Mondragon Unibertsitateak beste bi urtez gidatuko du EU4Dual, prestakuntza duala bultzatzen duen Europako unibertsitate aliantza

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak beste bi urtez gidatuko du EU4Dual, prestakuntza duala bultzatzen duen Europako unibertsitate aliantza

EU4DUAL

Mondragon Unibertsitateak beste bi urtez gidatuko du EU4Dual, prestakuntza duala bultzatzen duen Europako unibertsitate aliantza

Europako Batzordeak 2028ra arte luzatu du EU4Dual proiektua. Mondragon Unibertsitateak jarraituko du Europako prestakuntza dualeko unibertsitate aliantza koordinatzen. Aliantzaren helburua da prestakuntza dualaren bidez Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea hobetzea, enplegagarritasuna indartzea eta Europako erronka sozialei, ekonomiko eta teknologikoei erantzutea.

2026·07·20

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak beste bi urtez jarraituko du EU4Dual Europako unibertsitate aliantzaren buru. Europako Batzordeak proiektua 2028ra arte luzatzea erabaki du, aliantzaren emaitzak sendotzeko, nazioarteko lankidetza indartzeko eta prestakuntza dualaren eredua Europako goi-mailako hezkuntzan zabaltzen jarraitzeko.

EU4Dual Europako prestakuntza dualean erreferente diren bederatzi unibertsitatek osatzen dute, eta Mondragon Unibertsitateak koordinatzen du 2023an sortu zenetik. Etapa berri honetan Portugalgo Portalegreko Institutu Politeknikoa aliantzara batu da, eta Hungariako John Von Neumann University unibertsitate elkartu bihurtu da. Horrez gain, Europako 20 enpresa eta erakunde berri gehitu dira aliantzaren sare estrategikora.

Prestakuntza duala, Europako goi-mailako hezkuntza eraldatzeko eredua

EU4Dual aliantzaren helburua da prestakuntza duala Europako goi-mailako hezkuntzaren garapenerako tresna estrategiko bihurtzea. Eredu honek unibertsitateko ikaskuntza eta enpresa edo erakundeetako esperientzia uztartzen ditu, ikasleen gaitasun profesionalak indartuz eta lan-merkatuaren beharrei hobeto erantzunez. Aldi berean, Europak dituen erronka nagusiei aurre egiteko prestakuntza berritzailea sustatzen du, hala nola digitalizazioa, jasangarritasuna eta talentuaren garapena.

Europako Unibertsitate dualak lehen titulazioa eskainiko du

EU4Dual aliantzaren lorpen nagusietako bat Europako Unibertsitate Duala sortzea izan da. Unibertsitate horrek 2026ko irailean hasiko du bere lehen titulazioa: Fabrikazio Digital eta Jasangarriko Ingeniaritzako Europako Baterako Masterra, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gidatuta. Masterra aliantzako lau unibertsitatetan eskainiko da, eta ikasleek seihilekoen eta espezializazioen arabera aukeratu ahal izango dute non ikasi.

Gainera, aliantzak ekonomia berdeari (Green Economy) buruzko Europako bigarren master dual bat garatzen ari da. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak parte hartuko du programa horretan, eta 2027-2028 ikasturtean martxan jartzea aurreikusten da.

Mondragon Unibertsitatea, prestakuntza dualaren erreferentea Europan

Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan prestakuntza dualean, eta 1966tik garatzen du hezkuntza-eredu hori. Gaur egun, unibertsitateko titulazioen %60 —12 gradu eta 15 unibertsitate-master— modalitate dualean eskaintzen dira, eta ikasleen %30k eredu horren bidez ikasten du. Helburua da 2028rako ikasleen erdia prestakuntza dualean aritzea.

Prestakuntza dualaren kalitatea bermatzeko, Mondragon Unibertsitateak 900 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiagorekin egiten du lan. Eredu horren emaitzetako bat da prestakuntza duala egiten duten ikasleen %26 praktikak egin dituzten erakunde berean lanean geratzen direla.