10 kooperatibatako 18 ordezkarik hartuko dute parte Kooperatibagintzan aditu tituluaren 19. edizioan
10 kooperatibatako 18 ordezkarik hartuko dute parte Kooperatibagintzan aditu tituluaren 19. edizioan
10 kooperatibatako 18 ordezkarik hartuko dute parte Kooperatibagintzan aditu tituluaren 19. edizioan
Kooperatibismoaren arloan erreferentziazkoa bilakatu den ikastaro honek kooperatibetako bazkideei proiektu sozio-enpresariala garatzeko ezagutzak eta tresnak eskainiko dizkie.
Irailaren 24an eman zioten hasiera Kooperatibagintzan aditu tituluaren 19. edizioari eta, oraingoan, 10 kooperatibatatik etorritako 18 lagunek hartuko dute parte. Saio presentzialak ostegunetan izango dira, 9:00etatik 14:00etara, Eskoriatzako campusean.
19. edizio honetan, honako kooperatibetatik etorritako bazkideek hartuko dute parte: Laboral Kutxa, Erreka, Mondragon Assembly, RPK, ULMA Packaging, ULMA Handling Systems, Ausolan, Lagun Aro, Fagor Ederlan eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.
Kooperatibismoa biziberritu
Kooperatibagintzan aditu tituluak kooperatiben proiektu sozio-enpresariala indartzea du helburu, betiere, dimentsio kooperatibo edo sozialaren garapenean begirada jarriz. Horretarako, ikasturtean, errealitate kooperatiboa ulertu eta aztertzeko, ezagutza teoriko-praktiko sendoa jasoko dute ikasleek.
Gainera, elkarlana eta bizipenak trukatuta, beste kooperatibetako esperientziak ezagutzeko eta horien gaineko hausnarketa egiteko aukera izango dute. Oso metodologia praktikoa du ikastaroak: aurkezpenak, hitzaldiak, eztabaidak, mintegiak… Ikastaroa borobiltzeko, parte-hartzaileek ikastaro amaierako proiektu praktikoa egingo dute.
Erreferentziazko ikastaroa
Kooperatibisten eta kudeaketa organoetako kideen formazioan erreferente bilakatu den ikastaro hau Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia eta Mondragon Taldeko Otalora formazio zentroaren artean antolatuta dago.
