Jon Ortegak Ekonomistak 2025 saria jaso du Mondragon Unibertsitateko TFG onenari
Jon Ortegak Ekonomistak 2025 saria jaso du Mondragon Unibertsitateko TFG onenari
Jon Ortegak Ekonomistak 2025 saria jaso du Mondragon Unibertsitateko TFG onenari
Adimen Artifizialaren bidez trenbideetako puntu-hodeietan objektuak segmentatzeari buruzko Gradu Amaierako Lanak aitortza jaso du, maila tekniko eta metodologiko handia eta benetako enpresa-arazo bati emandako aplikazio praktikoa direla eta

Jon Ortega Uzquiaga, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko Business Data Analytics-eko graduatuak, Ekonomistak 2025 saria jaso du Mondragon Unibertsitateko Gradu Amaierako Lan (GAL) onenari, “Segmentación de Objetos en Nubes de Puntos Ferroviarias con Inteligencia Artificial” proiektuagatik.
Sari-banaketa AS Fabrikeko Bilboko egoitzan egin zen. Bertan, Cristina Andrés Urartek, Euskal Ekonomisten Elkargoaren – Ekonomistak izenean, saria eman zion Jon Ortegari. Ekitaldian Lander Beloki Mendizabal Enpresagintza Fakultateko dekanoak eta Mondragon Unibertsitateko zein lanbide-arloko beste ordezkari batzuek ere parte hartu zuten.
Epaimahaiak bereziki nabarmendu du lanaren maila tekniko eta metodologiko handia, batez ere algoritmiaren eta datuen analisiaren esparruetan. Proiektuak benetako enpresa-arazo bati heltzen dio, ikuspegi praktiko batetik, Adimen Artifizialeko teknikak erabiliz.
Proposamenak, gainera, eraginkortasunean, berrikuntzan eta balio-sorkuntzan izan dezakeen eragina nabarmentzen du, baita ekonomia- eta enpresa-arloetako beste aplikazio batzuetara transferitzeko duen potentziala ere.
Epaimahaiak bereziki baloratu du proiektuaren izaera berritzailea eta Data Analytics eta datuen kudeaketa aurreratua bezalako joera emergenteekin duen lotura. Arlo horiek aukera profesional berriak irekitzen ari dira ekonomia eta enpresa arloko profesionalen belaunaldi berrientzat.
TFGtik harago jarraitu duen proiektua
Jon Ortegaren lanaren ezaugarri berezietako bat da haren garapenak Gradu Amaierako Lana amaitu ondoren ere jarraipena izan duela. Proiektuan egindako ikerketa eta prototipatze-lanek ondorengo garapenarekin jarraitu dute, benetako aplikazio eta inpaktuetara bideratuta.
We Are Clickers enpresarekin batera garatutako proiektuak, horrela, unibertsitateko lan akademikoek unibertsitate-esparrua gainditu eta enpresa-ingurunean aplikazio praktikoak dituzten ekimen bihurtzeko duten gaitasuna erakusten du.
Aitortza honek, halaber, Enpresagintza Fakultateak enpresen benetako erronkei lotutako prestakuntzaren alde egiten duen apustua azpimarratzen du. Testuinguru horretan, Adimen Artifizialak, datuen analisiak eta berrikuntza teknologikoak gero eta garrantzi handiagoa dute.
Enpresagintza Fakultatetik Jon Ortega zoriondu nahi dugu jasotako aitortzagatik eta ezagutza, berrikuntza teknologikoa eta enpresa-aplikazioa uztartzen dituen proiektu honen balioa nabarmendu nahi dugu.
Ekonomistak 2025 saria LABORAL Kutxaren babesarekin eman da.
Zorionak, Jon!
