Bilbok «Hack & Disrupt!» hartuko du, finantza jasangarrietan eta aseguruetan oinarritutako nazioarteko ekitaldi teknologikoaren lehen edizioa

Atzealdea

Bilbok «Hack & Disrupt!» hartuko du, finantza jasangarrietan eta aseguruetan oinarritutako nazioarteko ekitaldi teknologikoaren lehen edizioa

Ekitaldi Teknologikoa

Bilbok «Hack & Disrupt!» hartuko du, finantza jasangarrietan eta aseguruetan oinarritutako nazioarteko ekitaldi teknologikoaren lehen edizioa

Topaketa Bolsas Mercados Españoles (BME) operadoreak eta BBF Fintech taldeak antolatu dute

2021·06·24

$titulo.getData()


Bilbok «Hack & Disrupt!» nazioarteko ekitaldiaren lehen edizioa hartuko du hiru egunez. Inbertsioan, finantza jasangarrietan eta aseguruetan oinarritutako lehen ekitaldi teknologikoa da, eta sektore horien erronka teknologikoei erantzutea du helburu. Horretarako, parte-hartzaileek esparru horien gaur egungo premiei erantzungo diete maratoi-ekitaldi batean, eta maratoiak sektore horien beharrak identifikatzeko eta berehala ezar daitezkeen irtenbideak garatzeko balioko du.

Hackathonean, hainbat enpresa, ekintzaile eta startup bilduko dira, bi egunez, erronka teknologiko globalei taldean erantzuteko. Topaketa Bolsas Mercados Españoles (BME) operadoreak eta BBF Fintech taldeak antolatu dute. Azken hori Mondragon Unibertsitatearen inkubagailua da, teknologia berriak finantzetan aplikatzen espezializatua, eta Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen Bilbao Berrikuntza Faktoria campusean dago kokatuta. Bestalde, BBK, Plaza Financiera Bilbao eta F10, SIX taldearen startup-azeleragailua, izango dira ekitaldiaren babesleak.

Hitzorduak ekintzaileak eta enpresak konektatzea du helburu, digitalizazioaren bitartez, finantzak eta aseguruak berrasmatzeko. Parte-hartzaileek aurrez aurre aurkituko dituzten benetako erronkak berrikuntzara eta finantza jasangarrietara bideratuta daude. COVID-19aren pandemia dela-eta, ekitaldia hibridoa izango da. Zati bat aurrez aurre egingo da, BBF Bilbao Berrikuntza Faktorian (osasuna babesteko neurri guztiak hartuta), eta beste zati bat, berriz, online, plataforma teknologiko baten bidez, eta hainbat stand, txat eta lan-areto izango ditu. Streaming bidez, irekiera- eta itxiera-ekitaldiak jarraitu ahal izango dira, baita ekintzailetzaren munduarekin eta fintech eta insurtech ekosistemarekin lotutako zenbait panel ere.

Programa

Ekitaldia ekainaren 25ean hasiko da, ostirala, 17:00etan. Inaugurazioan izango dira, besteak beste: Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko dekanoa; Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko zinegotzia; eta Javier Hernani, BMEko CEO, balio-merkatuetako berrikuntzaren inguruko hausnarketa egingo duena. Horren ondoren, jasangarritasunari buruzko mahai-ingurua egingo da.  

Ostiralean, 18:00etan, erronkak aurkeztuko dira, eta taldeak 18:30ean hasiko dira beren irtenbideetan lan egiten. Ekainaren 27an, igandea, amaituko da horretarako epea, 11:00etan. Egun horretan, 18:00etan, irabazleak iragarriko dira. Ekainaren 26an, larunbata, hainbat adituren hitzaldiak aurkeztuko dira, hala nola Berta Ares BME Inntecheko zuzendari nagusiarena eta Manuel Ardanza Bilboko Burtsako presidentearena.

Irabazleek hiru sari eskuratu ahal izango dituzte: prospekzio-bidaia bat Suitzara, bertako fintech-ekosistema zehatz-mehatz ezagutu ahal izateko; BBF Fintechen berrikuntza irekiaren II. programan parte hartzea (Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Mondragon Unibertsitateak eta Dominionek sustatutako fintech inkubagailu publiko-pribatua da BBF Fintech); eta F10en inkubazio- eta azelerazio-programan parte hartzeko azken elkarrizketarako zuzeneko sarbidea.

Javier Hernani BMEko kontseilari ordezkariaren ustez, BME ekitaldi honetan egoteak berretsi egite du enpresak ETE eta startup disruptiboen digitalizazioarekin, berrikuntzarekin eta sustapenarekin duen konpromisoa (beste ekimen batzuetan ere parte hartzen du, hala nola Entorno Pre Mercado deritzonean). «Gaurko startupak biharko burtsako blue chipak izan daitezke», adierazi du. «Era berean, Bilbori finantza-zentro berritzaile gisa ematen diogun babesa berresten dugu, BMEk hurbiletik jarraitzen baitu ekosistema ekintzailea», amaitu du.

Izen-emateak esteka honen bidez egin daitezke: https://hopin.com/events/hack-and-disrupt