Mondragon Unibertsitateak genero-ekitatearen aldeko 8 proposamen piloto txertatu ditu Labs4Change Europako proiektua itxi ondoren
Mondragon Unibertsitateak genero-ekitatearen aldeko 8 proposamen piloto txertatu ditu Labs4Change Europako proiektua itxi ondoren
Mondragon Unibertsitateak genero-ekitatearen aldeko 8 proposamen piloto txertatu ditu Labs4Change Europako proiektua itxi ondoren
Euskarazko hiztegi inklusibo bat, campuseko hilekoko produktu doakoak eta bi hautazko irakasgai berriren garapena dira ikasle eta irakasleekin bi urtez egindako lanaren ondarearen parte

Mondragon Unibertsitateak amaiera eman dio Labs4Change proiektuari. Europar Batasunaren Erasmus+ programak kofinantzatutako proiektu hori 2024-2026 aldian koordinatu du, Dortmundeko Unibertsitate Teknikoarekin (Alemania), Tesaliako Unibertsitatearekin (Grezia), Dinamia aholkularitza sozialarekin (Espainia) eta 2811 Social Enterprise erakunde alemaniarrarekin batera. Helburua berdintasunaren, aniztasunaren eta diskriminazio ezaren aldeko konpromisoak unibertsitateko praktika zehatz bihurtzea zen.
Mondragon Unibertsitatean, proiektua Living Lab baten bidez garatu da. Berrikuntza sozialeko laborategi horretan, ikasleek, irakasleek eta langileek beren inguruan antzemandako genero-ekitateari lotutako arazoei irtenbideak diseinatu dizkiete. Horretarako, hainbat metodologia sortu eta erabili ziren erronkak identifikatzeko eta arlo honetan unibertsitateak auditatzeko. 50 ikasle baino gehiagok hartu dute parte prozesu parte-hartzaile honetan.
8 irtenbide, eta zer geratzen den bakoitzetik
- Hileroko Eskubideen Kita: higiene-produktu doakoak eta informazio-materiala Irungo campuseko komunetan.
- Hiztegi Inklusiboa: euskarazko hizkera inklusiboko hiztegi digitala, 2026-27 ikasturtean ikasleen artean zabalduko dena.
- Adierazle Feministak: LEINN graduko ekintzailetza-proiektuei berdintasun-irizpideak aplikatzen dizkien tresna digitala. Fakultateko ekintzailetza-proiektu guztietan txertatuko da 2027–2028 ikasturtetik aurrera.
- Hautazko Ikastaroak: feminismoa eta ekonomia sozial inklusiboari buruzko bi hautazko irakasgai berriren garapena.
- Rolen Gurpila: enpresen ebaluazio-prozesuetarako tresna. Talde ekintzaileei aukera ematen die zeregin produktiboak eta erreproduktiboak nola banatzen dituzten aztertzeko.
- Emakume Ekintzaileen Katalogoa: emakume erreferenteen bilduma, LEINNeko ikasleekin lankidetzan egina, unibertsitatean ikusaraziko dena.
- Espazio Inklusiboa: irakurketa-txoko feminista bat, irakurketa-klub aktibo batekin eta berdintasun-baliabideak ikusgai. Besteak beste: genero-indarkeriaren prebentziorako informazioa eta kontaktuak, erantzunkidetasunari eta kontziliazioari buruzko materiala, eta soldata-arrakalari, emakumeen lidergoari eta emakumeen eskubideei buruzko infografiak.
- Barne Prestakuntza: unibertsitateak adierazi du hurrengo ikasturtetik aurrera irakasle eta langileentzako prestakuntza bat abian jartzeko asmoa duela, genero-indarkeriaren prebentzioari buruz.
Europako dimentsiotik eragin transnazionalera
Labs4Change-k Espainiako, Alemaniako eta Greziako unibertsitateak eta erakundeak elkartu ditu, eta haren irismena partzuergotik harago iritsi da. Proiektuak nazioarteko panel ireki bat antolatu zuen, lau adituekin:
- Liudvika Leisyte irakasle doktorea (TU Dortmund, unibertsitate-gobernantza);
- Inés Sánchez de Madariaga doktorea (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Generoari buruzko UNESCO Katedra);
- Yenniffer Ávalos Carrasco doktorea (Santiago de Chileko Unibertsitateko Genero, Ekitate eta Aniztasun zuzendaria);
- Irune Martínez Rebolledo (Txileko Goi Mailako Hezkuntzako Idazkariordetzako genero-aholkulari ohia).
Beyond Gender Academy online ikastaroak munduko 14 herrialdetako 25 unibertsitatetako 113 ikasle prestatu eta diplomatu ditu.
Tokian eta eskualdean, Living Lab-ek aldaketa zehatzak eragin dituzte hiru campusetan, eta udal-erakundeak eta gizarte zibileko erakundeekin egin dute lan. Europa mailan, Espainiaren, Greziaren eta Alemaniaren arteko alderaketak erakutsi du identifikatutako desberdintasun-dimentsioak egiturazkoak eta mugaz gaindikoak direla. labs4change.org webgunean dauden tresna irekiei esker, beste unibertsitate batzuek eredua errepika dezakete.
Volosen (Grezia) 2026ko maiatzean egindako azken konferentziak ko-sorkuntzako tailer bat izan zuen. Tailerrak Voloseko udal-harrera zentroak (indarkeriaren biktima diren emakumeentzakoa) planteatutako erronka bat landu zuen. Hack Your City metodologia ere garatu eta aplikatu zen ikasleekin. Genero-ikuspegidun hiri-auditoria parte-hartzailea da, eta espazio publikoko segurtasun-, irisgarritasun- eta inklusio-baldintzak ebaluatzen ditu behaketa sistematikoaren eta diagnostiko kolaboratiboaren bidez. Konferentziak tokiko erakundeen babesa izan zuen, eta erakunde horiek ideia berriak eta ikasle eta unibertsitateekiko loturak lortu zituzten.
Nazioartean, emaitzak hainbat lekutan partekatu dira: ISA 2025 kongresuan, EAIR 2026 konferentzian (Vilnius), UCLouvainekin egindako truke batean eta Buenos Airesko Global Indicators of Social Innovation tailerrean (2026). Horrela, Labs4Changeren ikaskuntzak berrikuntza sozialeko agenda zabalago bati gehitu zaizkio. Gainera, Living Lab-en esperientziari buruzko artikulu zientifiko bat SocietàMutamentoPolitica aldizkarian argitaratuko da. Firenze University Press-ek (Florentziako Unibertsitatea) argitaratzen duen soziologia-aldizkaria da, sarbide irekikoa.
Europar Batasunak kofinantzatua. Hala ere, adierazitako iritziak eta ikuspuntuak egilearenak (edo egileenak) baino ez dira, eta ez dute zertan bat etorri Europar Batasunarenekin edo Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuarenekin (SEPIE). Ez Europar Batasuna ez diru-laguntza ematen duen agintaritza ezin dira horien erantzule izan.
