Mondragon Unibertsitatea, CIIE kongresura gonbidatua izan da hezkuntza-berrikuntzako esperientzia ezagurtarazteko

Atzera

Mondragon Unibertsitatea, CIIE kongresura gonbidatua izan da hezkuntza-berrikuntzako esperientzia ezagurtarazteko

Kongresua

Mondragon Unibertsitatea, CIIE kongresura gonbidatua izan da hezkuntza-berrikuntzako esperientzia ezagurtarazteko

Mondragon Unibertsitateko errektorea, Vicente Atxa eta Zuzendaritza Batzordeko kide batzuk Mexikon daude, Monterreyko Hezkuntza Berrikuntzari buruzko Nazioarteko kongresuan parte hartzeko.

2018·12·12

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko erretorea, Vicente Atxa, eta unibertsitateko Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuk Monterreyn (Mexiko) daude, Tecnológico de Monterrey (TEC) unibertsitateak antolatutako Hezkuntza Berrikuntzari buruzko Nazioarteko 5. Kongresuan parte hartzeko. Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustuaren berri ematea eta bere hezkuntza-eredua ezagutaraztea da helburua, arlo horretako liderrak baitira bai MU bera bai Monterreyko TEC.

Zehazki, Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Tecnológico de Monterrey unibertsitateko lehendakariak errektoreen panelean hartu dute parte, unibertsitateko irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetara bideratutako berrikuntza aztertzeko.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak, Jon Altunak, Latinoamerikako eta Europako errektoreordeen panelean hartu du parte, ezagutzaren erronka berrien aurrean unibertsitateak izan beharreko eraldaketaren inguruan hitz egiteko. Horrez gain, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, Begoña Pedrosak, hitzaldia eskaini du, XXI. mendeko hezkuntzaren berrikuntzari eta irakasleen zereginari buruz. Azkenik, Mondragon Unibertsitateko laguntzaile eta hezkuntza-eraldaketaren arloko aditu Xavier Garayk agerian jarri du unibertsitateak eraldatu beharra daukala, eta horren adibidetzat jarri du Mondragon Unibertsitatearen Mendeberri 2025 hezkuntza-eredua eta horrek dakarren unibertsitate-graduen egokitzapena.

Vicente Atxak bere hitzaldian azpimarratu duenez, hezkuntza-berrikuntzak ikasteko prozesua berriz aztertu eta antolatzea eskatzen du, haren erdigunean pertsonak kokatzeko, hots, ikasleak. Ildo horretan, errektorearen hitzetan, “ikasteko prozesuek eta metodologiek eraginkorrak izan behar dute, balio intelektuala eta pertsonala eman behar diete ikasleei. Kontua ez da informazioa transmititzea, baizik eta ikasleek ikasteko eta pertsona bezala hazteko prozesurik onena zehaztea”.

Era berean, erantsi du, unibertsitateko berrikuntzak urrunago heldu behar duela eta, ezagutza ez ezik, hainbat gaitasun eta kontzeptu ere bideratu behar dituela, “etorkizuneko erronkei aurre egingo dien gizarte solidario, bidezko eta kooperanteagoa garatzeko”. Gainera, Mondragon Unibertsitatearen DNAri leial, honako hau adierazi du: gizartearekin eta inguruko enpresekin dituen harreman estuak landu eta mundu aldakor honen beharretara egokitzen bada baino ez du lortuko unibertsitateak benetan eraldatzea. Izan ere, azaldu du Atxak, herrialde lehiakor eta aurreratuek ezagutza sorraraziko duten unibertsitateak izan beharko dituzte etorkizunean, baina, batez ere, ezagutza hori enpresen eta gizartearen ingurunera transmititzen jakingo duten unibertsitateak.

Ildo horretan, honako hau nabarmendu du errektoreak: “etorkizuneko unibertsitateak esperientzia praktikoa, berritzailea eta ikasle bakoitzaren garapen pertsonalarekin eta intelektualarekin konprometitua izan behar du, ikasle horrek bere bizitzako urterik preziatuenak emango baititu bertan bere gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzen. Pertsonen etorkizunarekin konprometitutako unibertsitatea izan behar du, dinamikoa, sortzailea, munduari irekia eta nazioarteko ikuspegia duena”.

MUko errektoreordeak, bere aldetik, gogora ekarri du Mondragon Unibertsitatea (liderra hezkuntza-berrikuntzan) Mondragon 2025 eredu pedagogikoan ari dela lanean. Eredu horren barruan 6 ardatz zehaztu ditu, egresatuek gizartea aldatzeko beharrezkoak direnak: munduko herritarra, nortasun eta helburu pertsonalak, ikasle malgua, ikasle aktiboa, komunikatzailea eta komunikazioaren erraztailea eta kooperatiboa. Horrela, unibertsitateak aurrea hartuko die etorkizuneko erronkei, eredu arin eta aurreratu baten bidez.

Bestalde, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien dekanoa XXI. mendeko hezitzaileek izan behar duten profilaz mintzatu da. Gizartean eta eskola-ereduan aldaketa sakonak nagusi diren testuinguru batean, lanbide-eskakizun berriei erantzun beharko diete etorkizuneko irakasleek.

Beste erakunde batzuekiko lankidetza

Mexikora egindako bidaia ostiralean, hilak 14, amaituko da. Bidaian zehar, unibertsitateko zuzendaritza-taldeak bilerak egin ditu zenbait erakunderekin, hezkuntza-berrikuntzaren arloko lankidetzan eta gestio sozialari eta kooperatiboari lotutako gaietan aurrera egiteko, unibertsitateak arlo horietan duen hezkuntza-eredua esportatzeko xedez.

Hala, Vicente Atxa errektoreordea Tecnológico de Monterrey unibertsitateko errektoreordearekin elkartuko da, bi unibertsitateetako ikasleen mugikortasunaren inguruko akordioa sinatzeko. Ikasle horiek erronka berean lan egitea izango du helburu akordio horrek. Begoña Pedrosa, bere aldetik, Mexikoko Gobernuko Gizarte Ekonomiako zuzendariarekin bilduko da, gestio sozialeko eta kooperatiboko profesionalak trebatzeko lankidetza-ildoak adosteko. Azkenik, Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik eta Ekintzailetza Areako koordinatzaile Aitor Lizartzak Ibero Puebla unibertsitatea bisitatuko dute, bi unibertsitateen artean ekintzailetzaren arloko hitzarmenak erdiesteko.