Literatur Topaketa 2009: Literatura eta idazle sekretuak

Atzera

Literatur Topaketa 2009: Literatura eta idazle sekretuak

LITERATUR TOPAKETA 2009
 

Gertaera

Literatur Topaketa 2009: Literatura eta idazle sekretuak

Data eta ordua

March 9

Kokapena

Eskoriatza

Literatur Topaketa 2009: Literatura eta idazle sekretuak

Idazle mediatikoa edo idazle sekretuak? Zer da hori? Ideia Iban Zalduari lapurtu nion, abenduan Baionan emandako hitzaldi baten ildotik.  Zalduaren estiloko “sailkapen” erdi umoretsu eta beti zorrotz horietako batean, gure literatura nazionalaren berezitasunak aletu zituen. Euskal literatura, zalantzarik ez dago, izugarri aldatu da azkeneko berrogeita hamar urteotan. 

Iban Zalduaren arabera, “idazle ona izateko ez da jada nahiko testu onak eta esanguratsuak idaztea, lehen bezala. Idazle ona izatea, gaur egun, hori baino askoz gehiago da: idazle mediatikoa izatea da”.  Eta, hain da horrela, ezen emango bailuke idazle mediatikoa izan gabe ezin dela izan idazle “on”. Beraz, apurtu da idazlea intimitatearen esparruan lan egiten duen irudia. “Oholtzara igo da idazlea errezitaldi, irakurraldi, hitzaldi eta ikus-entzunezko saioetan errealizatzen da”.

Gure erronka, medioetan horren agerikoak ez diren “idazle sekretuak” ekartzea izan da.  Testugintzan aritzen dira, baina ez dute hautatu publikoak izatea. Beno, “idazle sekretuen” artean ere badago aniztasuna: batzuk sekretuak izan arren, Xabier Montoia bezala (liburuak ez ditu aurkeztu ere egiten), oso ezaguna da, saldua eta sariduna (nahiz eta ez zen azaldu iaz irabazi zuen Euskadi Sariko ekitaldira). Idazle sekretua izatea eta sarri idaztea ez da kontraesana: Xabier Montoia ez ezik, hor dago Karlos Linazasoro idazle tolosarra ere (biak etorriko zaizkigu).

Badago beste idazle sekretu mota bat ere: obren arteko literatur isiltasun tarte handiak uzten dituztenak (Rikardo Arregi kasu). Badago idazle sekreturik ikuspegi tradizionala lotu dutenak, Patziku Perurena kasu. Azken honek ere ez dute egiten errezitaldi, irakurketa edo agerpen publikorik.

Baina kontua zera da Zalduaren arabera: idazle sekretuek ekarpen handiago egin diotela euskal literatura idazle mediatiko arrakastatsu batzuen obrak baino.

Horrela bada, guk idazle sekretuak gurera ekartzeko ahalegina egin dugu, eta badakigu paradoxa ederra dela prentsara zabaltzea idazle horien etorrera. Idazleek euren sekretutasuna adieraziko dute, edota behintzat, “erakutsi”. Hona hemen proposatzen den egitaraua.

 

Agenda / Programa

  • Martxoaren 9an, astelehena, Patziku Perurenak “Akelarretik etxerakoan” saioan “akelarre” hitzaren jatorria azalduko du, baita euskarazko zenbaki  eta kolore batzuen sinbologia ere. Arratsaldeko 6:30etan.
  • Martxoaren 10ean, asteartea, Rikardo Arregik “Nik ez dakit nor den ni” hitzaldian, bere nia anitza adieraziko du, identitate anitza aldarrikatzeko. Argitaraturiko poemak ez ezik, poema berriren bat irakurriko ditu.  Goizeko 11:30etan izango da saioa.
  • Martxoaren 11n, asteazkena, Karlos Linazasorok  hasteko “nire sekretutasuna zergatik den uste dudan mintzatuko naiz, eta beste idazleek zergatik uste duten naizela sekretu”. Gero bere poetikaz hitz egingo du, zer idazten duen eta zergatik, zergatik jotzen duen laburtasunera, eta gero, hainbat testu, poema, haiku, aforismo eta abar irakurriko ditu “nire bitxi izate hori nolabait nire obraren bidez demostratzeko”. Arratsaldeko 6:30etan.
  • Martxoaren 12an, osteguna, Xabier Montoia eta bere taldearen musika-emanaldia izango da. Montoiak bakarkako disketako kanten bertsioak egingo ditu eta tartean bere Bingo poema-liburuko aleak irakurriko ditu. Goizeko 11:30etan.
  • Martxoaren 13an, ostirala, Fakultateko ikasleak (Garazi Agirre, Itziar Viana eta Aitor Barrenetxak) errezitaldia egingo dute. Arratsaldeko 15:00etan, “Iluntasunetik argitara”.