Mondragon Unibertsitateak trantsizio ekologiko jasangarria bultzatzen du Gipuzkoan

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak trantsizio ekologiko jasangarria bultzatzen du Gipuzkoan

Gipuzkoa Eraberritzen

Mondragon Unibertsitateak trantsizio ekologiko jasangarria bultzatzen du Gipuzkoan

Enpresagintza Fakultateak «Gipuzkoa Eraberritzen» izeneko proiektua bultzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera

2023·11·27

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateak, mundu jasangarriago eta justuago bat eraikitzeko ahaleginean, Enpresagintza Fakultateko ikerlarien «Gipuzkoa Eraberritzen» ikerlana bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Arestian aurkeztu da, eta gizarte-berdintasunaren eta laneratzearen ikuspegitik trantsizio ekologikoak ekarriko dituen aldaketei aurrea hartuko dien Gipuzkoa bat eraikitzeko funtsezko ikerketa-proposamena da.

Eraldaketa guztiek moduan, aukerak eta mehatxuak dakartza trantsizio ekologikoak. Ikerlanaren arabera, Gipuzkoako enpresa-ehunean trantsizio ekologiko jasangarria egiteak ingurumen-onurak ekarriko ditu, baina baita enpresa-kudeaketa hobetzea (esaterako, kostuak aurreztea, efizientzia eta lehiakortasuna) eta gizarte-eragin positiboak (adibidez, enpresa-gardentasun handiagoa eta lan-jardunbide malguagoen sustapena) ere. Halere, trantsizio horrek kezkak sorrarazten ditu; izan ere, eragin negatiboa izan dezake prestakuntza eguneratu ez duten 45 eta 65 urte bitarteko pertsonen lan-segmentuan, eta, ondorioz, Gipuzkoako gizartean.

Erronkak eta aukerak

«Gipuzkoa Eraberritzen» proiektuaren bidez, trantsizio ekologiko jasangarriaren arazoari bi fronte nagusitatik heltzea erabaki dute Mondragon Unibertsitateko ikerlariek. Lehenik eta behin, trantsizio ekologiko jasangarriak Gipuzkoako enplegagarritasunean izan ditzakeen eraginak aztertuko dituzte, lan-dinamikak eta horiek langileen artean dituzten eraginak hobeto ulertzeko.

Bigarrenik, eraginak identifikatutakoan, trantsizio ekologikoaren ondoriozko desberdintasunak handitzeari aurrea hartzeko enpresek eta erakunde publikoek har ditzaketen neurriak finkatuko dituzte. Horretarako, aginte-taula bat eta roadmap bat sortu dira, ekintza positiboko neurriak ezartzeko bai enpresa-arlorako eta bai kudeaketa publikorako.

Proiektuak talde- eta lankidetza-ahalegina du oinarri, XXI. mendeko Gipuzkoarako etorkizun jasangarri eta ekitatibo baten ikuspegiarekin bat. Eta eskualdeak trantsizio ekologikoaren eta jasangarritasunaren erronkei aurre egiteko harturiko konpromisoa erakusten du.