Kutxa Bira ekimena iritsi da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera

Atzera

Kutxa Bira ekimena iritsi da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera

GBL

Kutxa Bira ekimena iritsi da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera

Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle talde batek ekimenaren alde egindako Gradu Bukaera Lanaren aurkezpena baliatu du Fakultateko mezua kutxan sartzeko.

2021·06·04

$titulo.getData()


Kutxa Bira ekimeneko kutxa Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera iritsi da, gaur, ekainak 4. Aretxabaletako campusean egindako ekitaldian, Fakultateak bere ametsa zekarren testua sartu du kutxan. 

 

Berez, Kutxa Bira ekimena maiatzaren 30ean amaitu zen Seguran, baina Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko bi ikaslek kutxa Fakultatera ekarri dute, gaur, Kimu Berri ekitaldira (Kimu Berri ekitaldian saritzen dira Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek egindako Gradu Bukaera Lan onenak). Hain zuzen ere, Amaia Renobales eta Iban Garcia ikasleek ekimenaren jarraipen osoa egin dute beraien Gradu Bukaerako Lanean (GBL).

 

Iparra Hegoa elkarteak antolatu du Kutxa Bira ekitaldia. Elkarte horrek, berez, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko loturak sendotzea du helburu, eta urtero antolatzen du izen bereko aste bat, Seguran. Iaz eta aurten ezin izan dute antolatu, Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz. Ekitaldi hori eta beste hainbat antolatu gabe gelditzeak euskal kulturgintzari, euskarari eta euskal herritarren arteko harremanei kalte egin dielako kezkarekin, Kutxa Bira ekitaldia prestatu zuten, Baionako Bernat Etxepare lizeoarekin batera. 

 

Kutxa herriz herri ibili da azken hilabeteetan, martxoaren 20an Patagoniatik (Argentina) abiatu ondoren. Euskal Herriko lurralde osoko 70 herri baino gehiagotik pasatu da. Herri bakoitzean, bertako elkarte edo mugimendu batek egin dio harrera, eta kutxaren barruan sartu dute amets mezu bat.

 

Iban Garcia eta Amaia Renobales ikasleek kutxaren ibilbidea jarraitu dute. Ikasleek bideoak grabatu dituzte eta makina bat elkarrizketa egin dituzte dokumental batean jasotzeko. Beren GBLa aurkezteko, kutxa bera ekarri dute Kimu Berri ekitaldira.

 

Aretxabaletako ekitaldian, bertsoak kantatu, aurreskua dantzatu eta Fakultatearen mezua sartu dute kutxaren barruan. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen mezuak jaso du herrigintzaren eta euskararen hedapenaren ezinbesteko katebegia izaten jarraitzeko asmoa.