Ikastetxeetako arrazakeria egoerak aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian
Ikastetxeetako arrazakeria egoerak aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian
Ikastetxeetako arrazakeria egoerak aztergai Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian
Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean egin den seigarren kulturarteko jardunaldian ikastetxeetan egunero gertatzen diren arrazakeria egoerei erreparatu diete arreta bertaratu diren 100 parte-hartzaileek. Ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoak eta ikasleak elkartu dira jardunaldian.

Seigarrenez egin da kulturarteko jardunaldia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean. ‘Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka’ izenburupean ikastetxeetan egunerokoan izaten diren arrazakeria egoerak izan dira aztergai. Iñaki Larrea Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia zuzendariak ireki du jardunaldia. Ondoren, gaiari begirako kokatze-hitzaldia egin dute Ane Urizar eta Sara Jimenez de Aberasturi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariek.
Ane Urizar Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak adibideetatatik abiatu du bere hitzaldia, ikasle arrazializatuek ikastetxean jasandako arrazakeria egoeren testigantzak aletuz: “Ahots hauek ekarri ditugu identitate pluralaren eraikuntzaz hitz egiteko. Garrantzitsua da identitate pluralaz hitz egitea, gaur egun bertako sentiarazten ez ditugun ikasleak sentitu ahal izan daitezen bertako, jatorriko identitateari uko egin gabe”. Hezkuntza-eragileek eta irakasleek ikastetxeetan lanketa hori propio egitearen garrantzia aldarrikatu du Urizarrek: “Aholkularitza prozesuetan ohartu gara lanketa esplizitua egin ezean ez duela inpakturik gazte horien ongizatean”. Hezkuntzan kontuan izan beharreko hainbat gako ere jarri ditu mahai gainean Urizarrek: “Identitate-eraikuntzak zauriak izendatzea eta aitortzea eskatzen duela ohartu behar gara, paralelismoak ulertu behar dira eta elkarren arteko topaketa sustatu behar da, “pluralizatu” behar dugu, baina gure egoera minorizatuaren kontzientziatik, eta azkenik, euskararen papera indartu behar dugu integrazioan eta pertenentzian”. Hainbat diskurtsori aurre egiteko beharra ere azpimarratu du: “Diskurtso batzuek euskara eta etorkinak aurrez aurre kokatzen dituzte, antagonismoan. Konplize posibleak etsai bihurtzen ditu diskurtso horrek”. Era berean, Urizarren arabera, irakasleek badute formakuntza espezifikoa jasotzeko beharra, erronka hauei erantzun ahal izateko.
Sara Jimenez de Aberasturi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak azpimarratu du “asmo onak” ez direla nahikoa, eta arrazista ez izatea baino, antiarrazista izatea dagokiela hezkuntza-eragileei: “Pribilegioetaz hausnartzea dagokigu, arau bezala kokatzen gaituen sisteman batean sozializatuak izan gara, eta ez dugu nahikoa landu zuri izateak eskaintzen digun pribilegioa. Ispiluaren aurrean jarri behar gara, eta gure buruari galdetu behar diogu ea irakaskuntzan nola eragiten duen gure zuritasunak”. Paulo Freire pedagogoaren aipu batekin itxi du hitzaldia Jimenez de Aberasturik: “Ez dago jarrera neutrorik, askatasunaren edo dominazioaren alde hezten dugu”.
Irakasleen, ikasleen, familien eta adituen ahotsak
Sarrera-hitzaldiaren ostean, Lexuri Bergara Elu, Hanane El fakiri El basri, Ane Zelaia eta Mikel Henda Gomez de Segura Abrantes aritu dira mahai inguruan, Marta Quintas Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak gidatuta. Ikasketa-ibilbidean zein irakasle moduan egunerokoan bizi izan dituzten edo identifikatzen dituzten arrazakeria egoerez eta arrazakeria sistemikoaz aritu dira parte-hartzaileak. Irakasleen formakuntzan arrazakeriari buruzko edukiak propio lantzea beharrezkotzat jo dute, baita erreferenteak izatearen beharra ere.
Taldeka batu dira bertaratutakoak, lehen zatian jasotako gogoetei buruzko iritziak partekatzeko, eta atsedenaren ostean, familien ahotsak jasotzeko mahai ingurua egin dute Sara Jimenez de Aberasturi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak gidatuta. Mahai inguruan, Siham Houllich Azdiahmed, Milouda Maaroufi, Mamadou Sarr eta Paloma Martínez Pérezek guraso moduan hezkuntza-eragileekin izandako harremanaz hausnartu dute.
Jardunaldiari bukaera Jeanne Rolande Dacougna Minkettek eman dio. Ikerlari eta aktibista feminista, antiarrazista eta dekolonialak 'Egiturazko arrazakeria hezkuntza-komunitatean: eguneroko adierazpenak eta deskolonizaziorako eta ekitaterako estrategiak' hitzaldia eskaini du. Arrazakeria eguneroko arlo guztiei eta harreman guztiei eragiten dien egitura dela azalduta, arrazakeria instituzionalean eta sozialean jarri du azpimarra. Hezkuntza arloari dagokionez, adituak azpimarratu du eskolaren helburua ikasleen emantzipazioa sustatzea dela, baina, sistemaren parte izanik, arrazakeria errepikatzen duela: "Badirudi ikasle arrazializatuen ghettoak daudela, baina ez, ikasle aberats zurien ghettoak ere badaude. Haurrek nahastu egin behar dute ikasteko eta errealitate ezberdinak ezagutzeko. Eskolako arrazakeria segregazioan, curriculumean eta materialean, irakasleen itxaropenetan, hezkuntza-orientazioan, familiekiko harremanean eta bullying arrazistan agertzen da". Jeanne Rolande Dacougna Minkettek Pigmalion efektuari buruz hausnartu du, eta salatu du ikasle arrazializatuak Lanbide Heziketara zuzentzen direla, ikasle ez arrazializatuak baino gehiago: "Lanbide Heziketa ona bada, guztientzat ona izan dadila, ez dadila segregatzeko erabili".
Neurriak hartzearen aldeko aldarria egin du adituak: "Ikasleen banaketa ekitatiboa egin behar dugu, ikastetxeek harrera-protokoloak eta arrazakeriaren aurkako protokoloak izan behar dituzte, curriculuma eta materiala egokitu behar ditugu arrazakeria elikatu ez dezaten; gizon zuri eta hil gehiegi ditugu liburuetan". Irakasleei dagokienez, Jeanne Rolande Dacougna Minkettek arrazakeriaren aurkako prestakuntzaren beharra aldarrikatu du hezkuntza-etapa guztietan: "Graduan, irakasletzarako masterrean, etengabeko prestakuntzan, irakasleak prestatu egin behar dira egoera arrazista horiei aurre egiteko".
