Kulturartekotasunaz eta elkarbizitzaz aritzeko seigarren jardunaldia egingo da Eskoriatzan abenduaren 12an

Atzealdea

Kulturartekotasunaz eta elkarbizitzaz aritzeko seigarren jardunaldia egingo da Eskoriatzan abenduaren 12an

Jardunaldia

Kulturartekotasunaz eta elkarbizitzaz aritzeko seigarren jardunaldia egingo da Eskoriatzan abenduaren 12an

Kulturarteko jardunaldiaren seigarren edizioa izango da abenduaren 12an egingo dena. Hizkuntza izan da aurreko edizioetako gai-ardatza; aurten, 'Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka' izango da jardunaldiaren izenburua. Adituen hitzaldiak eta irakasleen, familien eta ikasleen ahotsak jasoko ditu egitarauak.

2025·11·17

$titulo.getData()


 

Izen-ematea: 'Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka'

 

Seigarrenez egingo da kulturarteko jardunaldia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean. Abenduaren 12an egingo den jardunaldiak ‘'Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka'’ izango du izenburu moduan, eta ikastetxeetan egunerokoan izaten diren arrazakeria egoerak izango dira ardatzean.

 

Seigarren edizioaren asmo nagusia horrela azaldu du talde antolatzaileak: “Ikastetxeetan arrazakeria egoerak gertatzen dira maiz. Pertsona askorentzat oharkabean pasatzen dira edo garrantzi gutxikotzat hartzen dira, baina jasaten dituztenen bizitzetan eragin handia dute. Zein esparrutan? Ikasleen arteko harremanetan, irakasle-ikasle harremanetan, irakasle-guraso harremanetan, gurasoen arteko harremanetan, materialetan, curriculumean, espektatibetan, gatazken trataeran… Hezkuntzako komunitateko partaideok gai al gara egoera horiek identifikatzeko eta erantzuna emateko? Zer da ikasi behar duguna eta nola ikasi?”. Jardunaldi honen helburua zalantzak eta erronkak partekatzea eta gogoeta egitea izango da.

 

Seigarren edizioa

Hizkuntza, kulturartekotasuna, ekitatea eta elkarbizitza izan dira aurreko edizioetako gai-ardatzak; aurten, hezkuntza komunitatean gertatzen diren eguneroko arrazakeria egoeretan jarriko dugu arreta. Egitarauak irakasleen, gurasoen eta ikasleak izandakoen ahotsak jasoko ditu, baita adituen hitzaldiak ere.

 

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariek sarrera egin ondoren, bi mahai-inguru antolatu dira. Lehenengoan, zenbait irakaslek eta ikasle izandakoek gogoetak partekatuko dituzte (Lexuri Bergara Elu, Hanane El fakiri El basri, Ane Zelaia, Mikel Henda Gomez de Segura Abrantes). Bigarren mahai inguruan, guraso eta ikasleen bizipenak eta hausnarketak bilduko dira Siham Houllich Azdiahmed, Milouda Maaroufi, Mamadou Sarr, Paloma Martínez Pérezen ahotan. Horrez gain, hitzaldia emango du Jeanne Rolande Dacougna Minkette ikerlari eta aktibista antiarrazista eta dekolonialak. Jardunaldian izena eman daiteke abenduaren 10era bitartean, izen-emate orria beteta.

 

Aldi bereko itzulpena egongo da euskaratik gaztelaniara.

 

Egitaraua

 

08:45 Harrera

09:00 Agurra Iñaki Larrea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia zuzendaria.

09:15 Sarrera. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak

Hizlariak: Ane Urizar Zugazagoitia eta Sara Jimenez de Aberasturi Zapatero.

10:00 Mahai-ingurua I. Irakasleak eta ikasleak izandakoak

Hizlariak: Lexuri Bergara Elu, Hanane El fakiri El basri, Ane Zelaia, Mikel Henda Gomez de Segura Abrantes.

11:00 Gogoeta partekatua. Zein da gure esperientzia eta hausnarketa?

11:30 Atsedena

12:00 Mahai-ingurua II. Gurasoen ahotsak

Hizlariak: Siham Houllich Azdiahmed, Milouda Maaroufi, Mamadou Sarr, Paloma Martínez Pérez

13:00 Hitzaldia: Egiturazko arrazakeria hezkuntza-komunitatean: eguneroko adierazpenak eta deskolonizaziorako eta ekitaterako estrategiak

Hizlaria: Jeanne Rolande Dacougna Minkette (ikerlari eta aktibista feminista, antiarrazista eta dekoloniala)  

14:00 Ondorioak eta itxiera


Unibertsitatea baino gehiago gara