Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek hitzarmena sinatu dute Ingeniaritzako lehen maila Gasteizen eskaintzeko

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek hitzarmena sinatu dute Ingeniaritzako lehen maila Gasteizen eskaintzeko

LANKIDETZA HITZARMENA

Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek hitzarmena sinatu dute Ingeniaritzako lehen maila Gasteizen eskaintzeko

2027-2028 ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako graduen lehen maila egin ahal izango da Egibide-Jesús Obrero ikastetxean. Hasiera batean, 80 plaza eskainiko dira bi taldetan, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

2026·10·08

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek lankidetza-hitzarmena sinatu dute Gasteizen prestakuntza-jarduerak elkarrekin garatzeko. Akordio horri esker, 2027-2028 ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza ikasi nahi duten Arabako ikasleek lehen maila Egibide-Jesús Obrero ikastetxeko instalazioetan egiteko aukera izango dute, ohiko bizilekutik kanpo joan-etorriak egin beharrik gabe.

Eskaintza berria Batxilergotik zein Goi Mailako Lanbide Heziketako heziketa-zikloetatik datozen ikasleei zuzenduta egongo da, eta bakoitzaren aurretiko prestakuntzara egokitutako ibilbideak eskainiko dira. Hasiera batean, 80 plaza eskainiko dira bi taldetan, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta bi hezkuntza-erakundeetako irakasleek hartuko dute parte irakaskuntzan.

Hitzarmenaren berrikuntza nagusietako bat da Lanbide Heziketako zenbait heziketa-ziklotatik datozen ikasleek Ingeniaritzako gradua hiru urtean amaitzeko aukera izango dutela, jatorrizko titulazioaren eta aukeratutako graduaren arabera. Horretarako, gehienez 60 ECTS kreditu aitortzea aurreikusten da. Batxilergotik datozen ikasleek, berriz, lau urtean osatuko dituzte ikasketak.

 

Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko lotura indartzeko apustua

Hitzarmena urriaren 8an sinatu da, Egibideren Jesús Obrero campusean. Sinadura-ekitaldian parte hartu dute Albert Verges Vidal Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioko (Egibide) Patronatuaren Batzorde Exekutiboko presidenteak, Xabier Egibar Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreko presidenteak eta Iker Alberdi Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Kontseilu Errektoreko presidenteak.

Lankidetza horren bidez, bi erakundeek Lanbide Heziketaren eta unibertsitate-ikasketen arteko lotura sendotzeko konpromisoa indartu dute. Helburua da ikasleen prestakuntza-ibilbideei jarraipena ematea eta Arabako enpresek dituzten profil tekniko eta teknologikoen beharrei erantzutea.

Ekimen hau, gainera, Mondragon Unibertsitatea Ingeniaritzako graduak birdiseinatzeko garatzen ari den prozesuaren barruan kokatzen da. Prozesu horren helburuen artean daude lehen mailatik ingeniaritzaren oinarriak sendotzea eta prestakuntza-ibilbide desberdinetatik datozen ikasleen sarbidea erraztea.

 

Pretakuntza duala eta Arabako enpresekiko lankidetza

Eskaintza akademikoaz harago, hitzarmenak lankidetzarako bide berriak jasotzen ditu, prestakuntza duala sustatzeko eta ikasleek gradu amaierako lanak Arabako enpresetan egiteko aukera izan dezaten.
Bi erakundeek, guztira, 1.500 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiagoko sarea dute. Horri esker, hezkuntza-erakundeen eta lurraldeko enpresa-sarearen arteko harremana estutu ahal izango da, eta prestakuntza-prozesuan bertan talentu tekniko-teknologikoa enpresetan txertatzea erraztuko da.

Era berean, hitzarmenak profesionalentzako etengabeko prestakuntza espezializatuko ekintzak garatzea, Arabako eta Euskadiko sektore estrategikoekin lotutako graduondoko eskaintza berriak aztertzea eta ikerketa zein ezagutza-transferentziako proiektuak bultzatzea aurreikusten du.

Aliantza honen bidez, Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek profesional kualifikatuen prestakuntzarekin, hezkuntza-erakundeen arteko lankidetzarekin eta Arabako enpresa-sareak behar duen talentuaren garapenarekin duten konpromisoa indartu dute.