Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroko diplomak banatu ditu

Atzealdea

Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroko diplomak banatu ditu

Profesionalentzako prestakuntza

Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroko diplomak banatu ditu

Nafarroako Gobernuak lagundutako ikastaroa urtarrilean abiatu zen, negozio-eredu berriak sustatuz Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko asmoarekin.

2023·07·03

$titulo.getData()


Lekaroz, 2023ko ekainaren 30ean. Mondragon Unibertsitateak diploma-banaketarekin itxi du Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroa. Urtarrilean jarri zuen abian, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, eta 11 ikaslek hartu dute parte. Ekitaldia Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroan (CEINen) egin da, Lekarozko Enpresa Campusean, hain zuzen.  Negozio-eredu berriak sustatuz Nafarroako Foru Komunitatean ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko helburuarekin sortu da ikastaroa.

 

 

Ekitaldia hasteko, bertaratutakoei ongietorria emateaz arduratu dira Amaia Pavon, programaren koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzailea, eta Alex Salaberria, Mondragon Unibertsitateko Mondragon Team Academyko irakaslea. Ondoren, ikasleek ikastaro-amaierako proiektuak aurkeztu dituzte. Lan horietan, ikus-entzunezko komunikazioaren arloan gaur egun dauden erronkei erantzun diete. Askotariko proiektuak aurkeztu dituzte; hona hemen adibide batzuk: Xabi Iriartek euskarazko podcast-proposamen bat landu du, Garaxi Tabernak film bateko ekoizpen-plana eta negozio-eredua aztertu ditu, Ali Urrusolok ikuslea fikzio berrien protagonista bilakatzen duen zuzeneko zinema-proiektua aurkeztu du, David del Briok proposamen berritzailea erabili du fikzio-formatuen eredu berriak ikertzeko, Unai Portillak ikastaroan ikasitako metodologiak erabili ditu Aretxabaletako komunikazioko campusaren negozio-eredua birpentsatzeko eta Oihane Agirrek, Unai ikaskidearen ildo beretik, Pentagrowth metodologia erabili du Goiena Komunikazio Taldearen ikus-entzunezko atalaren etorkizuneko erronkak azaltzeko.

 

Lanak aurkeztu ondoren, diplomak banatuz amaitu da ekitaldia, Amaia Pavonen eta Izaskun Goñiren eskutik. Goñi Nafarroako Gobernuko Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko jarduneko zuzendari nagusia da. 

 

Sektorea bultzatzea

Premia jakin batzuek sorrarazi dute titulua. Alde batetik, gaur egun Nafarroan eskaintzen ez den ezagutzaz hornitu nahi da ikus-entzunezkoen sektorea, arlo horretako enpresa-sarea indartzeko. Izan ere, Nafarroako eskualde batzuetan —hala nola Baztanen— gero eta munta handiagoko filmaketak egiten dira gaur egun. Dena dela, titulua Nafarroako ikus-entzunezko sektorearen testuinguruan badago ere, programa pertsona interesdun guztientzat dago zabalik, betiere ikus-entzunezkoen sektorean ekiteko edo berritzeko asmoa badute.