Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak 100.000 euroko bekak eman dizkie sei laguni, industria-ekintzailetzako ekimenak sustatzeko

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak 100.000 euroko bekak eman dizkie sei laguni, industria-ekintzailetzako ekimenak sustatzeko

Ekintzailetza

Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak 100.000 euroko bekak eman dizkie sei laguni, industria-ekintzailetzako ekimenak sustatzeko

Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketaren aurtengo edizioan 29 hautagai aurkeztu dira. Proiektu irabazleen artean, hauek daude: papera garatzeko hondakinen balorizazioa, avatar interaktiboen diseinua eta programazioa, edota eraikuntzarako material jasangarriak garatzeko sistema bat, drone bidezko erreskate-sistema bat.

2026·06·04

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketaren finala izan dugu gaur. Startupen eta ingeniaritzako ikasleen arteko lankidetzaren bidez industria-ekintzailetza jasangarria bultzatzea du lehiaketak xede. Guztira, 29 proiektu aurkeztu dira. Horietatik 10 dagoeneko eratuta dauden eta beren taldeetan ingeniaritzako ikasle bat sartzeko asmotan dabiltzan startupetatik datoz. Aurkeztutako beste 19 proiektuen artean, Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleek garatutako ekintzailetza-proiektuak dira 8 eta, 11, talentu gazteen industria-ideia ekintzaileak, oraindik garatzeko daudenak. Bekaren laguntzarekin, beren ekintzailetza-proiektuan lehen urratsak egin nahi dituzte horiek.

Guztira, sei pertsonak jaso dituzte bekak: bi ikaslek hiru hilabeteko laguntza jaso dute, beren negozio-ideia lantzeko; inguruko lau proiektuk (startupek) 11 hilabetez ingeniari bat kontratatzeko finantzaketa jaso dute. Gainera, beste sari batzuk ere banatu dira: SOKALAGUN saria, 900 eurokoa, jabetza intelektualeko (IPko) estrategia bat zehazten laguntzeko; Aurkezpen onenaren saria; eta Publikoaren Saria. Guztira, 100.000 euro baino gehiagokoa da banatutako sarien zenbatekoa, eta beka bakoitzarena, 13.000 eurokoa.

Hona hemen proiektu irabazleak:

Talentuaren kategoria

  • BIZIWASTE, Morgana Vía.

Biziwaste proiektuaren helburua da papera, kartoia eta antzeko ezaugarriak dituzten beste material batzuk lortzea, Errioxan ardoa botilatzeko prozesuan sortutako hondakinak erabiliz.

  • AVATARES INTERACTIVOS, Ainhoa Alonso.

Abatar digital interaktiboak diseinatzea eta programatzea du xede, hainbat ingurune eta aplikaziotan esperientzia berritzaile eta pertsonalizatuak eskaintzeko gai diren abatarrak.

 

Startupen kategoria

  • NIDO

Eraikuntzan aplikatutako bioteknologiako startup bat da, naturan oinarritutako material jasangarriak garatzen dituena, sektorearen ingurumen-inpaktua murrizte aldera. Ekonomia urdinaren printzipioetan funtsatzen da haren proposamena, itsas baliabide berriztagarriak erabiltzen baititu —esaterako, algen deribatuak—, karbono-aztarna txikiko eta energia-efizientzia handiko eraikuntza-panelak sortzeko.

  • GURAITZ

Azken belaunaldiko droneak erabiliz erreskaterako eta larrialdietarako irtenbideetan espezializatutako startupa da Guraitz. Iristeko zailak diren inguruneetan bilaketa- eta salbamendu-lanen azkartasuna eta segurtasuna hobetzea du helburu; besteak beste, mendialdeetan, baso-eremuetan edo hondamendiek eragindako tokietan.

  • OPPORTUNITY HEALTH

Osasun-teknologiaren arloko startup nafarra da Opportunity Health, eta Yarnasa gailua garatu du, eztarriko trabamendua gertatzen denean erabiltzeko gailu automatiko eta autoaplikagarri berritzaile bat. Enpresak erantzun azkar, erraz eta segurua eman nahi dio istripuzko heriotzen kausa nagusietako horri; izan ere, edozein pertsonak erabil dezake gailua, kanpoko laguntzaren eta lehen sorospenei buruzko aurretiazko ezagutzen beharrik gabe.

  • NEETY

Gipuzkoako startup bat da Neety, eta B2B negozio-garapenera bideratutako adimen artifizialeko plataforma bat sortu du. Haren teknologiak aukerak identifikatzen, bezero potentzialak lehenesten eta ekintza komertzialak unerik egokienean gauzatzen laguntzen die talde komertzialei, tradizionalki saltzaileen denborarik gehiena xahutu ohi duten zereginak automatizatuz.

 

SOKALAGUN saria

  • GURAITZ

 

Talentua proiektu bila

  • Lier Quesada ikasleak lortu du sari hori.

 

Aurkezpenik onena

  • DAISER

Aholkularitza energetikoan eta energia-efizientzian espezializatutako enpresa da Daiser Energía, eta kontsumoak optimizatzen eta energia-kostuak txikitzen laguntzen die enpresa eta erakundeei. Donostian du egoitza, eta zerbitzu hauek eskaintzen ditu: elektrizitate- eta gas-kontratuak aztertu eta kudeatzea, kontsumoak monitorizatzea, energia aurrezteko neurriak ezartzea eta energia berriztagarrietan oinarritutako irtenbideak garatzea.

 

Publikoaren saria

  • BIZIWASTE, Morgana Vía

Hiru kategoria handi

Lehiaketa hiru kategoria handitan banatuta dago: «Proiektudun talentua», eskolako harrobitik sortutako proiektu ekintzaileek parte hartzeko; «Talentua proiektu bila», Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoan proiekturik ez duten eta startup batean parte hartzeko prest daudenentzat, eta «Proiektua talentu bila», fakultateko talentua erakarri nahi duten inguruko startupentzat eta proiektu ekintzaileentzat.

Enpresa laguntzaileak

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat urte daramatza lehiaketa bultzatzen, eta, urteotan, enpresa askok egin dute bat gurekin. FAGOR, Orbea eta MONDRAGON korporazioa dira lehiaketaren sustatzaile nagusiak, eta haiei esker lortu ahal izan dira lehiaketan banatuko diren sarietarako 100.000 euroak. LABORAL Kutxako Gaztenpresa, Saiolan, GARAIA eta Galbaian ere elkarlanean ari dira lehiaketan. Horiek guztiak inplikatuta daude lurraldean talentu teknologikoa, enpleguaren sorrera eta aberastasuna sustatzen.

 

Ikusi hemen finaleko argazkiak