitza izan da; bertan, sektoreko eragileek ikasleen bideo-pitch-ak baloratu ahal izan dituzte.
Inspirazioa eta sektorearekiko lotura
Ekitaldiari hasiera emateko, Izaskun Gomez Cermeño Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak eta Lander Beloki Fakultateko dekanoak hartu zuten hitza. Jarraian, "Sektoreaz hitz egingo dugu?" mahai-ingurua ospatu zen. Bertan, Oscar Nietok (Raos Resoler), Mayte Talladak (La Varilla Magica) eta Gorka Añibarrok (Euskape) euren esperientzia ekintzailea partekatu zuten ikasleekin.
Ekitaldiko une zirraragarriena 6 ideia irabazleak iragarri zituztenekoa izan zen. Talde irabazleek bi minutu izan zituzten euren proposamenak zuzenean aurkezteko, sintesi-gaitasuna eta sektorea eraldatzeko gogoa erakutsiz.
Proiektuen Merkatua: networking-a eta komunitatea
Jardunaldiari amaiera emateko, Oñatiko MTA laborategia Proiektuen Merkatu bihurtu zen. Cheek to Cheek jazz taldearen zuzeneko musikak lagunduta , bertaratutakoek 29 proposamenak bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten lunch batez gozatzen zuten bitartean. Xehetasun gisa, Oñatiko 2. mailako Leinn Blesk taldeak Market Berriren logoarekin egindako poltsatxo termikoak banatu zizkien parte-hartzaileei.
Lau erronka nagusi etorkizunari begira
Hautatutako proiektuek Eusko Jaurlaritzak zehaztutako lau ardatz nagusietan oinarritutako konponbideak landuko dituzte hemendik aurrera:
- Belaunaldi-aldaketa eta negozioen jarraitutasuna bermatzea.
- Merkataritza inklusiboa eta komunitateen integrazioa sustatzea.
- Lokal hutsei erabilera berriak ematea.
- Online ereduaren aurrean, baliozko zerbitzu berriak sortzea.
Janaldi honekin, Market Berri egitasmoa berrikuntza-hubaren barruko proiektu traktore gisa finkatu da, Mondragon Unibertsitateak ekintzailetzaren bidez gure herri eta hirien biziberritzearekin duen konpromisoa berretsiz.
