Prestakuntza plana Programa Dualeko tutoreentzako

Atzealdea

Prestakuntza plana Programa Dualeko tutoreentzako

Dual prestakuntza

Prestakuntza plana Programa Dualeko tutoreentzako

Enpresa zein unibertsitateko Dual tutoreek prestakuntza jasotzen dute ebaluazio sistema bateratua indartzeko eta koordinazio eraginkorra egon dadin.

2025·11·20

$titulo.getData()


Mondragon Goi Eskola Politeknikoak DUAL Programaren bikaintasuna bultzatzen jarraitzen du, enpresetako tutoreei zein tutore akademikoei zuzendutako prestakuntza-plan baten bidez. Ekimen hau 2018tik etengabe garatzen da, eta urtero edizioak uztartzen ditu bai unibertsitate barruan, bai inguruko enpresetan.

Programak honako helburu hauek ditu:

  • Lehen aldiz tutore gisa hasiko direnei prestakuntza eskaintzea.
  • Esperientzia duten tutoreak eguneratzea.
  • Ikasleen jarraipena eta laguntza homogeneoa, koordinatua eta kalitatezkoa bermatzea.

Enpresetako tutoreen formakuntza

Azken bi urteetan, lankidetza indartu dugu AMPO eta FAGOR Taldeko hainbat enpresatan egindako prestakuntzen bidez. Lankidetza horri esker, jardunbide egokiak partekatzen dira, unibertsitatearen eta enpresaren arteko ikuspegiak bateratzen dira, eta ikaslea erdigunean kokatzen duen tutoretza-eredu partekatua indartzen da.

25/26 ikasturtean, enpresetako tutoreei zuzendutako prestakuntza IKERLAN Zentro Teknologikoan burutu da, eta bertan hogeita hamar tutorek hartu dute parte. Saioan tutoretzak dituen alderdi nagusiak landu dira: ikaste-emaitzetan oinarritutako ebaluazioa, DUAL proiektuen diseinua eta jarraipena, ikasleen aurrerapenaren planifikazioa eta erregistrorako baliabide digitalen erabilera.

Unibertsitateko tutoreen formakuntza

Unibertsitateko tutore akademikoek ere prestakuntza saioak izaten dituzte. Edizio honetan, unibertsitateko hirurogeita lau irakaslek hartu dute parte, eta metodologia partekatuen lerrokapena, barne-koordinazioa eta enpresa laguntzaileekin lotura estutzea izan dira ardatz nagusiak.

Enpresa zein unibertsitateko tutoreei zuzendutako prestakuntza saio hauek DUAL Programaren Koordinazio Taldeko kideek eskaini dituzte: Josu Galarza, Mikel Ezkurrra, Osane Lizarralde eta Leire Markuerkiaga hain zuzen. Talde honen parte-hartzeak ereduaren ikuspegi koherentea eskaintzea ahalbidetu du, urteetan bildutako esperientziak integratuz eta tutore guztiei —akademikoei zein enpresetakoei— jarduteko marko bateratua eskainiz.

Prestakuntza DUALaren oinarrizko elementuak

Prestakuntza hauek DUAL ereduaren oinarrizko elementuetan sakontzen dute:

  • Ikaste-emaitzetan oinarritutako ebaluazio argia eta bateratua.
  • Ongi zehaztutako proiektuen diseinua.
  • Etengabeko feedback eraikitzailea.
  • Unibertsitatearen eta enpresaren arteko koordinazio eraginkorra.
  • Ikasleei lanketa/jarraipen pertsonalizatua.

Horretarako, tailer praktikoak, benetako kasuen analisiak eta eguneroko lanean zuzenean aplikatu daitezkeen baliabideak erabiltzen dira.

Urtez urte egindako lan honek emaitza sendoak uzten ditu bai tutoreentzat bai ikasleentzat. Tutoreek jarduteko marko argia eta bateratua dute, ebaluazioan segurtasun handiagoa eta lanerako tresna eguneratuak eskaintzen dizkienak. Ikasleek, berriz, laguntza koherenteagoa jasotzen dute, egoki definitutako proiektuetan parte hartzen dute eta ikaste-emaitzetan oinarritutako eta garapen pertsonala lehenesten duen ebaluazioa jasotzen dute, lan-mundurako prestakuntza hobetuz.