Balio eta identitate kooperatiboan sakontzen jarraitzeko helburua azpimarratu du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak bere 25. urteurrenean
Balio eta identitate kooperatiboan sakontzen jarraitzeko helburua azpimarratu du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak bere 25. urteurrenean
Balio eta identitate kooperatiboan sakontzen jarraitzeko helburua azpimarratu du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak bere 25. urteurrenean
Aretxabaletako IdeiEnean egindako ekitaldian 120 pertsona bildu dira. Ikertegiak azken mende laurdenean egindako lana eta etorkizuneko erronkak azpimarratu ditu.
LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak mende laurdena ospatzeko ekitaldia egin du Aretxabaletako IdeiEnean. 120 pertsona bildu dituen ekitaldian Ainara Udaondo, LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren zuzendariak, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Xabier Egibar Laboral Kutxako zuzendari nagusiak parte hartu dute.
Urte horietan zehar egindako lana aitortzeko balio izan arren, aurrera begira dituzten erronkei begira jartzeko aukera izan da ekitaldia. Azken horren garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, Ipiñak ekitaldia “komunitate baten memoria eta etorkizunaren ospakizuna” bezala definitu duenean.
Hezkuntzaren bitartez, kooperatibismoa eta identitatea indartu
Orain dela 25 urte, kooperatibismoa indartu beharra zegoela ikusita, sortu zen LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia eta azken mende laurdenean norabide horretan egin du lan.
Gaur egun bi helburu nagusi ditu ikertegiak: alde batetik, unibertsitateko ezagutza eta kooperatiben praktika uztartzea eta, bestetik, bertako eta kanpoko errealitatean eragitea hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza eta zabalkundearen bitartez.
Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa izan da ikertegiak kooperatibekin izandako gertutasuna eta harreman estua. Udaondok adierazi duen bezala, “kooperatibentzat klabe izan diren momentuetan argia eman dugu ikerketaren bidez eta gero, hori, kooperatibatara itzuli dugu hezkuntzaren bidez”.
Ildo beretik aritu da Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea adierazterakoan LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren “ekarpen handiena izan dela kooperatibismoaren sustraiak, balioak eta zentzua modu zientifiko eta sistematikoan aztertzea eta birplanteatzea”. Ikuspegi horrekin ere bat etorri da Egibar azpimarratzerakoan ikerketarik gabe, kooperatibismoak errepikapenean geratzeko arriskua duela. “Ikerketarekin, berriz, proiektu bizia bihurtzen da, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai da”, gaineratu du.
Egungo eta lehengo kideei omenaldia
Ikertegiak aurrera begira izango dituen erronkak azpimarratzeaz gain, ekitaldia LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren kide izan direnei omenaldia egiteko ere balio izan du eta ekitaldian proiektuaren parte izan diren pertsona guztiak gogoratu dituzte.
Ekitaldiaren argazki galeria
