Oxel Azkarate: “Ikasleen auto-pertzepzioan oinarrituta, Pertsona Kooperatiboa profilean eragina duten ezaugarriak neurtzeko tresna eskaintzen dugu”

Atzera

Oxel Azkarate: “Ikasleen auto-pertzepzioan oinarrituta, Pertsona Kooperatiboa profilean eragina duten ezaugarriak neurtzeko tresna eskaintzen dugu”

Elkarrizketa

Oxel Azkarate: “Ikasleen auto-pertzepzioan oinarrituta, Pertsona Kooperatiboa profilean eragina duten ezaugarriak neurtzeko tresna eskaintzen dugu”

Cum laude kalifikazioa lortu zuen Oxel Azkaratek pasa de martxoan Eskoriatzako campusean aurkeztutako "Pertsona Kooperatiboa profila ikasle gazteetan neurtzeko KOOPHEZI-i tresnaren sorkuntza eta balioztatzea" tesiak. Egilearekin hitz egin dugu ikerketari buruz.

2021·04·14

$titulo.getData()


Pasa den martxoaren 23an, "Pertsona Kooperatiboa profila ikasle gazteetan neurtzeko KOOPHEZI-i tresnaren sorkuntza eta balioztatzea" izeneko tesia aurkeztu zuen Oxel Azkaratek (Arrasate, Gipuzkoa. 1982) Eskoriatzako campusean egindako ekitaldian. Cum laude kalifikazioa lortu zuen lanari buruz galdetu diogu Oxel Azkarateri. 

 

Zer da “Pertsona Kooperatiboa” izatea? 

Modu labur batean esanda, eta ikerketa honetan eraiki dugun definizioa erabilita, Pertsona Kooperatiboa izango litzateke gizakia eta jendartea kontuan hartzen dituzten balio eta jarrera indibidualak, kooperatiboak eta komunitarioak dituena; burujabea, elkar-kidetzan diharduena eta ekintzaile sozio-komunitarioa: elkartasunean eta berrikuntzan oinarritutako eraldaketa sozialaren alde pentsatzen duena eta egiten duena.  

 

Nola neurtu daiteke hori?

Tresna psikometriko baten bidez proposatzen dugu neurketa egitea, Pertsona Kooperatiboa profila aldagai-anitzeko konstruktu moduan ulertuta, ikasleen auto-pertzepzioa jasotzen duen galdera-sorta batekin. KOOPHEZI-i tresna honek 10 aldagai desberdinekin neurtzen du Pertsona Kooperatiboa profila: auto-efikazia, moral barneratua, beharrizan kognitiboa, helburuen interdependentzia, enpatia kognitiboa, komunikazio asertiboa, justizia soziala, onginahia, ekintzaile soziala eta gizakiaren ikuspegi positiboa. 

 

Zergatik dira garrantzizkoak Pertsona Kooperatiboarekin erlazionatutako balioak gazteetan garatzea?

Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren balio horiek garrantzitsuak izan daitezkeelako gazteen garapen pertsonal eta profesionalerako, bizitzarako. Adibidez: norbera izaten ikasteko, ikasten ikasteko, besteekin kooperazioan harreman positiboak eraikitzeko eta elkartasunean eta berrikuntzan oinarritutako mundu ikuskera eraldatzaile baten alde pentsatzeko eta egiteko. Eta, era berean, komunitatearen garapen humano eta jasangarri baterako. Izan ere, XXI. mendeko testuinguruan identifikatzen diren askotariko krisiek mahaigainean jarri dute gaur egun pertsonek eta jendarteak, oro har, dituen erronka konplexuak (klima aldaketa, kolapso ekologikoa, automatizazioa, digitalizazioa, desberdintasun ekonomiko eta sozialen areagotzea…). Horiek guztiek eskatzen dute norbanako, erakunde eta komunitate desberdinen artean lankidetzan oinarritutako eraldaketa edota berrikuntza soziala, eta horretarako, ahots desberdinek aipatzen dute humanoagoak edota demokratikoagoak diren balioen beharra. Bide horretan, uste dugu lagungarria izan daitekeela Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren balioak, jarrerak nahiz konpetentziak balioan jartzea eta hauek garatzeko hezkuntza estrategiak ahalbideratzea. Kasu honetan, ikasle gazteetan zentratu gara, baina aldi berean, hezkuntza planteamendua bizitza osoko eta komunitate guztiarentzako ikuspegiarekin egitearen garrantzia azpimarratzen ahalegindu gara. 

 

Nola sustatu daiteke eskoletan eta unibertsitateetan gazteen kooperatibotasuna?

Ikerketan oinarrituta erantzun nahi dugu galdera hori, horretarako eraiki dugu KOOPHEZI-i tresna. Hots, eskoletan eta unibertsitateetan testuinguru, elkar-ekintza eta esperientzia desberdinak eskaintzen zaizkie egun ikasleei, izan ikaskuntza kooperatiboaren, kolaboratiboaren edo zerbitzuaren bidez (batzuk aipatzearren). Baina, zein eragin dute jarduera horiek ikasleetan? Zein didaktika edo metodologia eredu izan daitezke lagungarriagoak Pertsona Kooperatiboaren profila garatzeko? Uste dugu ikerketa honi jarraipena emanda, beste iker-galdera eta hipotesi batzuekin batera, galdera horiek erantzutea posible izan daitekeela.

 

Zein lagin kontuan hartuta egin duzu tesia?

Tesi honetan, KOOPHEZI-i tresnaren fidagarritasuna eta baliotasuna aztertzeko erabilitako lagina izan da 2.290 ikaslez osatutakoa. Horietako %49 emakumeak izan dira, eta %51 gizonak. Laginaren %40 Batxilergoko ikasleek osatu dute (16-17 urte), eta %60 Lanbide Heziketako eta unibertsitateko graduetako ikasleek (18-22 urte). Datuen jasoketa bi ikasturtetan zehar egin genuen, 2017-2018 eta 2018-2019.  

 

Zeintzuk ondorio nagusi atera dituzu? Zein da egiten den ekarpen nagusia?

Kontuan hartuta urte hauetan egindako literatura errebisioan ez dugula Pertsona Kooperatiboa profila definitzen duen frogatutako teoriarik aurkitu, ezta berau neurtzen duen tresnarik ere, ondorio nagusia (ekarpen gisa ulertuta) izango litzateke, batetik, Pertsona Kooperatiboaren definizio bat eta ezaugarritze bat eraiki, eta profilaren garapenerako eta ebaluaziorako aldagai gakoen identifikazioa eta zehaztapena egin dugula hezkuntza ikuspegi batetik, Teoria Funtsatua metodologiaren urratsak jarraituta. Eta, bestetik, lan horretan oinarrituta sortu eta balioztatu dugula Pertsona Kooperatiboaren profila ikasle gazteetan (16-22 urte) neurtzeko tresna fidagarri bat, froga psikometrikoen sorkuntzarako nazioartean ezarrita dauden eredu estandarrak markatzen dituen irizpideak jarraituta.

 

Aurkeztu berri duzun tesitik abiatuta, zeintzuk dira etorkizunerako irekitzen diren ikerketa ildo berriak?

Aukera desberdinak eskaintzen ditu ikerketa ildo honek. Alde batetik, KOOPHEZI-i tresnaren erabilerari eta garapenari lotutako ikerketa bideak egon daitezke. Esate baterako, ikerketa kuantitatibo longitudinalak egitea, beste testuinguru batzuetarako egokitzapenak egitea (beste adin-tarte, kultura, hizkuntza... batzuetara egokitzea tresna) edota ikasleen profilak aztertzen dituzten beste tresna batzuekin batera erabiltzea eta horretarako galdera-sortaren bertsio laburtua garatzea. Eta datu zein emaitza horie ulermenerako ikerketa diseinu mistoak egitea, ulermenean sakondu ahal izateko. Beste alde aldetik, Pertsona Kooperatiboa profilaren hezkuntza egongo litzateke; hau da, Pertsona Kooperatiboaren garapenerako esku-hartzeetarako proiektuen diseinua, inplementazioa eta neurketa egiteko prozesuak garatzea eta neurtzea hezkuntza komunitateko partaideekin elkarlanean. Azkenik, aipatu beste testuinguru (hizkuntza, kultura..) batzuetan Pertsona Kooperatiboaren ulermena edota pertsona integralaren ulermenean sakontzea ere interesgarria jotzen dugula.

 

Norentzako da bereziki baliagarria ikerketa hau?

Azken batean, Pertsona Kooperatiboa profila ikasleetan garatzea euren misioan duten, edo interesa duten, hezkuntza erakundeei tresna bat eskaintzen zaie egiten dituzten hezkuntza eskaintzen diagnostikoa osatzeko; alegia, ikasleen auto-pertzepzioan oinarrituta, Pertsona Kooperatiboa (sarrera-irteera) profilean duten eragina neurtzeko tresna bat eskaintzen da.