Dena prest ekainaren 15ean egingo den Kooperatibagintzan Topaketarako

Atzealdea

Dena prest ekainaren 15ean egingo den Kooperatibagintzan Topaketarako

Kooperatibismoa

Dena prest ekainaren 15ean egingo den Kooperatibagintzan Topaketarako

Ekitaldia izango da Eskoriatzako campusean, “Kooperatibak gizarte-eraldaketaren ekinbidean berritzen” lelopean.

2018·06·14

$titulo.getData()


Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak urtero antolatzen duen Kooperatibagintzan Topaketaren seigarren edizioa ekainaren 15ean, ostiralean, egingo da, Eskoriatzako campusean. Ekitaldia 09:00etatik 14:00etara izango da eta honako izenburu hau izango du: “Kooperatibak gizarte-eraldaketaren ekinbidean berritzen”. Kooperatibismoaren eta gizarte-eraldaketaren alorretako esperientziak trukatzea eta jardunbide berritzaileak ezagutzea izango dira jardunaldiaren helburuak. 

Topaketa 09:00etan hasiko da, Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxaren eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarien ongietorriko hitzekin. Ondoren, Patrick Duguayk, Quebeceko Chantier de l´Économie Sociale erakundeko lehendakariak, eta Ana Moreno Romerok, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Erakunde Iraunkorren Ikerketa Taldeko koordinatzaileak, hitz egingo dute. 

Atsedenaldiaren ostean (12:00etatik 13:30era), lurraldeko zazpi kooperatibatako (tartean Eroski, Mayer eta Fagor) ordezkariek euren enpresetan gizarte-eraldaketaren arloan aurrera daramatzaten esperientzia berritzaileak azalduko dizkiete bertaratuei.

Kooperatibismoari buruzko Jardunaldia publikoari irekia eta doakoa izango da. Izena emateko, honako inprimaki hau bete behar da: https://goo.gl/forms/s9RZ5BP68FG85mhF3.
Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du jardunaldiak.

Hizlarien curriculuma
Patrick Duguay

Quebeceko Outaouais-Laurentides eskualdeetako Eskualde Garapenerako Kooperatibako zuzendari kudeatzailea da Patrick Duguay. Horrez gain, Quebeceko Gizarte Inbertsioen Sareko (RISQ) eta Chantier de l´Économie Sociale erakundeko lehendakaria da.

Ana Moreno
Ana Moreno industria-ingeniaria da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Industria Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan (ETSII-UPM) eta Gizarte eta Erakunde Psikologian doktorea Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN). Horrez gain, aholkulari exekutiboa da, graduondoko prestakuntza ematen du Industriales Escuela de Negocios (IEN), ESCP eta Cepade eskoletan eta Erakunde Iraunkorren Ikerketa Taldea (GIOS) koordinatzen du.