Mondragon Unibertsitatea eta Fagor Electrónica aliatu egin dira, industria-teknologien garapena bultzatzeko
Mondragon Unibertsitatea eta Fagor Electrónica aliatu egin dira, industria-teknologien garapena bultzatzeko
Mondragon Unibertsitatea eta Fagor Electrónica aliatu egin dira, industria-teknologien garapena bultzatzeko
Bien arteko lankidetzak arlo akademikoaren eta enpresarialaren arteko lotura sendotzen lagunduko du, ezagutzaren benetako transferentzia eta industrian gaitasun berriak txertatzea bultzatuz. Industriaren etorkizunerako funtsezkoak diren teknologien garapenean eta industria-talentuaren prestakuntza praktikoan oinarrituko dira jarduerak

Fagor Electrónicak eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak hitzarmena sinatu dugu, bi erakundeen artean lankidetza-ingurune egonkor bat sortzeko eta, horrela, ezagutza sortzea, teknologia berriak garatzea eta kualifikazio handiko talentua prestatzea ahalbidetzeko. Hasiera batean, lau urteko indarraldia izango du aliantzak, eta jarraitzeko bokazioa. Horri esker, I+Gko proiektu bateratuak garatu ahal izango dira, bai eta unibertsitate- eta enpresa-harremanak sendotu eta profesionalen eta ikertzaileen etorkizuneko belaunaldiak prestatu ere, industriarentzat funtsezkoak diren eremu teknologikoetan.
Programan, ikerketako lantalde mistoak eratuko dira, Fagor Electrónicako profesionalekin, Mondragon Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleekin eta graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleekin. Lankidetza horrek arlo akademikoaren eta enpresarialaren arteko lotura sendotzen lagunduko du, ezagutzaren benetako transferentzia eta industrian gaitasun berriak txertatzea bultzatuz.
Industriarako aliantza estrategikoa
Jarduerak Fagor Electrónicaren etorkizunerako estrategikoak diren arlo teknologikoetan oinarrituko dira; hauek nabarmentzen dira, batez ere: potentzia-bihurgailuen diseinua, kontrol- eta modulazio-sistemak, energiaren biltegiratzea, elektronika txertatua, FPGA, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, fabrikazioko teknologia aurreratuak eta gailu erdieroaleen simulazioa.
Industriaren lehiakortasuna
Ikerketa- eta berrikuntza-proiektuez gain, hitzarmenak beste hauek ere aurreikusten ditu: prestakuntza-programak elkarrekin diseinatzea, enpresako profesionalek jarduera akademikoetan parte hartzea, gradu- eta master-amaierako lanak eta doktorego-tesiak egitea, enpresetan praktikak egitea eta enplegagarritasuna, eta gazteen talentuaren garapena sustatzeko beste ekimen batzuk.
Jardueren lerrokatze estrategikoa bermatzearren, bi erakundeek lau urterako ibilbide-orri teknologiko bat egingo dute, garatu beharreko ikerketa-ildo nagusiak eta lehentasunezko teknologiak identifikatzeko. Ibilbide-orri hori aldian-aldian berrikusiko da, merkatuaren beharretara eta bilakaera teknologikora egokitzeko.
Hitzarmenarekin, elkarlaneko berrikuntzarekiko konpromisoa indartu dute Fagor Electrónicak eta Mondragon Unibertsitateak, industria-lehiakortasunaren eragile delakoan, eta, horrela, irtenbide teknologiko aurreratuak garatzen eta Euskadiko ezagutza- eta berrikuntza-ekosistema indartzen lagundu dute.
