Mondragon Unibertsitateak eskualde ezberdinetan plataforma-kooperatibak bultzatzeko eta elkarren arteko lankidetzan aritzeko programa sortu du

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak eskualde ezberdinetan plataforma-kooperatibak bultzatzeko eta elkarren arteko lankidetzan aritzeko programa sortu du

Plataforma-kooperatiba

Mondragon Unibertsitateak eskualde ezberdinetan plataforma-kooperatibak bultzatzeko eta elkarren arteko lankidetzan aritzeko programa sortu du

Plataformaren helburu nagusietako bat plataforma-kooperatibak elkarren arteko lankidetzan aritzea da, eta beraien eredua arrakastatsua den kasuetan beste komunitateetan ere errepikatu ahal izatea

2025·09·26

$titulo.getData()


Plataforma-kooperatibek gero eta presentzia eta babes handiagoa dute gure gizartean. Plataforma digital konbentzionalen alternatiba berritzaile eta bidezkoagoa dira, ikuspegi sozial eta orekatu batetik ekonomia digitala eraldatzeko asmoz sortuak. Aplikazio horiek ez dira inbertsore talde txiki baten jabetza, baizik eta beraiek erabiltzen eta bertan lan egiten duten pertsonena. Lan-eredu honetan, pertsona guztiek parte hartzen dute erabakietan eta irabaziak partekatzen dituzte.

Mondragon Unibertsitateak, 8 kiderekin batera (Tazebaez eta MU Enpresagintza Fakultatea-MTA Euskadin; Barcelona Activa, Tandem go eta Fasolà Bartzelonan; Andaluziako Gizarte Ekonomiako Eskola; eta Lapromotora Valentziatik), We-Coop izeneko plataforma sortu du, plataforma-kooperatibak sustatu eta lurralde bakoitzaren beharrei erantzuteko helburupean. Gainera, badu bigarren helburu bat: ahal den neurrian, eskualdeko plataforma horiek elkarren artean lankidetzan aritzea eta euren eredua beste komunitateetan ere erreplikatzea, arrakasta dutenean.

We-Coop-en aurkezpena

Irailak 24an, We-Coop ekimenaren aurkezpen ofiziala izan da. Jardunaldia 10etan hasi zen Mondragon Unibertsitateko Oñatiko campusean, ekitaldi instituzionalarekin eta antolatzaile-kontsortzioaren aurkezpenarekin abiatuta. Ondoren, plataforma-kooperatibak zer diren eta ekonomia digitala ikuspegi sozial batetik nola eraldatu dezaketen aztertu zen.

Jarraian, gaur egungo egoerari, joerei eta etorkizuneko aukerei buruzko hitzaldia eskaini zen, We-Coop-en aurkezpen ofizialarekin jarraituz. Horren ondoren, plataforma-kooperatiben esperientziak eta arrakasta-kasuak aurkezteko mahai-ingurua izan zen.
Jardunaldia hamaiketako batekin bukatu zen.

Next Generation Funtsak

We-Coop, Europako Batasunaren Next Generation Funtsez finantzatutako proiektua da, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak garatutako Ekonomia Soziala Sustatzeko Plan Integralaren barruan. Plan horren helburua ekonomia inklusibo eta jasangarri bat sortzea da, eta 2022-2023 eta 2024-2025eko deialdien barruan kokatzen da, Ekonomia Sozialaren eta zaintzen arloko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Aurretik, Mondragon Unibertsitateak bultzatutako “Platform Coop Venture Builder” ekimenak bidea ireki du plataforma-kooperatiba digitalen sorrera sustatzeko hainbat autonomia-erkidegotan.