Road2DC proiektuko kideak elkartu dira lehen jarduera urtea baloratzeko

Atzealdea

Road2DC proiektuko kideak elkartu dira lehen jarduera urtea baloratzeko

PROIEKTUA

Road2DC proiektuko kideak elkartu dira lehen jarduera urtea baloratzeko

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak finantzatutako proiektua da Road2DCa, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak gidatzen du, ac/dc banaketa sare hibridoen diseinurako eta kontrolerako tresna berrien sorrera helburu izanik.

2019·01·24

$titulo.getData()


Pasa den urtarrilaren 22an, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak proiektuaren partzuergoko kide guztiak deitu zituen Tecnaliak Derion,  Bizkaiko Parke Teknologikoan, dituen instalazioetan egingo zen jarraipen bilerara. Bilera hartan 2018an egindako aurrerapenak azaldu ziren eta 2019rako jardute ildoak ezarri ziren. Guztira, partzuergoaren 14 ordezkari elkartu ziren, Ingeteam, Ikerlan, Tecnalia, DeustoTech eta MGEP erakundeetatik joanda, eta horiek egun osoan aritu ziren lanean, besteak beste gai hauek lantzen:
  • Zer eszenatokitan izan daitekeen interesgarri ac/dc sare hibridoak integratzea.
  • Eszenatoki horien gaineko analisi tekno-ekonomikoak eta ingurumenekoak.
  • Portaera dinamikoa ebaluatzeko analisi tresnen garapena eta ezarpena.
  • Sare horietara konektatutako gailuen kontrol eta kudeaketa energetikorako tekniken garapena eta konparazioa.
2018aren hasieran ekin zitzaion Road2DC proiektuari, egungo sistema elektrikoa hobetzeko irtenbideak proposatzeko asmoarekin. Zentzu horretan, proposatutako ikerketa lerroak erabat datoz bat Eusko Jaurlaritzak espezializazio adimendunerako garatu dituen ikerketa eta berrikuntza estrategiekin edo, beste era batera esanda, RIS3 deitutakoekin. RIS3aren barruan, espezializazioko hiru lehentasun estrategiko nabarmendu dira: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna.
 
Energiaren gaineko espezializazioan sartzen dira energia sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko sistemen garapena eta potentziako elektronika energiaren kalitatea hobetzeko eta energi eredu iraunkor baterantz aldatzen joateko. Eremu horretara bideratuta daude, beraz, sare elektrikoa ac/dc sare hibridoen garapenaren bitartez modernizatzeko lanak, Road2DC proiektuaren helburua baita modernizazio hori.
 
Jon Andoni Barrena da proiektuaren ikertzaile nagusia eta bera da, baita ere, Energia Elektrikoa Kontrolatzeko erabilitako Potentziako Sistema Elektronikoen ikerketa lerroaren koordinatzailea MGEPen. Bere iritziz, Road2DC proiektuaren asmoa da etorkizuneko sare elektrikoen garapenerako oinarriak finkatzea bi unibertsitatek (DeustoTech eta MGEP), EAEn erreferenteak diren bi ikerketa zentroek (IK4-Ikerlan eta Tecnalia) eta Ingeteamek, beste batzuekin batera potentziako elektronikaren sektorean liderra den enpresak, duten esperientzia uztartuz.
 
Erreferentzia: KK-2018/00083