Itsas plastikoaren sektoreak Euskadirentzat dituen negozio-aukerak identifikatu ditu Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea-MIKek

Atzealdea

Itsas plastikoaren sektoreak Euskadirentzat dituen negozio-aukerak identifikatu ditu Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea-MIKek

Proiektua

Itsas plastikoaren sektoreak Euskadirentzat dituen negozio-aukerak identifikatu ditu Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea-MIKek

Helburua: Euskadi goraka doan ekonomia urdinaren sektoreko buru izatea

2021·05·14

$titulo.getData()


Munduko material plastikoen produkzioa 348 milioi tonatik gorakoa da urtean. Kopuru horretatik, 12 milioi tona ozeanora iristen da. Mac Arthur Fundazioak 2020an egindako txostenaren arabera, 2040rako itsasora urtean botako diren hondakinak —batez ere plastikoak— 29 milioi tona baino gehiago izango dira. Egoera ez da hobea gure ingurunean. Euskal kostaldean 50.000 tona plastiko baino gehiago daude itsasoan eta ibaietan. Ezer egin ezean, litekeena da 2050erako arrain baino plastiko gehiago izatea ozeanoan, gizakiak gero eta hondakin gehiago botatzen baititu itsasora.

Planetako azken erreserba arriskuan jartzen duen panorama samingarri horretatik, ordea, itxaropenerako bidea irekitzen duen euskal ekimen bat sortu da, itsasoan dagoen plastikoaren inguruko negozio-aukerak aztertuko dituena, itsasoak garbitzeko eta leheneratzeko asmoz, baita Euskadin jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko ere. Goraka doan sektorea da, ekonomia zirkularreko sistema berri baten bidez isurpenak saihestea eta hondakinak berreskuratzea eta birziklatzea helburu duena. Ekonomia urdina deritzo horri. Euskadik aukera handiak ditu sektore berriko aurreneko postuetan kokatzeko, duen lehengai ugaria eta ahalmen industriala eta teknologikoa direla eta. Datuek hala egiaztatzen dute. NBEk egin berria duen azterketa baten arabera, goraka doan ekonomia urdinak dagoeneko 3.000 milioi pertsonari ematen die enplegua, eta munduko BPGd-aren % 5 sortzen du. Bestalde, Europako Batzordearen arabera, ekonomia urdinak 5,4 milioi lanpostu eta ia 500.000 milioi euroko balio erantsia ematen du urtean, baina hurrengo hamarkadan 7 milioi langilera iritsi liteke enplegua. 

Ecofish proiektua

Mundu-mailako testuinguru horretan eta goraka doan ekonomia urdin hori aintzat hartuta, argia ikusi zuen iaz Ecofish proiektuak. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea-MIK Enpresa Kudeaketako Teknologia Zentroa da proiektuaren buru, eta Uraren Euskal Agentzia (URA) eta Itsasplanet, Itsas Turismoko Esperimentazio Zentroa, ditu laguntzaile. Proiektuaren lehen faseko emaitzak gaur aurkeztu dira, Bilbao Berrikuntza Faktorian egindako jardunaldi batean. Bertan izan da Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburua, euskal enpresa eta erakundeetako beste hizlari batzuekin batera. Honako gai hauek jorratu dituzte: euskal kostaldeko plastiko-kutsaduraren arazoa, itsas plastikoa arrantzatzeak eta berrerabiltzeak sorrarazten dituzten merkatu-aukerak, eta euskal industrian dagoen plastiko birziklatuaren eskari berria. Horrez gain, Ecofish proiektuaren emaitzak ere aurkeztu dituzte.

Ecofish proiektuaren lehen fasea 2020an gauzatu zen. Horren bidez, negozio-aukerak identifikatu ziren Euskadiko itsas plastikoaren inguruan. Horretarako, nazioarteko teknologia- eta negozio-joerak aztertu ziren, bai eta Euskadiko proiektuak ere. Guztira 14 proiektu ekintzaile lehenetsi dira epe laburrera abian jartzeko. Balio-kate osoari dagozkion proiektuak dira: plastiko-hondakinak identifikatzea, berreskuratu edo arrantzatzea, garraiatzea, hautatu eta garbitzea, prozesatzea, banatzea eta merkatuan jartzea. 

Enpresagintza Fakultatea-MIKetik adierazi dutenez, «nahitaezkoa da balio-kate berria ezartzea, honako eragile hauek guztiak tartean sartuz: itsasoko plastikoa aurkitzeko eta berreskuratzeko gai direnak (zerbitzu aurreratuetako enpresak eta arrantzaleak), itsas hondakin horiek eraldatzeko eta baliabide berri bat bihurtzeko gai direnak (teknologiaren eta birziklatzearen sektoreak), eta baliabide hori industria batzuetako lehengai gisa erabil dezaketenak (packaginga, eraikuntza, automobilgintza eta abar). Era berean, funtsezkoa da herritarrak egoera horren inguruan sentsibilizatzea, prebentzio-ekintzen bidez isurpen horiek saihesteko».

Ecofish proiektua aukera garrantzitsua da goraka doan ekonomia urdinaren sektore horretako abangoardian kokatzeko Euskadi, honako abantaila hauek dituelako: «lehengai ugaria, merkatu berrian lehiatzeko gaitasuna duen ahalmen industriala eta teknologikoa, eta beste leku batzuetan erreferenteak izan daitezkeen soluzioak asmatu eta garatzeko talentua», azaldu dute Enpresagintza Fakultatea-MIKetik. 

Amaia Barredo sailburuordeak nabarmendu du garrantzitsua dela «ECOFISH bezalako proiektuetan parte hartzea, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan aurrera eginez eta sakonduz», helburu honekin: «Gizarte zibila inplikatzea itsasoko eta ibaiko kutsadura arintzeko soluzioen bilaketan, Euskadi hartzen ari den gainerako neurriekin lerrokatuta, itsas ingurunean dauden hondakinak berreskuratzea eta berrerabiltzea negozio-eredu eta enplegu-eredu erakargarria izan dadin». Ildo horretan, 2030erako Hondakinen Plan Berrian sartuko diren hainbat neurri eta ekintza planifikatzen ari da Euskadi. Neurri horien artean dago makroplastiko eta mikroplastikoen bidezko itsasoko eta ibaiertzeko kutsadura monitorizatzeko sistema bat ezartzea, edo itsasotik eta kostaldetik berreskuratutako plastikoen birziklapena aztertzea.

Enpresa berriak

Ecofish harremanetan jarri da jada sentsibilizatutako 30 enpresa eta ekintzailerekin, balio-kate berriaren bidez identifikatutako negozio-lerro horien sustatzaileak izan daitezen. Horrek, beharbada, oinarri teknologikoa duten enpresa berriak eta lanpostuak sortzea ekarriko du. Sustatzaileen ustez, beraz, proiektuak balio-kate berria aktiba dezake eremu pribatutik, Euskadiko ibaiak eta itsasoa hondakin plastikoez garbitzearen ingurumen-arazoa konpontzeko ekimen publikoekin osagarriak izan daitezkeenak.

Gainera, beharrezko laguntza-mekanismoak identifikatu dira proiektuetarako. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea-MIKek diseinatutako laguntza-mekanismo horiek jardueren bidez antolatu dira eta horietan hainbat proiektutako sustatzaileek hartuko dute parte, baita proiektu bakoitzerako espezifikoak diren beste batzuek ere. Horrela, bermatu ahal izango da balio-kate berriak zentzua izatea eta eratutako sustatzaileen komunitatea/ekosistema ez dela sakabanatuko konexiorik gabeko banakako proiektuetan.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea-MIKek Ecofishen duen inplikazioak bermatu egiten du Euskadiko itsas plastikoaren sektore berrian arrakastaz frogaturiko metodologia bat aplikatuko dela. Negozio-ekosistemen kontzeptualizazioa, diseinua eta garapena oinarri duen metodologia hori Bilbao Berrikuntza Faktorian (gizarte-berrikuntza) nahiz Bilbao AS Fabriken (euskal industriaren eraldaketa digitalerako zerbitzu aurreratuak) frogatu da.