Itziar Arregi: “Umearen garapenean ez ezik, jolasa ezinbestekoa da animali espezie gehienen garapenean ere”

Atzealdea

Itziar Arregi: “Umearen garapenean ez ezik, jolasa ezinbestekoa da animali espezie gehienen garapenean ere”

ELKARRIZKETA

Itziar Arregi: “Umearen garapenean ez ezik, jolasa ezinbestekoa da animali espezie gehienen garapenean ere”

Cum laude kalifikazioa lortu zuen Itziar Arregik pasa de uztailean aurkeztutako "2-6 adin tarteko haurren jolas libreari buruzko kasu azterketa bat" tesiak.

2020·11·11

$titulo.getData()


Pasa den uztailaren 16an,  "2-6 adin tarteko haurren jolas libreari buruzko kasu azterketa bat" izeneko tesia aurkeztu zuen Itziar Arregik (Itziar, Gipuzkoa. 1977) Eskoriatzako campusean egindako ekitaldian. Cum laude kalifikazkioa lortu zuen lanak. 

 

Zer da “jolas librea”?

“Librea” umeak bere borondatez hasten eta garatzen duen jolas horri deitzen diot. “Jolas gidatua”ren kontrapuntua izango litzateke, zeina helduak proposatu eta gidatzen duen. Normalean helburu didaktikotara orientatuta egiten da jolas gidatua, jolas libreak, aldiz, umearen berezko beharrei erantzuten die. 

 

Zergatik da garrantzitsua jolas librea umearen garapenean?

Umearen garapenean ez ezik, jolasa ezinbestekoa da animali espezie gehienen garapenean ere. Ikusi da arratoiekin egindako esperimentuetan, jolasa ukatu zaien arratoien garuna txikiagoa dela. Umeek eta kumeek jolasa behar dute helduaroan beharko dituzten gaitasunak garatzeko. Aditu batzuk ohartarazten hasiak dira helduen psikopatologia askoren atzean, umearoko jolasaren dekadentzia egon daitekeela. 

 

Etapa guztietan da garrantzizkoa ala bereziki zuk aztertu duzun 2-6 urte bitarteko etapan?

Esan ohi da haurtzaroan dela beharrezkoa. Gizakiaren kasuan haurtzaroan luzeagoa da beste espezie batzuetan baino, eta jolasaren beharra ere luzatu egiten da. Argi dago 6 urtetik aurrera ere beharrezkoa dela, eta horren lekuko da eskolatik atera eta libre geratzen direnean umeei berez ateratzen zaien aktibitatea jolasa izatea. 

  

Irakasleen formazioan ematen zaio nahikoa garrantzi esparru honi?

Ikerketan parte hartu duten irakasleek esan dute hasierako formakuntzan ez zutela sakon landu, gerora joan direla bakoitza ahal zuen bidetik gaiaren inguruan prestakuntza jasotzen. Baina, oraindik ere nahiko gordin dagoen gaia da. Beste herrialde batzuetan gehiago landu ohi da, baina gurean oraindik ere erronka daukagu jolasa formakuntzan sartzearekin. 

 

Zein partehartzaile izan duzu tesia egiteko?

Tesia paradigma interpretatiboan kokatzen da, eta horren barruan kasu azterketa bat egin dut. Jolasa fenomeno unibertsala da, baina aldi berean, testuinguruari oso lotuta eta testuinguruagatik baldintzatuta azaltzen da. Horregatik, ikerketa honetan jolasa ahalik eta testuinguru natural eta errealenean aztertzen saiatu naiz: 2-6 urte arteko umeak dituen eskola publiko batetako irakasle eta haur guztiek hartu dute parte ikerketan, orotara 9 irakasle eta 159 haur izan dira. 

 

Zeintzuk dira zure tesiaren ondorio aipagarrienak?

Tesiaren helburua jolasa deskribatzea izan da, eta deskribapen horretan ikusi da jolasa adinaren arabera konplexutzen doala bai kognitiboki eta bai sozialki. Bestalde, ikusi da testuinguruari oso lotuta dagoela, eta testuinguruaren arabera, neska eta mutilen jolasak forma ezberdinak hartzen dituela. Ikusi den beste gauza bat izan da umerik zaharrenetan, bost urtekoetan, jolasak behera egiten duela, eta hori ez dator bat orain arte jolasaz ikertu denarekin edota jolasaren garapen naturalarekin. Fenomeno hori azaltzeko arreta testuinuruan jarri behar da. Haur Hezkuntzako azken urtean arrisku bat badaukagu: Lehen Hezkuntzarako prestatze nahi horretan jolasa desplazatu eta jarduera didaktikoek gain hartzekoa. 

 

Zeintzuk etorkizunerako ikerketa ildo irekitzen ditu tesiak?

Jolasa gai bezala oso zabala da, eta ate asko ditu zabalik. Ikerketa honen ostean ikusten da jolasa testuinguruari oso lotuta dagoela, eta testuinguru horren barruan ikusten ditut espazio, denbora, baliabide eta irakaslearen esku hartzeak. Zentzu honetan, testuinguruan aldaketak eginda, jolasa zertan aldatzen den ikusteak argi pixkat emango luke gaiaren inguruan, bai mundu akademikoan eta baita eskolan ere.