Mondragon Unibertsitateak titulazio bateratuen zigilu berria garatzeko Europako proiektu batean parte hartzen du
Mondragon Unibertsitateak titulazio bateratuen zigilu berria garatzeko Europako proiektu batean parte hartzen du
Mondragon Unibertsitateak titulazio bateratuen zigilu berria garatzeko Europako proiektu batean parte hartzen du
UOC, Universitat Oberta de Catalunyarekin batera sustatutako T-LED ekimenak zortzi titulazio bateratu egokitu eta garatuko ditu etorkizuneko Joint European Degree Label zigiluaren esparruan, hezkuntza duala, nazioarteko mugikortasuna eta enpresa-sarearekiko lankidetza indartuz

Mondragon Unibertsitateak, EU4Dual Europako unibertsitate aliantzaren bidez, T-LED (Testing Labour-Oriented European Degrees) proiektuan parte hartzen du erakunde lider gisa. Erasmus+ programak finantzatutako ekimen hau Europako Batzordeak hautatu du etorkizuneko Joint European Degree Label garatzen laguntzeko. Zigilu europar berri horrek herrialde desberdinetako unibertsitateek elkarrekin diseinatu eta emandako titulazio ofizialak aitortuko ditu. Proiektua titulazio bateratuen eredu berri hau probatzeko aukeratutako Europako 14 ekimenetako bat da.
Datozen hiru urteetan, T-LED proiektuak hamalau herrialdetako unibertsitateak eta erakundeak bilduko ditu, gaur egun dauden lau titulazio bateratu egokitzeko eta beste lau berri garatzeko helburuarekin, gradu, master eta doktorego mailetan. Ekimenak OpenEUk —UOCk hezkuntza ireki eta digitalean koordinatutako aliantzak— duen esperientzia eta Mondragon Unibertsitateak gidatzen duen EU4Dual aliantzaren hezkuntza dualeko eta enpresekin lankidetzako eredua uztartuko ditu.
Proiektuaren helburua Europako prestakuntza-eskaintza malguago, inklusiboago eta gizartearen zein lan-merkatuaren beharretara hobeto egokitutako baterantz aurrera egitea da. Horretarako, online, dual eta hibridoak izango diren programak sustatuko ditu, gero eta askotarikoagoa den ikasleriaren nazioarteko mugikortasuna errazteko, bereziki ikasketak lan-jarduerarekin edo bestelako erantzukizunekin uztartzen dituzten pertsonena. Era berean, enpresen eta erakundeen parte-hartzea indartuko du titulazioen diseinuan eta garapenean, unibertsitatearen eta haren ingurune sozioekonomikoaren arteko lotura sendotuz.
Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademiko eta EU4Dual aliantzaren koordinatzailearen hitzetan, "ekimen honek gure erakundeei aukera ematen die enpresak eta erakundeak unibertsitate-titulazioen diseinuan eta garapenean inplikatzearen garrantzia balioan jartzeko, eta, aldi berean, lankidetza-eredu horren Europako aitortzan aurrera egiteko".
Europako zigilu berrira egokituko diren titulazioen artean dago Mondragon Unibertsitateak koordinatzen duen Fabrikazio Ingeniaritza Digital eta Jasangarriko Masterra, eta haren lehen edizioa 2026ko udazkenean hastea aurreikusten da. Gainera, proiektuak programa berriak diseinatzea aurreikusten du jasangarritasuna, osasuna, industria-eraldaketa eta digitalizazioa bezalako esparru estrategikoetan, Europako erronka nagusietako batzuei erantzuten laguntzeko.
Ekimen honen bidez, Mondragon Unibertsitateak Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruaren eraikuntzarekin eta nazioarteko, hezkuntza dualeko eta berritzaileko prestakuntza garatzearekin duen konpromisoa indartzen du, unibertsitateen, enpresen eta erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta etorkizuneko erronkei erantzuteko.
